Barakaldoko Udalak hiru hilabetean gauez ixtera zigortu du Oxinorte enpresa

Enpresaren jarduerak txistu hots zaratatsua egiten du abuztu amaieratik, eta bizilagunak kexu dira.

Oxinorte enpresa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Oxinorte enpresa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 25a
16:45
Entzun

Barakaldoko (Bizkaia) Lutxana auzoko Oxinorte gas enpresak txistu hots gogaikarri bat egiten du abuztutik. Bizilagunek hainbat protesta egin dituzte hilabeteotan, txistu hotsak eguneroko jarduna baldintzatzen dielako eta atseden hartu ahal izatea galarazten dielako. Txistu hotsak hortxe jarraitzen du, ordea. Udalak neurriak hartu ditu, eta zigorra ezarri dio Oxinorte enpresari: 11.800 euroko isuna eta hiru hilabetean zarata sortzen duten instalazioak gauez itxi behar izatea, 23:00etatik 07:00etara, Zarataren Legearen arau hauste larriagatik. Enpresak hamabost egun ditu alegazioak, agiriak eta informazioa aurkezteko.

Horrez gain, Amaia del Campo alkateak beste zigor espediente bat abiatzeko eskatu die teknikariei, «zoritxarrez zaratak hortxe jarraitzen baitu eta ez baita konpondu». Alkateak agindu du eskura dituzten tresna guztiak erabiliko dituztela arazoa lehenbailehen konpontzeko. 

Udaleko teknikariek, Eusko Jaurlaritzakoen laguntzaz, Oxinortek sortzen duen zarata neurtu dute astero, eta ikusi dute zaratak gainditu egiten dituela legeak baimendutako gehienezko dezibelak.  

Lutxanako bizilagunek kezkatuta jarraitzen dute: «Pozik gaude, baina zer gertatuko da hiru hilabetez itxi eta gero? Behin betiko konponduko al dute arazoa?». Horregatik, aldian behin Oxinortek egiten duen zarata kontrolatzeko eskatu dute, baita hiru hilabeteko itxiera bukatutakoan ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.