Militarismoa Euskal Herrian. Bardeako tiro eremua

Bardeako bonbak, gerren hitzaurre

Europako entrenamendu gune militar handiena Nafarroan dago: Bardeako tiro eremua. 1951tik, NATOko kideek han probatzen dute gatazka armatuetan erabiliko duten munizioa.

Bardeako tiro eremurako sarbidea, Arguedas herrian. J. MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bonba bat Sirian, lurretik airerako misil bat Ukrainan, urrunetik hiltzeko gai den drone bat Afganistanen, F-18 hegazkinak, Chinook HT-17 gerra helikopteroak... Mundu osoko gerretan erabili ohi diren armek eta munizio astunak Euskal Herrian eragiten dituzte lehen eztandak. Espainiako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta NATOko beste edozein herrialdetako armadek Nafarroako erriberan dute entrenamendu gune nagusietako bat: Bardeako tiro eremua. Gerra hotsetara eta militarrek eragindako istripuetara ezin ohituta bizi dira inguruko bizilagun asko.

1951. urtean hasi zen Espainiako Armada Bardeako eremua erabiltzen, NATO sortu zenetik bi urtera, lur horiek kudeatzen dituen Bardeako Batzarrarekin sinatutako kontratu baten bidez —inguruko hogei udalerrik, Zaraitzuko ibarreko batzordeak eta Olivako monasterioko fraideek osatzen dute batzarra—. Urtean 20.000 pezetaren truke [120 euro], Espainiako Abiazio Ministerio frankistari baimena eman zioten Bardeako 2.244 hektareako eremu bat nahieran erabiltzeko. Eta hala egin zuten.

Kontratua sinatu eta berehala hasi zen Espainiako Aire Armada gerra hegazkinekin ariketa militarrak egiten eta inguruan bonbak jaurtitzen, eta handik gutxira gertatu ziren lehen istripuak ere: lurra jo eta lehertutako hegazkinak, inguruko herrietara zerutik eroritako metal eta lehergailu zatiak, eta behar ez zenean eztanda eginiko bonbak. 1952an, lehen hildakoa eragin zuten Bardeako ariketa militarrek: Miguel Murillo artzaina. Arguedas herritik gertu eroritako bonba batek hil zuen. Horren ostean heldu ziren beste hainbat; Nafarroako eta Aragoiko lurretan eroritako gerra hegazkinen pilotuak, gehienak.

Tiro eremuaren lehen urteetan, Espainiako Armadak soilik erabili zuen azpiegitura; handik gutxira, baina, Espainiako Gobernuak alde biko akordioak sinatu zituen AEBetako Gobernuarekin, eta, horien bitartez, armada horrek ere ariketa ugari egin zituen Nafarroako lurretan. Are: 1970eko eta 1990eko hamarkaden artean, AEBetako armadak gehiagotan erabili zuen tiro eremua, Espainiakoak baino; eta, gerra garaian edo Washingtonek gatazkaren batean militarki esku hartzen zuen aldiro, bonben erabilera areagotu egiten zen Erriberan.

Gerra nuklearra prestatzen

Urteek aurrera egin ahala, Bardeako tiro eremua «funtsezko azpiegitura» bihurtu zen AEBentzat, William Arkin inteligentzia militarreko eta armagintzako adituak 1985ean argitaratutako txosten baten arabera. Zehazki, «gerra nuklearrean trebatzeko entrenamenduak» egiten zituzten han. AEBetako armadako inteligentzia buruetako bat izan zen Arkin, eta, horren ostean, Washingtongo Institute for Policy Studies erakundeko ikerlari aritu zen hainbat urtez. Lan ugari argitaratu zituen armagintzaz eta geopolitikaz. Haren arabera, Muamar el-Gaddafi 1969an Libiako agintera iritsi zenean, herrialde horretako Wheelus base militarretik alde egin zuten AEBek, eta, horren ordez, Bardeako tiro eremua erabiltzen hasi ziren nagusiki, entrenamendurako.

Txostenean irakur daitekeenez, gainera, Francoren gobernuak azpiegitura militar guztiak eskaini zizkion Washingtoni «horien erabileraren gainean inongo kontrolik ezarri gabe». Horren ondorioz, AEBetako armadak «azpiegitura nuklearren sarearen barruan» sartu zituen Zaragoza, Rota, Moron eta Torrejongo baseak (Espainia), eta baita Bardeako tiro eremua ere, Zaragozako basearen menpe baitzegoen Euskal Herrikoa. Sare hori usu baliatu zuten Richard Nixon, Gerald Ford, Jimmy Carter eta Ronald Reagan presidente estatubatuarrek, besteak beste Vietnamgo gerran eta Gerra Hotzaren garaian.

