Ikur frankistak

Barakaldoko gurutze frankista bota du Ernaik

Bere egin du Erandioko ikur frankistaren aurkako erasoa ere, eta adierazi Bizkaian ez dela geratzen «monumentu frankista publikorik».

Gurutzea zegoen lekua, hura bota berritan, Barakaldon. ERNAI
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 22a
11:50
Entzun

Cabo Quilates itsasontziari egindako erasoaren gurutzea eraitsi du bart Ernaik, Barakaldon (Bizkaia). Gazte antolakundeak bere egin du Erandioko (Bizkaia) monumentu frankistaren aurkako erasoa ere: «Itsasadarraren bi aldeetako monumentu frankistak kenduta daude». Hala, Bizkaian «monumentu frankista publikorik» ez dagoela adierazi du.

«Faxismoa indartzen eta 1978ko Espainiako erregimenean inpunitate osoz jarduten» ari den honetan, estatuaren «oinarri faxista» eta haren «espresio guztiak» salatzeko eta borrokatzeko beharra nabarmendu du Ernaik: «Euskal Herriaren memoria justu eta demokratikoa defendatzeko».

Borroka horren barruan kokatu du Ernaik ikur frankistak kaleetatik kentzea. «Erakundeen pasibotasunaren aurrean», azken urteetan Ondarroako, Lemoako Gantzabal mendi gaineko (Bizkaia) eta Buruntzako (Gipuzkoa) monumentu frankistak eraitsi dituztela azaldu du. Hala, haiei Erandiokoa eta Barakaldokoa gehituta, antolakundeak azaldu du Bizkaiko kaleetan ez dela ikurrik geratzen.

Halere, Ernaik azaldu du ez duela bere jarduna ikurrak kentzera mugatu, eta «herriaren memoriarekin konpromisoa» azaldu du: «Egiazko memoria justu baten aldera lerratzen gara, faxismoak herri honetan eragindako mina eta zapalkuntza argitara aterata». Era berean, eskuin muturraren egungo espresioei aurre egiteko asmoa adierazi du. «1978ko erregimenarekin hautsi eta bestelako Euskal herri bat eraikitzeko behar ezinbestekoa azpimarratzen dugu», gehitu du adierazpenean.

Cabo Quilatesen omenezko gurutzea kendu beharreko ikurren zerrendan zuen Gogora Institutuak, eta 36ko gerraren hasieran hirian gertatutakoak azaltzeko plaka batzuk jartzeko asmoa adierazi zuen Barakaldoko Udalak 2020an. Ordutik, baina, ez zen aurrerapausorik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.