Urte politikoaren hasiera. Alderdiak

Barcinak dimisioa eman du, eta bere ordezkoaren hautaketa atzeratu

Bi hilabeteko epean, presidente berria hautatu beharko dute UPN-n, baina harekin aritutako zuzendaritzak 2017ra arte jarrai dezake

Erredakzioa
Iruñea
2015eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Gauza jakina zen, berak hala iragarri zuelako, ez zuela UPNren presidente karguan jarraituko eta politikaren lehen lerroa utziko zuela. Baina bere ordezkoa aukeratzeko batzarrera arte ez itxarotea erabaki, eta dimisioa aurkeztu du Yolanda Barcinak. Haren ordez, Antonio Sola alderdiaren egungo presidenteordea arituko da. Gehienez, bi hilabeteko epea dauka Solak Barcinaren ordezkoa aukeratzeko batzarrera deitzeko. Batzar horrek aukeratuko du presidente berria, baina ez da zuzendaritza aldatuko; 2017ra arte jarrai dezakete karguan Barcinarekin batera aritutakoek. Zuzendaritza horrek erabaki beharko du, besteak beste, nola aurkeztuko diren urte amaieran egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara. Duela lau urte batera aurkeztu ziren UPN eta PP, eta Nafarroako PPk eskaintza egin dio berriz ere zerrendak partekatzeko.

Bere erabakiaren berri emateko, aurrez iragarrita ez zegoen prentsaurreko baterako deia egin zuen atzo iluntzean UPNk. Alderdiaren zuzendaritzarekin bildu ostean azaldu zen komunikabideen aurrera Barcina. Alderdiak «lanaldi osoz» ariko den presidente bat behar duela esanaz argudiatu zuen bere erabakia.

Dimisioa emanda, Barcinak ez du parte hartuko bere ordezkoa hautatzeko erabakian, ez behintzat zuzenean. Amelia Salanueva Espainiako Gorteetako senataria da hautagai bakarra, oraingoz.

Nolanahi ere, Barcinaren dimisioarekin, zuzendaritzak atzeratu egin dezake irailaren 4rako deituta zegoen UPNren kontseilu politikoa. Hain zuzen, 232 lagunek osatutako organo horrek erabaki behar zuen noiz deitu presidente berria aukeratzeko ezohiko batzarrera. Ezohiko batzarra egitea erabakiko balute, UPNren presidente berria aukeratzeaz gain, zuzendaritza ere berritu beharko lukete, baita alderdiaren estatutu eta oinarri politikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.