Barcinari tartak botatzea egotzita, lautik bederatzi urtera arteko zigor eskaera
Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu ditu ustez Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari tartak bota zizkioten lau lagunak. Gorka Ovejero Ganboa, Ibon Garcia Garrido, Mikel Alvarez Forcada eta Julio Villanuevak ekintzan parte hartu zutelako «zantzu arrazionalak» daudela uste du epaileak, eta auzipetu egin ditu agintarien aurkako atentatua delitua leporatuta. Autonomia erkidego bateko gobernu kontseiluko kide baten aurkako erasoa denez, lau urtetik seira arteko zigorrak eska ditzake fiskalak, eta sei eta hamabi hilabete arteko isunak. Gorka Ovejeroren kasuan, bederatzi urteko zigorra eska dezakeela aurreratu du fiskalak, Ovejero agintaria dela aintzat hartuta; Arruazuko alkateordea da (Nafarroa), eta, fiskalaren ustez, kargu hori baliatuta sartu zen Tolosan (Okzitania) egiten ari ziren bileran. Lau auzipetuen abokatuak «neurrigabetzat» jo du tartekin egindako erasoa delitutzat jotzea, eta gertaera horregatik Frantzian falta bat egotzi dietela gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu