Barakaldoko (Bizkaia) Lutxana auzoko bizilagunek berriro ekingo diete mobilizazioei, Oxinorte enpresaren jarduerak sortzen duen zarata salatu eta hura geldi dadila eskatzeko. Hiru hilabetez bertan behera utzi zituzten mobilizazioak, Barakaldoko Udalak enpresaren kontra hartutako neurriak irtenbidearen abiapuntua izango zirela sinetsita, baina egoera ez da aldatu, eta berriro kalera jotzea erabaki dute. Lehenengo elkarretaratzea bihar izango da, 18:45ean, Oxinorteren aurrean, eta Auzo Etxea eta Villamor auzo elkarteek egin dute deialdia.
Iazko abuztuaren amaieran hasi ziren Lutxanako auzokideak Oxinorte gas enpresatik zetorren txistu hots gogaikarri bat nabaritzen, gauez batez ere. Lehenagotik ere, behin baino gehiagotan salatu zuten auzokideek enpresaren kutsadura akustikoa, baina udan areagotu egin zen, eta auzokideei loa galarazten zien. Hainbat protesta eta mobilizazioren ondoren, azaroaren 26an zigorra ezarri zion Barakaldoko Udalak enpresari: 11.800 euroko isuna eta hiru hilabetean lantegia gauez itxi behar izatea, 23:00etatik 07:00etara.
Baina zigor hori ez da gauzatu, Auzo Etxeko kide Magdalena Ruifernandez Bartolomek salatu duenez: «Enpresak azken ordura arte itxaron zuen alegazioak aurkezteko, eta udala, berriz, oso berandu hasi zen alegazio horiek aztertzen. Ez dakigu udala enpresarekin elkar hartuta ote dagoen, baina ondorioa izan da zigorra ez dela benetakoa izan, eta hiru hilabete hauetan enpresak ez du jarduera eten».
71 dezibel
Auzokideek diotenez, zenbait egunetan txistu hotsa apaldu egin da, inoiz desagertu ez bada ere, baina beste batzuetan zarata 71 dezibelekoa izan da, auzokideek egindako neurketen arabera. Joan den astean amaitu zen udalak zigorrerako ezarritako hiru hilabeteko epea, eta, berdin segitzen dutela ikusita, elkarretaratzea egingo dute berriro, Oxinorte kanpora! Osasuna zaintzea eskubidea da, gure udalaren betebeharra da hura zaintzea lelopean.