Bardeako Batzordeko gehiegikeriak salatu dituzte

Bidaia batzuetara «jende gehiegi» eraman zuten, Nafarroako Kontu Ganberaren arabera. Sei urtean 900.000 euro gastatu zituzten

Julian Gaiarre Bardeako Batzordeko presidente ohia. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Bardeako Batzordeari maiz kudeaketa iluna izatea egotzi zaio. Orain, Nafarroako Kontu Ganberak argi apur bat zuzendu du kudeaketaren gainean. EH Bilduk, Ezkerrak eta Valtierrako Udalak eskatuta, bidaietan, protokolo gastuetan eta bileretan gastatutako 900.000 euroak zertan erabili ziren ikertu du. Hainbat gehiegikeria azaleratu ditu.

Besteak beste, 2006 eta 2012 artean Egipto, Argentina, Senegal eta Costa Ricara bidaiatu zuten batzordeko kideek. Ustez hainbat natur parketako kudeaketa aztertzeko asmoz egin ziren bidaiak, baina ez ziren erakundeko teknikariak joan. Egiptora eta Senegalera jende «gehiegi» joan zen: Egiptora 64 kide eta Senegalera 29. Argentinara sei lagun baino ez ziren joan, baina pertsonako 6.342 euro gastatu zituzten.

2010-2016 aldian batzordearen bileretara joateagatik eta errepidean egindako kilometro kopuruagatik 560.368 euro ordaindu zizkien kideei batzordeak, eta Nafarroatik kanpoko hitzaldietara joateagatik beste 102.000 euro. Ganberaren arabera, atzerriko hitzaldien antolakuntzaz arduratzen zen bidaia agentziak ez du beharrezko informazioa eman.

Azkenik, 240.000 euroko protokolo gastua izan zuen. Ordainketa justifikatua badago ere, «ez dira beti onuradunak identifikatzen». Diru horretatik %80 jatetxeetan, Eguberri otarreetan eta elikagaietan gastatu zuten.

Erriberako 19 udalek, Erronkari eta Zaraitzuko udalek eta Olivako Monasterioak osatzen dute erakundea, baina politikoki betiUPNri lotua izan da. Adibidez, egungo zuzendaritzako bi kidek, Julian Islak eta Yolanda Ibañezek, ardura postuak izan dituzte batzordean. Gainera, atzerriko bidaietan parte hartu dutenen artean UPNko kideak daude: tartean Yolanda Ibañez bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.