Joan den igandean tiroketa bat gertatu zen Barakaldon (Bizkaia). Gizonezko bat hil zen haren ondorioz, eta bi zauritu ere izan ziren. Orain, epaileak erabaki du gertaerarengatik atxilotuta zeuden zazpi pertsonetatik bost espetxeratzea: hiru gizon dira, eta bi andre.
Behin-behineko espetxealdia ezarri die bostei Barakaldoko 4. Instrukzio Auzitegiko epaileak. Hilketa eta hilketa ahalegina leporatu dizkie. Beste atxilotuetako bati baldintza bat jarri dio: maiztasun jakin batekin epaitegiko deia jasotzen duenean auzitegian agertu beharko du. Auzipetuei urruntze aginduak ere ezarri dizkie epaileak: debekatuta daukate bi zaurituengana hurbiltzea; 500 metroko distantzia ezarri die.
Atxilotu bat geratzen da oraindik epailearen aurrean deklaratzeko. Erietxean dago. Kasuaren gaineko instrukzioa oraindik martxan dago. Hala ere, zenbait lekukok azaldu dutenaren arabera, bi familiaren arteko ezinikusiak eragin zuen tiroketa, eta aurrez ere liskarrak sortuak ziren bi aldeen artean.