Barakaldon hil den etxegabea omendu du Beste Bi plataformak

«Pertsona guztiek aterpe duin bat izateko eskubidea dutela» aldarrikatu dute. Arazoa konpontzeko estrategia eskatu diote Jaurlaritzari

Beste Bi plataformaren elkarretaratzea, atzo, Barakaldon. ARITZ LOIOLA/ FOKU.
Erredakzioa
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
42 urteko etxegabe bat hilda aurkitu zuten larunbatean Barakaldoko (Bizkaia) Bagatza auzoko kutxa automatiko batean. Bilboko emakume hori oroitzeko eta «pertsona guztiek aterpe duin bat izateko eskubidea» dutela aldarrikatzeko, Beste Bi plataformak elkarretaratzea egin zuen atzo goizean Barakaldon. «Gaur egungo sistemak etxerik ez dutenei bakarrik egozten die beren egoeraren erantzukizuna. Arazo estrukturala da gizarte bazterkeria, gero eta handiagoa, are gehiago desberdintasun hori eta beste batzuk jasaten dituzten emakumeei dagokienez», nabarmendu zuten Beste Bi plataformakoek.

Herritarrei eskatu diete ez egiteko ez ikusiarena «arazo larri» horren aurrean: «Errealitate hori, etxegabetasunik gogorrena, gure kaleetan gaua pasatzen duten pertsonena, ikusi ere egiten ez badugu, nola izango gara gauza etxerik ez izateak zer esan nahi duen ikusteko eta pentsatzeko?». Inork kalean bizi beharrik izan ez dezan, «estrategia orokor, argi eta koordinatu bat» garatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, arazo horri «erantzun eraginkorrak» emateko.

Eskaera bera egin diete gainerako instituzioei ere: galdegin diete euren aurrekontu publikoak eta baliabideak jar ditzatela estrategia eraginkor baten mesedetan. Komunikabideei, berriz, pertsonekiko eta etxegabeen arazoarekiko «begirada zabaltzeko» eskatu diete.

Aurrerantzean atzokoa bezalako beste elkarretaratzerik egiteko beharrik egon ez dadin, «elkarrekin» lan egiteko mezu bat helarazi du Beste Bi plataformak: «Hausnarketa partekatu bat egin behar dugu, kalean beste inor hil ez dadin, harik eta egunen batean elkartu behar ez dugun arte etxerik ez zuen norbaiten heriotza gogoratzeko». 2006an sortu zuten plataforma, eta etxebizitza eskuratzeko eskubidearen eta etxerik gabeko pertsonen alde egiten dute lan Bizkaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.