Bardeako Tiro Eremuaren aurkako manifestazioa eginen dute gaur Tuteran (Nafarroa), Bardea Libre plataformak deituta. Plataformako kide Iñigo Juradoren esanetan, ez dute nahi «gerrak prestatzeko azpiegiturarik, ez hemen, ez inon». 12:00etan abiatuko da protesta, Erriberako hiriburuko Foruen plazatik, Bardeak libre! Herriak erabaki lelopean.
Bardeako naturgune babestua tiro eremu gisa erabiltzeko kontratua dago mobilizazio honen oinarrian. Izan ere, azken hitzarmena 2008. urtean sinatu zuten Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiak eta Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioak, 210 milioi euroren truke. Datorren abenduaren 31rekin batera, kontratu hori modu automatikoan berrituko da, beste hamar urtez.
Aldaketa bakarra Bardeako Komunitateko erakundeek jasoko duten ordainaren kopurua izanen da: bikoiztu eginen dute diru poltsa. Hala, 2008tik gaurdaino, urtean zazpi milioi euro jaso dituzte Bardeako Komunitatea osatzen duten hemeretzi udalerriek, Erronkariko eta Zaraitzuko ibarrek eta Olivako monasterioko monjeek. Aurrerantzean, berriz, 14 milioi euro jasoko dituzte. Bardea Libre taldeak salatu duenez, 108.000 euro inguru egokituko zaizkio bakoitzari. Tiro eremuaren etorkizuna 22 erakunde horien menpe ez, herritarren esku egon beharko litzatekeela aldarrikatzen du plataformak.
Ariketak «ia egunero»
Bardeako tiro eremua 1951. urtetik dago martxan. Ordutik, Espainiako Armadak erabili du nagusiki, munizio errealarekin ariketa militarrak egiteko, baina hango militarrez gainera, NATOk ere ariketak egin izan ditu Erriberan.
Bardea Libre plataformako kideek salatu dute ariketak gero eta ugariagoak direla, eta Bardeako Komunitateak ez duela horien berri ematen. «Egunero ari dira maniobrak egiten, Bardeako Komunitatearen webgunean edo hedabideetan jarduera horren berri ematen ez badute ere», adierazi dio Iñigo Juradok Nafarroako Hitza astekariari.
Bardeako Tiro Eremuaren aurkako manifestazioa, gaur
Tuterako Foruen plazatik abiatuko da protesta, 'Herriak erabaki' lelopean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu