Asaldaturik daude Barakaldoko euskaldunak, EAEko Auzitegi Nagusiak zerbitzu publikoen azpikontraten inguruan emandako ebazpena dela eta. Atzo batzar ireki batera deitu zuen Sasiburu euskara elkarteak Herriko Plazan, nola erantzun eztabaidatzeko. 50 lagun inguru batu ziren: horietako zenbait herriko elkarte eta erakundeetako ordezkariak ziren, eta beste batzuk, herritar soilak. Batzar horrek izango du lehenengo ondorioa: ostiral honetan, hilak 13, elkarretaratzea egingo dute Bide Onera plazan, 19:00etan, Barakaldarron hizkuntza eskubideen alde. Justizia denontzat lelopean.
Elkartearen iritziz, Auzitegi Nagusiaren ebazpenak Barakaldon bizi diren 26.000 euskaldunen eskubideak urratzen ditu: «Barakaldoko euskaldunok uko egiten diogu halako injustizia bat normalizatzeari, eta horregatik egingo dugu elkarretaratzea». Aldarrikapena «inflexio puntua» izatea nahi dute Sasiburuko kideek, «herriko zerbitzu publikoek euskaldunon eskubideak lehenbailehen bermatu behar dituztela argi uzteko».
Sasiburuk iragarri du elkarretaratzearen ostean bestelako urratsak egin nahi dituztela: hizkuntza eskubideak defendatzeko kanpaina bat antolatzea, urratzeen aurrean salaketak jartzeko informazioa herritarrei helaraztea eta abar: «Denon artean, Barakaldon legea betetzea lortuko dugu».