Nafarroan, zehazki, «bonbardaketa nuklearrak egiteko entrenamendua» jasotzen zuten soldaduek. Ofizialki, karga nuklearrik gabeko jaurtigaiak erabili zituzten ariketa horietan, eta 2005eko ikerketa baten arabera, ez dago gai erradioaktiboen trazarik inguruan. Hala ere, Espainiak eta AEBek urteetan erakutsitako opakutasuna eta zurruntasuna ez dira lagungarri izan herritarren zalantzak eta susmoak uxatzeko.

Euskal Herrian, 1970eko hamarkadako hondar urteetan hasi zen hezurmamitzen energia nuklearraren kontrako mugimendua, eta horren barruan antolatu ziren Bardeako tiro eremuaren aurkako lehen protestak ere. Bi mugimendu horiek elkarrekin egin zituzten lehen urratsak.

Erresistentzia antolatzen

«Frankismoaren azken urteak ziren, eta klandestinitatean antolatu behar izan genituen lehen mobilizazio horiek», gogoratu du Milagros Rubio ezkerreko militante, Batzarre alderdiaren sortzaile eta tiro eremuaren aurkako asanbladako kideak. «Gorde-gordeka ibiltzen ginen, panfleto txikiak etxean egiten eta manifestazio txikiak antolatzen; tira, ez ziren manifestazioak ere: kalean saltoka hasi, oihu pare bat bota, eta berehala sakabanatu behar izaten genuen, Polizia atzetik genuelako».

1979. urtean antolatu zuten lehen mobilizazio handia Tuteran, zentral nuklearren eta Bardeako tiro eremuaren aurka. Ekainaren 3 hartan, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila bortizki oldartu zitzaizkien manifestariei, eta guardia zibil batek tiroz hil zuen Gladys del Estal ekintzaile ekologista eta antimilitarista. Rubioren esanetan, gertaera hark «biziki hunkitu» zituen tiro eremuaren aurkakoak. «Gladys izan zen Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa bat antolatzea proposatu zutenetako bat, eta, hil zutenean, erabaki genuen horretan buru-belarri hastea».

Diruak eraginiko beheraldia

1980ko hamarkadan sortu zen Bardeako Tiro Eremuaren aurkako Asanblada. «Askotariko ideiak eta ideologiak zituen jendea bildu zen asanblada hartan, ezkerreko jendea betiere, eta ilusio handia piztu zen: Aragoiko eta Errioxako ekintzaile antimilitaristak ere etortzen zen bileretara eta protestetara».

Gero eta ugariagoak ziren tiro eremuaren aurkako urteroko martxak; urteekin, baina, hasierako sugarra apaltzen hasi zela uste du Rubiok: «Demokrazia heldu eta Espainiako Gobernuan edozein alderdi egonik ere tiro eremuaren kontratua behin eta berriro berritzen dutela ikusteak desengainu eta etsipen sentsazio bat eragin zien asanbladako hainbat kideri», azaldu du Batzarreko eledun eta parlamentari ohiak.

Rubiok salatu duenez, Espainiako Defentsa Ministerioak «gero eta dirutza handiagoak» eskaini dizkio Bardeako Batzarrari, tiro eremua erabili ahal izateko. 1951ko kontratuan adostutako 20.000 pezeta horiek 66 milioi ziren 1996rako [396.668 euro]; 2000ko hamarkadan, zazpi milioi eurora igo zuten lurren alokairua, eta 2018an, kontratua azkenekoz berritu zenean, hori halako bi eskaini zuen Espainiak: 14 milioi.

Diru horrekin Madrilek «tiro eremuaren aurka zegoen adostasun zabala apurtu» duela uste du Batzarreko kideak. UPNk eta PSNk, esaterako, tiro eremua desegiteko eskatu zuten askotan, baina azpiegitura militarraren alde azaldu dira azken urteetan, sutsuki. «Hasieran tiro eremuaren aurka zeudenetako asko igaro dira lubakiaren beste aldera». Egungo kontratua 2028ra arte egonen da indarrean, eta data hori iritsi bitartean «arduraz» jokatzeko deia egin du Rubiok: «Antolatu egin behar dugu, eta presioa egin, baina bidea zaila eta luzea dela ulertuta, etsipenean jausi gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.