Arrangoitzeko (Lapurdi) golf zelaia berde dirdiratsuz beztitu zen atzo ere, uda osoan bezala. Begietara jauzi egiten zuen kontrasteak: larre erreak, belar pikatu freskoaren parean. Irla bat balitz bezala. Lehorteari aitzi egiteko ur murrizketek, nonbait, ez dute zeharkatu golfa inguratzen duen hesia. Horrek gaitziarazita, Xuti Gazte kolektiboko gazteak Arrangoitzeko golfean sartu ziren, lasto fardo batzuk bizkarrean, eta barreiatu zituzten, eta gainetik ongarria bota zuten. Horrekin batera, banderola landatu zuten:«Guztiondako lurra eta ura vs aberatsen aisialdia». «Gaur baratze bat landatu dugu, lurrak lantzen dituenarenak direla aldarrikatzeko», leitu zuten komunikatua.
Aiala Urteaga bozeramaileak galtzak eta zapatak lasto puskez beteak zituen: «Horrelako luxuzko aisialdi zentroek murrizketa gutiago pairatu dute laborariek baino, jakinez gutiengo bati zuzendua zaiela Ipar Euskal Herrian; aldiz, laborantza funtsezkoa da denentzako. Laborantza herrikoia aldarrikatzen dugu, masibotik aldenduta eta industrialetik ere bai».
Lasto fardoen desegitearekin, berdeak eta idorraren horiek talka egiten zuten. Baratze bat irudikatu zuten, ura eta lurrak «denendako» direla aldarrikatzeko. Klima larrialdiak arranguratzen dituztela aitzinerat ezarri zuten, eta «klimaren aldeko engaiamendu handia» dutela. Eta, egungo egoera ekonomikoan kalteak gazteek, ikasleek eta langileek paira ez ditzaten, galde egin zieten instituzioei «egiazko neurriak» hartzeko, «nehork ez dezan amesgaizto gehiagorik izan energia fakturak ordaintzeko». Eta erantsi zuten: «Esku aberats gutxi batzuen eskutan da energia egun, eta, egoera nehoiz baino larriagoa den honetan, haien irabaziak ere nehoiz baino handiagoak dira. Honek ezin du horrela segitu».
COP27ren testuinguruaz baliatu ziren errateko herrialde aberatsei dagokiela «onartzea eta konpontzea» sortutako «hondamendi» klimatikoa: «Greenwashing-ari eta inposaketari aurre eginez, guk sortutako kaltea sufritzen ari diren herrialdeak indemnizatu eta lagundu behar ditugu, behar dituzten baliabideak eskainiz eta sor daitezkeen migrazio klimatikoei harrera eginez».
Bukatu zuten salatuz Hiriburuko (Lapurdi) ikastolak berogailurik gabe abiatuko duela negua.Burujabetza energetikoaren aldeko pausoak eskatu zituzten.
Baratze bat golf zelai erdian, lurra eta ura denendako direla aldarrikatzeko
Arrangoitzeko golf zelaian lastoa eta ongarria barreiatu ditu Xuti Gazte dinamikak, eta lurrak «lantzen duenarentzat» izan behar duela aldarrikatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu