Barakaldon hildako emakumeak ez zuen inoiz semea salatu, baina gizonak aurrekariak ditu bortxa matxistagatik

Gizona atxilotuta dago ama hil duelakoan; polizia etxean igaro du gaua. Bizkaiko Aldundiak ziurtzat jo du hilketa matxista izan dela. Protestara deitu dute gaur arratsalderako: 18:00etan elkartuko dira Barakaldoko Herriko plazan.

Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute asteburuan Barakaldoko Herriko plazan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Barakaldoko Herriko plazan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko urtarrilaren 4a
18:45
Entzun

Barakaldon (Bizkaia) atzo hil zuten 84 urteko emakumeak inoiz ez zuen semearen aurkako salaketarik jarri, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, gizonak aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik. Ikerketa zabalik dago, eta hildakoaren semea atxilotuta dago oraindik, hipotesi nagusia baita hark hil zuela ama. Gau osoa egin du polizia etxean, epailearen aurretik pasatzeko zain; gaur arratsaldean edo bihar goizean eramango dute epailearengana.

Hilketa ostiral arratsaldez gertatu zen, Barakaldoko erdigunean dagoen Arrandi kalean. 16:30 aldera abisu bat igorri zioten bizilagunek Ertzaintzari, etxebizitza batean emakume bat hilda egon zitekeela esanez, oihuak eta eztabaidak entzuten ziren eta. Poliziek, bertaratu zirenean, ikusi zuten emakumea hilda zegoela, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela. Haren semea etxean zen, eta atxilo hartu zuten; 60 urte inguru ditu gizonak.

Biktimak salaketarik aurkeztu ez arren, El Correo agerkariak argitaratu du bizilagunek poliziei ohartarazia zietela semeak tratu txarrak ematen zizkiola andreari, baina Ertzaintzak ez du halakorik baieztatu. Bai, ordea, anaia batekin eta aitarekin «liskarrak» izandakoa zela.

Gaitzespen protestak, gaur eta asteartean

Ertzaintzaren hipotesi nagusia baieztatuko balitz, aurten Euskal Herrian gertatzen den lehenbiziko hilketa matxista litzateke. Are gehiago, Bizkaiko Foru Aldundiak goizetik ziurtzat jo du tesi hori, eta gogor gaitzetsi du hilketa matxista. Protestekin bat egiteko deia egin du. Hala egin dute Bizkaiko Batzar Nagusiek ere.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak ere emakumeen aurkako indarkeria aipatu du sare sozialetan zabalduriko gaitzespen mezuan. Hura «aurrez eragoztearen» garrantzia nabarmendu du: «Hilketa honek gizarte bezala hausnartzera behartzen gaitu, familia eremuko indarkeriari aurrea hartu eta haren aurka egiteko». Udalak deituta, gaur arratsaldean egin dute hilketa gaitzesteko elkarretaratzea, Herriko plazan. Argitan Barakaldoko elkarte feministak ere gaitzetsi du hilketa; hark, baina, asteartean egingo du elkarretaratzea. Barakaldoko Bide Onera plazan izango da, 18:30ean.  

Bi ertzain emakumea hil zuten etxeko ataritik irteten, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE
Bi ertzain emakumea hil zuten etxeko ataritik irteten, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE

Emakundek ere deitu du protesta ekitaldietan parte hartzera, eta gizon batzuk «borrero» bilakatzen dituen matxismoa salatu du. Emakumearen Euskal Erakundearen arabera, gizartea oraindik ez da erabat jabetu matxismo horren arriskuaz eta larritasunaz. Emakundek gogoratu du indarkeria matxista konplexua dela, eta «mota guztietako harremanetara» zabaltzen dela. Barakaldoko hilketa familia eremuan gertatu dela azaldu du, baina gizon eta emakumeen arteko «botere harremanak» eta «desorekak» azaleratzen dituela. 

EH Bilduk ere gaitzetsi egin du hilketa matxista. Koalizio abertzalearen Eusko Legebiltzarreko buruak, Pello Otxandianok, sare sozialen bidez nabarmendu du hilketa matxista horrek «euskal gizarte osoaren sumindura» jaso behar duela bueltan. Elkartasuna eta gertutasuna adierazi die koalizioak hildako emakumearen herrikide, senide eta lagunei.

Indarkeria matxistaren mapa

2003tik 125 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian; iaz sei emakume hil zituzten. Maiatzean, 33 urteko emakume bat hilda aurkitu zuten Donibane Lohizuneko Paris hotelean (Lapurdi), eta haren bikotekidea atxilotu zuten. Hamabortz egun lehenago, emakumea artatu behar izan zuten Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori zelako. Emakumea maiatzaren 1ean ospitaletik desagertu, eta handik bi egunera atzeman zuten gorpua.

Irailaren 11ko goizaldean, berriz, gizon batek 31 urteko bikotekidea hil zuen, Yanely Gonzales, Bilboko Santutxu auzoan, arma zuri batekin. Urriaren 8an, Iruñeko Arrotxapea auzoan, gizon batek Kayle Villar Pons hil zuen, labankadaz. Biktimak 20 urte zituen, eta etxabe batean bizi zen. Bertan bizi zen gizon batek hil zuen ustez, aurrez hainbatetan liskarrak izan eta mehatxuak egin ostean. Euskal Herrian, Pasaian (Gipuzkoa) izan zen iazko azken hilketa: 53 urteko gizon batek bikotekide ohia hil zuen, suzko arma batekin. Halere, Panaman, Eneritz Argintxona Fraile hil zuten uztailean. Costa Rican boluntario zebilen, eta Panamara joan zen egun batzuk igarotzera. Carenero uhartearen inguruan agertu zen haren gorpua, justu familiak haren desagerpena salatu berritan. Poliziak bi gizon atxilotu ditu, eta feminizidio gisa ikertzen ari dira kasua.

Bestalde, Laure Zacchello 43 urteko emakumea ekainean desagertu zen, Urruñan (Lapurdi): Baionako prokuradoreak ikerketa abiatu zuen ustezko hilketagatik. Haren senarra atxilotu, eta behin-behinean preso sartu zuen Frantziako Poliziak. Ekainean egin zuen agerraldian, prokuradoreak erran zuen hipotesi guziak zabalik zeudela, baina indarkeria matxistako kasu bat izatea lehenetsi zuen. Zacchelo senarrak hil zuela uste du, eta hura bizirik aurkitzeko aukera urriak direla. Joan den abenduaren 31n gizonak aske utz zezatela eskatu zuen, eta datorren asteartean ebatziko dute eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.