Barakaldoko Udalak helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, hegoaldeko tren saihesbidearen aurka

Bilboko portua eta Bilbo lotuko dituen azpiegituraren azterketa informatiboaren aurkako errekurtsoa aurkeztu du udalak. Trenbidea lurrazpitik pasatzea galdegin du alkateak.

Bilbo hegoaldeko saihesbidearen zubiak, Barakaldoko Gorostiza auzoan. Handik gertu igaroko da hegoaldeko tren saihesbidearen zubia ere, Espainiako Gobernuak onartutako ibilbidearen arabera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilbo hegoaldeko saihesbidearen zubiak, Barakaldoko Gorostiza auzoan. Handik gertu igaroko da hegoaldeko tren saihesbidearen zubia ere, Espainiako Gobernuak onartutako ibilbidearen arabera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2025eko urtarrilaren 21a
12:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du Barakaldoko Udalak (Bizkaia), hegoaldeko tren saihesbidea eraikitzeko proiektuaren aurka. Azaroaren 11n, Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman zion Bilboko Portua eta Bilbo lotuko dituen hegoaldeko tren saihesbidearen lehen faseari dagokion azterketa informatiboari, eta horren kontrako helegitea aurkeztu du udalak.

Saihesbidearen proiektuak kezka eta ezinegona sortu ditu Barakaldon, Amaia del Campo alkateak (EAJ) adierazi duenez: «Ingurumen astakeria hutsa da». Izan ere, Barakaldok duen «birika bakarretik» igaroko da —Gorostizatik—, zubibide bat eraikita. Udalak, ordea, trena lurpean joatea hobetsi du, 2018an Eusko Jaurlaritzarekin adostu zuten bezala. Helegitearen berri emateko oharrean, Gorka Zubiaurre (EAJ) zinegotziak gogorarazi du udalbatzak mozio bat onartu zuela —EAJren eta PSE-EEren aldeko 18 boto, Elkarrekin eta EH Bildu taldeen kontrako 7 boto eta PPren bi abstentzio—, eta, horren arabera, udalak «bide judizial guztiak» agortuko dituela Gorostizako zubibide proiektua gerarazi eta «Barakaldoko interesak defendatzeko».

Serantesko tunela eta hiriburua lotuko dituen hamabi kilometro inguruko trenbidea eraikitzeko lanek 484,7 milioi euroko kostua izango dute, azterketa informatiboaren arabera. Berez, lana Espainiako Gobernuak egin beharko luke Adifen bitartez, baina, 2017an Eusko Jaurlaritzarekin egindako akordio bati esker, ETS Euskal Trenbide Sareak eraikiko du, eta gero kupotik deskontatuko dute. ETSk eraikitze proiektua ondu beharko du, eta, aurreikuspen baikorrenen arabera, lanak urte bukaeran hasiko lituzkete.

Gorostizan eragingo duen «ingurumen inpaktua dela eta», Barakaldoko Udalak tunel faltsu baten bitartez lurperatzeko eskatu du. Espainiako Gobernuak esan duenez, aukera biak aztertu ditu Gorostizarako, zubia eta tunel faltsua, baina zubia hobetsi du —ehun metro luze izango da—, «ingurumen arrazoiak tarteko».

Zubiaurre zinegotziak adierazi du eskura dituzten «lege moldaketa guztiak» baliatuko dituztela, «trenbidearen lurperatzea defendatzeko lagungarri badira», besteak beste, ingurumenaren defentsari edo hiriguneetako zarata mailari dagozkienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.