Barañaingo Alaitz ikastetxeak euskarazko bi lerroei eutsiko die

Aurretik, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hurrengo ikasturtean lerro bat kentzeko asmoa iragarri zuen, baina azkenean atzera egin du. Nafarroan eskaintza eta eskaria orekatzea lortu duela dio.

Barañaingo Alaiz ikastetxea. NAFARROAKO GOBERNUA.
Barañaingo Alaitz ikastetxea. NAFARROAKO GOBERNUA.
joxerra senar
2024ko uztailaren 3a
16:45
Entzun

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Barañaingo ikastetxe publikoari gaur goizean jakinarazi dio 2024-2025eko ikasturterako euskarazko bi lerroei eutsiko diela. Atzera egin du, aurretik iragarria zuelako euskarazko ikasgela bat kentzeko asmoa. Azkenik, hortaz, Batxilergoko lehen mailan Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien arloan bi ikasgela izango dira Alaitzen.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, erabaki horrekin, D ereduaren eskaintza eta eskaria «modu tekniko eta arrazoizko batean» orekatu dira Iruñerrian. Departamentuaren arabera, azken hilabeteetan harreman iraunkorra izan dute ikastetxe publikoko zuzendaritzarekin, matrikulazioko datuak aintzat harturik hurrengo ikasturtea antolatzeko.

Departamentuaren azalpenak

Departamentuaren arabera, Batxilergoan sartzeko eskaera kopurua eta Lanbide Heziketako Gradu Ertaineko lehen ikasturteko ikasle kopurua ezagututa hartu dute erabakia—Derrigorreko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako 2.300 ikaslek eman dute izena—. «Orain erabaki du Planifikazio Atalak bi ikasgelei eustea», arrazoitu du Hezkuntza Departamentuak.

Hala, orotara, hasierako planifikazioarekin alderatuta, beste hamabost talde berri osatu dituzte, eta horietako bat da Alaitz ikastetxean gehitutakoa. Onartu du prozesuak ziurgabetasuna eragiten duela, baina gaineratu du ikasturtea amaitu arte ezin dela guztiz jakin nola geratuko den hurrengo ikasturteko koadro osoa: batetik, Lanbide Heziketara doazen ikasleak, eta, bestetik, hutsegiteak.

EH Bilduk txiokatu du «berri ona» dela, eta Barañaingo euskarazko hezkuntzaren aldeko eragileen eta ikastetxeko hezkuntza komunitatearen lanari esker lortu dela. «Zorionak egun hauetan irtenbide bat eskatzeko lanean aritu diren guztiei», nabarmendu du.

LABek ere zoriondu egin du Alaitz ikastetxea sare sozialetan. «LABen beti argi izan dugu borrokak merezi duela. Departamentuak atzera egin du, eta batxilergoko bi lerroak mantenduko ditu Alaitz institutuan. Pozten gara».

Oibarko auziaz

Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Oibarren haur eskolan D eredua eskaintzeari buruz galdetu diote Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. «Ez dut inongo eragozpenik Oibarren haur eskola bat ezartzeko Oibarko Udalak nahi duen hizkuntz eskakizunarekin», erantzun du.

Gimenok gaineratu du zuhurtzia eskatu diotela udalari, haur eskola ez dadin ezarri herriko ikastetxe publiko barruan. «Etorkizunean agian ikastetxe publikoak beharko dituen eremuak konprometitu ditzake. Adibidez, D eredua ezartzea ikastetxe barruan». Haren esanetan, Planifikazio Atala kasua aztertzen ari da ea erabaki horrek etorkizunean ikastetxea zabaltzea eskatuko ote lukeen.

 
3.490

Kontratazioak. Hurrengo ikasturteari begira 3.490 irakasle kontratatzea baimendu du Nafarroako Gobernuak. 172 milioi euro inbertituko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.