Barakaldon (Bizkaia) 84 urteko emakume bat hil zuten ostiralean, eta haren semea espetxean dago, andrea hil izana leporatuta. Hilketa matxista hori salatzeko mobilizazioak egingo dituzte gaur Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. 18:30ean egingo dute mobilizazioa Barakaldon, Bide Onera plazan.
19:30ean egingo dituzte Bilboko eta Gasteizko mobilizazioak; lehena, Arriaga antzokiaren aurrean, eta bigarrena, Andre Maria Zuriaren plazan. Donostian 19:00etan egingo dute, Bulebarrean; Iruñean, berriz, 20:00etan elkartuko dira, Udaletxe plazan. Larunbatean egin zuten beste elkarretaratze bat ere, Barakaldoko Udalak antolatuta.
Barakaldon ostiralean hil zuten andreak inoiz ez zuen semearen aurkako salaketarik jarri, baina, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizonak aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik. Ikerketa zabalik dago, eta hildakoaren semea espetxean dago igandetik, behin-behinean, epaileak hala erabakita.
Ostiralean izan zen hilketa, Barakaldoko Arrandi kalean. 16:30 aldera, bizilagunek abisu bat bidali zioten Ertzaintzari, eta etxe batean andre bat hilda egon zitekeela esan, oihuak eta eztabaidak entzun baitzituzten. Poliziek, bertaratu zirenean, ikusi zuten emakumea hilda zegoela, eta gorpuak indarkeria zantzuak zituela.
Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen, eta emakumearen semea atxilotu. Polizia etxean izan da harrezkero, igande goizean epaitegian deklaratu duen arte. Gizonari entzun ondoren, espetxeratzeko agindu zuen epaileak.
«Nazkatuta»
Aurten Euskal Herrian gertatu den lehenbiziko hilketa matxista da. 2003tik, 126 emakume hil dituzte gizonek Euskal Herrian; iaz, sei emakume hil zituzten. «Nazkatuta, nekatuta eta haserre hasi dugu urtea!», nabarmendu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, ohar baten bidez. «Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte, eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain», adierazi du, eta autodefentsa feministarako deia egin.
Euskal emakume pentsiodunen plataforma da Oneka, eta ohartarazi du adineko emakumeek indarkeria matxista jasateko «arrisku berezia eta are larriagoa» dutela: «Izan ere, indarkeria mota hau ikusezinagoa da, eta luzaroan gertatzen da. Adineko emakume askok bizi duten bakardade suntsigarriak are ikusezinagoak bihurtzen ditu, eta bereziki zaurgarriak inpunitatez beterik gertatzen den indarkeriari dagokionez».
Emakundek ere gogoratu du indarkeria matxista konplexua dela, eta «mota guztietako harremanetara» zabaltzen dela. Azaldu du Barakaldoko hilketa familia eremuan gertatu dela, baina gizon eta emakumeen arteko «botere harremanak» eta «desorekak» azaleratzen dituela.