Barealdiaren zakarra

Aurreko egunetan agerraldiaren aurka izandako irain eta mehatxuak alboratuta, lasai egin da ekitaldia. Intereconomiako kazetariak eragin du liskarra, amaieran.

Cake Minuesa Intereconomiako kazetaria mahaiaren aurrean, preso ohiei oihuka. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Durango
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Berotuta zetorren agerraldiaren iragarpena. Irainez, mespretxuz eta mehatxuz inguratua. Espainiako zenbait hedabidek, alderdik eta biktima elkartek jomugan jarria zuten. Debekatzeko eskaera egina. Espainiako Barne ministroak bezperan esandakoek ez zuten gauza onik iragartzen. Eta, Santiago Pedraz epaileak ekitaldia ez zuela debekatuko filtratua bazegoen ere, erabaki ofizialik ez zegoen. Edozein kasutan, poliziek agerraldia gertutik jarraitzeko agindua gutxienez espero zen.

Nahaspila horretan, ikusmina zen nagusi. EPPKren bitartekariek zein duela gutxira arte preso izanik kolektiboko kide izanda EPPKren barne hausnarketan parte hartu dutenek EPPKren agiria babestuko zutela pentsatzekoa zen. Ingurukoak ziren zalantza: nortzuek parte hartuko zuten, eta, batez ere, poliziek nola jokatuko zuten.

Uste baino lasaiago joan zen, ordea, dena, agerraldia amaitu arte behintzat. Ekitaldian parte hartuko zuten kideak goiztiarrak izan ziren. Deialdia 12:30erako egina zegoen, baina ordu eta erdi lehenago Plateruena kafe antzokian ziren. Pixkanaka iritsi ziren, barrura sartu, eta antolatzaileek ateak itxi zituzten. Guztia prest zegoenean, hitzordua baino hamar minutu lehenago, irekiko zituzten ateak komunikabideentzat, azaldu zietenez.

Liskarren bat egon zitekeelakoan edo, denbora askorekin joan ziren antzokira kazetari eta kamerak. 10:00etarako multzoa egiten hasia zen, eta gizenduz joan zen, dozenaka eta dozenaka biltzeraino. Hartzeko irudirik ez zegoen, ordea: agerraldiko partaideak Kafe Antzokiaren barruan zeuden, eta poliziarik ez zegoen agerian.

Eguerdi aldera iritsi zen epaileak ez zuela prentsaurrekoa debekatuko zioen autoa, eta antolatzaileek agindutakoa baino lehenago ireki zituzten ateak. Kame- ra eta kazetariak, pilatuta, ia bultzaka sartu ziren. Sartu, eta argazkiak zein bideo irudiak hartzeko tarte luzea izan zuten.

Lasai hasi zen agerraldia, ez zutela inor mindu nahi abisu emanda. Gai irristakorrean labaindu nahi ez, eta adierazpenen berri eman ondoren ez zutela galderarik erantzungo jakinarazi zuten.

Bare joan zen agerraldi osoa, amaitu eta pertsona bat kazetarien artetik altxatu zen arte. «Kolektiboak ez du barkamenik eskatuko?». Ez zutela galderarik erantzungo errepikatu zuten antola- tzaileek, baina kazetaria ez zen isildu. Gero eta ozenago jardun zuen, luze, preso ohiak eta bitartekariak zeuden lekuraino joanda. Oihuka amaitu zuen. «Oso ondo iruditzen zait kaleratu izana, baina barkamena eskatu behar da, eta armak entregatu!».«Hemen 1.500 kartzela urte daudela esan duzue, baina 309 biktima ere badituzue! Ez duzue ezer esateko?». Prentsaurrekoa amaituta zegoela errepikatu eta joateko eskatu zioten deitzaileek behin eta berriz. Kosta zitzaien, baina etsi zuen. Cake Minuesa zen, Intereconomia kateko kazetaria, duela gutxi Nafarroan D ereduaren aurkako jazarpen kanpainan Iturrama ikastetxean kamera ezkutuarekin grabatzen aritu zen bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.