Sare

Barbadoren eta Zelaiaren epaia «lekuz kanpo» dagoela dio Sarek

Amurrion eta Gasteizen mobilizazioak egon dira, Ernaik deituta. Ankerkeria Stop plataformak biharko manifestaziora deitu du

Ernaik Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren alde antolaturiko manifestazioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren kontrako epaia salatzeko mobilizazioak egin zituzten atzo, besteak beste, Gasteizen eta Amurrion (Araba). Goiz partean Amurrion batu ziren, Zelaiaren eta Barbadoren kontrako lau urteko espetxe zigorra salatzeko, Aiaraldeko Ernaik deituta. Aldarrikatu zuten «gazteek gogor borrokatzen» jarraituko dutela «militantzia politikoa ez delako delitua». Bestalde, iluntzean, Gasteizen antolatu zuen Ernaik beste mobilizazio bat, Florida parkean, epaiaren aurka protesta egiteko.

Epai horrekin lotuta, Sare Herritarra plataformak ere Zelaiaren eta Barbadoren aurkako ebazpena salatu du: «Galderri eta Aitorri ezarritako sententziak atzera garamatza, eta guztiz zentzugabea da salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan». Horiek hala, bat egin du Ankerkeriari Stop taldeak biharko deitutako mobilizazioarekin: Gasteizen izango da, 18:30ean, Artium museoko plazatik abiatuta.

Plataformak salatu du oraindik ere «mendeku tresna» gisa erabiltzen dela justizia, ETAren behin betiko su etenaren ostean irekitako «itxaropen aroa» kontuan hartu gabe. «Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da», eta gehitu du horren adibide dela Zelaiaren eta Barbadoren aurkako auzia.

Sufrimenduen amaiera

Nabarmendu dute halako erabakiek ez dutela lekurik «espetxeen problematikari» aterabide bat emateko eta «sufrimendu guztiak amaitzeko» urratsak egiten ari diren garai batean: «Presondegiak betetzeak ez du inolako tokirik elkarbizitzarako eta bakerako bidean». Are gehiago, Sarek argudiatu du bi gazteek argi adierazi zutela «indarkeriarik gabeko estrategiarekin» bat egiten dutela, eta gehitu du epaiketan ez zela haien kontrako «froga irmorik» erakutsi.

Zelaiaren eta Barbadoren aurkako prozesuak lau urte baino gehiago iraun du. Ertzaintzak 2019ko otsailean atxilotu zituen bi gazteak, Auzitegi Nazionaleko Maria Tardon instrukzio epaileak aginduta.

Biei leporatu zieten Ertzaintzak hilabete batzuk lehenago Duran (Arrantzua-Ubarrundia, Araba) aurkitutako material lehergailuaren arduradunak izatea, eta, beraz, «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristekin gordetzea eta trafikatzea». Ia urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian, 2019tik 2010era, epaiketaren zain.

Launa urteko zigorra

Epaiketa amaituta, launa urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Espainiako Auzitegi Nazionalak 2021ean. Helegitea aurkeztu zioten ebazpen hari, baina aurtengo maiatzean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen lehen epaia. Hala, aurreko astean espetxeratzeko agindua jaso zuten gazteek.

Epaiaren eta espetxeratzeko aginduaren kontrako hainbat protesta egin dira azken urteetan, eta horiek areagotu egin dira azken egunetan. Gazteen babeserako Ankerkeriari Stop taldeak salatu izan du «Ertzaintzak kozinatutako prozesua» izan dela Barbadoren eta Zelaiaren aurkako prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.