Klima larrialdia

Barazkiak landatu dituzte golf zelaietan, uraren «xahuketa» salatzeko

Jauzi Ekosoziala eta Extinction Rebellion taldeko kideek protesta ekintza bat egin dute Nafarroan eta Bizkaian

Barazkiak landatuta, Gorraizko golf zelaian. JAUZI EKOSOZIALA
2023ko uztailaren 3a
09:04
Entzun

Euskal Herriko hainbat golf zelai baratze bihurtu dituzte ekintzaile ekologistek asteburuan. Ura denona da, eta aberatsak ordaindu ezin ditugun luxua dira mezuak jarri dituzte kirol gune horietan, eta tipulak, azenarioak eta bestelako barazkiak landatu dituzte, besteak beste, belar motzaren erdian.

Jauzi Ekosoziala eta Extinction Rebellion taldeko kideek euren gain hartu dute Gorraizeko (Nafarroa) golf zelaian eginiko ekintza, sare sozialetan zabalduriko mezu baten bidez. Ekintzaren bideoa eta argazkiak zabaldu dituzte.

Bizkaiko golf zelaiak ere jomugatzat hartu dituzte, baina ez dute zehaztu non egingo duten ekintza.

Zuloetako batzuk porlanez bete dituzte. Adi: lehortea! Golf zelaia itxita, justizia klimatikoa dela eta mezua jarri dute.

Azaldu dutenez, golf zelaiak ur asko erabiltzen dute. Ekologistak Martxan talde ekologistak eginiko kalkuluen arabera, zulo bakoitza mantentzeko 100.000 litro ur baino gehiago behar dira egunean. Izan ere, etengabe ureztatu behar dira, belarra bizirik eta berde mantentzeko.

Frantzian hasi zituzten mota horretako ekintzak, «Europak azken 500 urteotako lehorterik larriena» pairatzen ari den honetan.

Golfa bultzatzen duten erakundeen «zuriketa berdea» salatu dute, eta erreferendum bat eskatu dute golfa debekatzeko aukeraz bozkatzeko. Bitartean, uraren erabilera «demokratikoki planifikatzeko» eskatu dute, hau da, golf zelaiak ureztatzea galaraztea. «Golfak ez du lekurik urik gabeko mundu batean».

Azaldu dutenez, aberatsen kontrako ekintza kanpainaren barruan sartzen da larunbateko gauean eginikoa. Lehen ere egin izan dituzte hegazkin pribatuen eta luxuzko autoen aurkakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.