Bost, lau, hiru... Klisk, piztu da kamera. «Grabatzen». Isiltasuna, pausoak. Bulego txiki batera sartu dira zinemagilea eta auzitegi medikua, elkarrizketatzailea eta elkarrizketatua. Ozta-ozta sartzen dira gelan kameraria eta argi eta soinu teknikariak, posizio behartuan hirurak, eszenak argi, soinu eta irudi onenak izan ditzan. Zuzendaria hasi zaio galdezka adituari, eskuetan daraman kutxaz, kutxa barruko materialaz, material horrek jasotzen duenaz; testigantzez, torturaren milaka aztarnez. Horiek eragindako barneko krask guztiez. Horixe baita krask; torturaren biktima batek psikologikoki apurtzean entzuten duen barneko zarata. Eta Krask soinua; torturaren metodologia, sofistikazioa eta uzten duen arrastoa kontatu nahi duen dokumentalaren izenburua.
Francisco Etxeberria auzitegi medikua da elkarrizketatua, eta Ander Iriarte zinemagilea. Azken eszenak grabatzen ari da taldea, eta grabazio horren lekuko izan da BERRIA. Eta Iriarterena azalpena: «Hori da krask soinua. Birrintze hori, [torturatu] denek entzuten dutena barruan. Entzun ditugun testigantzen artean, batek gogoratzen zuen nola beste bat torturatzen ari ziren bere ondoan; bat kalabozotik atera zuten, eta izugarrizko garrasia entzun omen zuen, eta gero entzun zuen nola polizia batek beste bati esaten zion: 'Kitto'. Haiek badakite krask hori zer garrasi den, hori da bilatzen dutena. Haren ahulezia».
Dokumentalak Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) du oinarri. EHUko Euskal Kriminologia Institutuak 4.113 tortura kasu jaso zituen txostenean, eta, nolabait, lan horren making of-a izan liteke dokumentala: haren ikus-entzunezko bertsioa. Horretan oinarrituta, «lau dimentsio» bereizita osatu dute dokumentala, Iriarteren esanetan: lehena, dokumentazioa biltzen aritu direnen lana. «Herriz herriko lan bat da; adibide gisa, lokalizatuak badituzte Oiartzualdeko 30 pertsona, Oiartzualdeko kolaboratzaile bat bilatu dute, hortik mugitu daitekeena eta 30 pertsona horiek harengan konfiantza izango dutena. Haien lana ikusi nahi izan dugu, hari balioa emateko».
Beste adarretako bat da torturatuei Istanbulgo Protokoloa ezarri dieten psikologoen taldearen zeregina, tresna hori erabili ohi delako frogatzeko pertsona bat torturatu duten: «Torturak ez badu markarik uzten, oso zaila da jakitea hori egia den edo ez. Talde horrekin egon gara; ulertu dugu tortura psikologikoak nola funtzionatzen duen». Hirugarren blokean, proiektua koordinatu zuten hiru zuzendarietako birekin mintzatu dira: Paco Etxeberriarekin eta Laura Pegorekin, txostenak dioena xehatzeko. Azkenik, nazioarteko ikuspegia ere bildu dute: «Mundu mailan tortura psikologikoaren inguruko pertsona inportanteenetako batekin (Pau Perez) kontaktuan jarri gara, beste kasu batzuk ezagutzeko: islamismoaz, iheslarien kanpalekuez...».
Tratu txarren adar «sofistikatua» hartu baitute aztergai: psikologikoa, «torturaren bilakaera ere horrelakoa izan delako». Iriarteren esanetan: «Gaur egun torturatzaileek daukaten erronkarik handiena da tortura ez kaleratzea. Oraindik, jendeak tortura sinesten du soilik markak baldin badaude».
Iriartek asmakizunekin gertatzen denarekin alderatu du txostenak izan duen eta dokumentalarekin lortu nahi duten oihartzuna: «Esan ohi da bi garai daudela: asmatzen denean eta jendea erabiltzen hasten denean. Kasu hauekin antzekoa gertatzen da: hori idatzi da, baina orain lortu behar da jendeak jakitea». Izan ere, uste du «oso zaila» dela jendeak txostena irakurtzea —403 orrialdeko agiria da—: «Gu saiatzen ari gara hori gizarteratzen. Kasu honetan, nire bidaiaren bidez egin dugu, nirea erreala izan delako; ez nekien ezer, eta proiektu honen bitartez iritsi naiz jakitera dosier honek zer dioen».
Iriarteren bidaia etxean abiatzen da, Joxe Iriarte Bikila aitaren biografia irakurri eta torturari buruzko testigantza bat topatzen duenean: «Nire etxean ez da egon aitaren torturen kontzientziarik, baizik eta nik, txosten honen bitartez, ulertu dut tortura zer den, eta nire aitaren biografia ikusita, esan dut: 'Aita, zurea tortura da'». Uste du jende askok nozitu duela tortura etxean, baina «tabu» izan dela; baita ezker abertzalearen barruan ere: «Gauza bat da esatea ez dakit zenbat pertsona torturatu dituztela, manifestazio batean estatua akusatzea, eta beste bat torturaz hitz egitea. Torturaren abandonuaz. Ez da hitz egin zauriez. Eta jende asko oso izorratua egon da; batzuk, ukazioagatik, eta besteak, minagatik».
Grabazioak amaituta, muntaketa lanetan sartuko da taldea: «Material pila bat daukagu. Argi daukat bost urte kostatu zaidala proiektu hau gauzatzea, eta ez dudala hilabete bat edo birengatik presarik sartuko. Egingo dugu lasai eta ongi, behar duen mimoa emanez, eta gero erabakiko dugu zein den lekurik onena estreinatzeko eta zabaltzeko».
Tortura pantaila handian
Torturari buruzko beste dokumental batek oihartzun handia izan ondoren zabalduko da Krask soinua: gaia agendara itzularazi du Non dago Mikel?-ek. Iriarteren iritziz, horrek esan nahi du badagoela «nahi bat»: «Garaiak uzten digunean ari garela herri gisa horri erantzuten». Gainera, uste du torturaren lekukotzak azaleratzeak «gatazkaren errelatoa» aldatzen duela: «Gatazkaren aldea oso deskonpentsatua dago: batzuek min egin dute, eta besteek jaso. Baina tortura sartzen duzunean, 20.000 atxilotutatik gutxienez frogatutako 5.000 tortura kasu daudenean, seguruenik torturatuak 10.000 inguru izan direla dakigunean, horrek demostratzen du kolektibo baten aurka sistematikoki erabili dela».