Barakaldoko Udalak kanpaina batean erabilitako euskara traketsa kritikatu dute

Sasiburu elkarteak salatu du kanpaina iragartzeko webgunean «euskara ez den 'hizkuntza' bat» erabili dutela. Salaketaren ostean, euskarazko atala kendu dute web orritik.

Sasiburuko kideak, Kontseiluak 2023ko azaroan egindako manifestazioari babesa ematen. BERRIA
Sasiburuko kideak, Kontseiluak 2023ko azaroan egindako manifestazioari babesa ematen. BERRIA
gotzon hermosilla
2024ko azaroaren 26a
10:45
Entzun

«25 azaroaren 5 abenduaren gorde 33% zure erosketak, berriz, gidatzeko tokiko ekonomia. Lortu zure bonus eta gástalos batean establezimendu parte hartzen duten kanpaina». Horrelakoak agertzen ziren Barakaldoko Udalak, Inguralde udal erakundearen bidez, abian jarritako kanpaina baten web orriaren euskarazko atalean. Sasiburu elkarteak salatu du «euskara ez den hizkuntza bat» erabili dutela web orriaren euskarazko atalean, eta «barakaldar guztien hizkuntza eskubideak» ez errespetatzea leporatu die kanpainaren arduradunei. Salaketaren ostean, euskarazko atala desagertu da web orritik, eta orain gaztelaniazkoa baino ez dago ikusgai.

Sasiburuk galdetu du zer gertatuko litzatekeen horrelako akatsak agertu izan balira erdarazko bertsioan, eta erantzun ere egin du: «Webgunea itxiko zuten, eta kritikak barra-barra entzungo lirateke». Elkarteak exijitu du gertatutakoaren arduradunek barkamena eska dezatela «bi hizkuntza ofizialetako baten erabilera umiliagarriagatik», eta, webgunea blokeatzeaz gain, «behar diren baliabideak» jar ditzatela horrelakorik berriro ez gertatzeko.

Sasiburuk gogorarazi du kontsumoa sustatzeko kanpaina Barakaldoko Udalaren Inguralde garapen agentziak bultzatu duela, Amaia del Campo alkateak aurkeztu zuela, eta Drowers publizitate agentziak diseinatu duela web orria.

Sasibururen iritziz, Barakaldoko euskaldunei «etengabe tratu txarrak» ematen zaizkie, eta hori kontuan ez hartzea «beste alde batera» begiratzea da. «Hizkuntzak gizarte baten adierazpen bizi-biziak dira», erantsi dute, «eta haiekiko sentsibilitaterik txikiena ere ez badago, hizkuntzen etorkizuna iluna izan daiteke, baina inplikatutako hiriarena marjinala, pobrea eta atzeratua izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.