Jordi Calvo. Centre Delaseko koordinatzailea

«Bankuek enpresek baino erantzukizun handiagoa daukate»

Armagabetzeari buruzko adituaren ustez, gatazka gutxiago egongo ziren bankuek ez balute armagintza finantzatuko. Eskatzen du bankuek azter dezatela finantzatzen dituzten proiektuek zer eragingo duten gizartean.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Bakeari eta armagabetzeari buruzko ikerketak egiten ditu Centre Delas Kataluniako elkarteak, eta horien koordinatzailea da Jordi Calvo ekonomialaria (Castello, Herrialde Katalanak, 1975). Aurten, Icaria argitaletxeak Guía para no colaborar con la financiación de armas liburua kaleratu du (Armen finantzaketan ez kolaboratzeko gida), eta Calvok koordinatu du. Ikerketa lan horrek datu bat nabarmendu du: 2013 eta 2018 artean, 35 herrialdetako 450 bankuk baino gehiagok 740.000 milioi euroren bidez finantzatu zituzten 36 arma enpresa.

Liburutik atera daitekeen ondorioetako bat al da askoz ere gatazka armatu gutxiago egongo zirela bankuek armagintza finantzatuko ez balute?

Baietz esatera ausartuko nintzateke; edo, gutxienez, [gatazka] batzuek gutxiago iraungo zuten, eta indar armatuaren erabilera ez zen hain bizia izango. Ikusi ahal izan dugunez, armen enpresek bankuen beharra dute, eta beste edozein enpresa bezala daude zorpetuta; hau da, %75 inguru. Zer esan nahi du horrek? Askoz ere zailtasun gehiago edukiko zituztela haien produktuak, armak, ekoizteko, eta gero esportatzeko.

Arma enpresek estatuei saltzen diete batez ere, gobernuei beraiei. Harreman oso zuzena dute. Beraz, gobernuek nahi dute enpresek gehiago ekoiztea, kostu bateratua txikiagoa izan dadin. Eta horretarako beharrezkoa da armen esportazioa. Beste herrialde batzuetara zenbat eta gehiago saldu, orduan eta merkeago aterako zaio industria hori mantentzen duen herrialdeari.

Bestalde, zenbaitetan gertatzen da zorionez ez dituztela armak erabiltzen. Sinpleki, inertziagatik gastatzen da, edo enpresa horiek itxi ez daitezen, ekoizpen gaitasuna gutxitu ez dezaten, haien jarduera ekonomikoa mantentzeko.

Zer nabarmenduko zenuke finantzaketa molde horretan?

Finantzaketa gertatzen da bankuen beraien maileguak lortuz.Bestela, finantzaketarekin loturiko finantza zerbitzuek lotura zuzenagoa dute pertsonok eskura ditzakegun produktuekin. Produktu horiek, agian, hegakorragoak dira. Bankuek ahalbidetzen dute arma enpresek finantzaketa lortzea bonuen eta akzioen jaulkipenaren bidez. Bankuetan esaten digutenean kontu korronte bat irekitzeko diruari errendimendua eman ahal izateko, askotan inbertitzen ari dira arma enpresen kapital handitzeetarako bonuak eta akzioak erosteko. Modu horretan, enpresa horretako akziodunak bihurtu daitezke, presentzia, pisua edo boterea edukitzeko. Aspektu hori bereziki aipagarria da, kasu horretan azalpenak eskatu ahal izango genituzkeelako.

Arma enpresa oso handiek sindikatutako maileguak deitutakoak ere baliatzen dituzte. Hau da, diru asko exijitzen dute, eta banku batek agian ez du arrisku hori hartu nahi. Horrenbestez, hainbat banku elkartzen dira mailegu hori emateko. Esaterako, BBVAk eta Banco Santanderrek arma enpresekin hori egitea ohikoa da.

Bankuen jokatzeko modu hori salatzen duzue. Baina salaketetatik haratago biderik egin al daiteke?

Gure salaketarekin azaldu nahi dugu nola funtzionatzen duen bere horretan ekonomia bat den sektore batek. Finantza babesik gabe funtzionatzen ez duen eredu ekonomiko batez ari gara. Beste edozein enpresak, are, gobernuek baino erantzukizun askoz ere handiagoa dute bankuek. Banku batek, erabakitzen duenean non inbertitu bere dirua, nori eman mailegu bat, egiten ari da gauzak gertatzea edo ez gertatzea. Botere izugarria da hori. Erabaki hori hartzen dutenean, bankuek egiten dute arriskuen analisi bat. Horrek oinarri bakarra du: bueltan jasoko duten ala ez.

Guk eskatzen dugu, eta joera berri bat da, bankuek aztertzea finantzatzen dituzten proiektuek zer eragingo duten gizartean. Hau da, finantzatzen baduzu gerra batean erabiliko diren armak ekoizten dituen enpresa bat, gertatu daiteke armamentu horrekin gerra krimenak egitea. Nolabait, bankuak hasi zuen hori gertatzeko bidea. Uste dugu noizbait azterketa hori egin beharko litzatekeela. Halere, baikortasun ezdeusa da. Izan ere, ikusita ekonomiak nola funtzionatzen duen, ez dago inongo momentutan halakorik gertatzeko espektatibarik.

Beraz, zail ikusten duzu bankuetako buruak horregatik auzitegietara eramatea, adibidez.

Egongo balitz epaile bat hau dena aztertuko zuena... Esaterako, galdetu zezakeen: «Nork ekoitzi zituen Yemen bonbardatzeko erabiltzen diren bonbak? Nola saldu ziren? Nork onartu zuen salmenta hori? Nor dago atzean?». Hori eginez gero, erantzuleen zerrenda bat aterako litzateke. Armagabetzean, perspektiba hori irekitzen ari gara, eta landu egin beharko dugu. Tira, bide judizialari ez jarraituta ere, badu, nolabait, sen oneko narratiba bat, nahiko humanoa dena. Halere, gobernuek ez badituzte egiten inbertsio horiek debekatzen dituzten legeak, inbertsio horiekin segituko dute.

Dirua banku tradizional batean duen bezero batek gehiegizko ahaleginik egin gabe jakin dezake banku horrek armagintzan inbertitzen duen? Edo kontrakoa gertatzen da?

Guk hamarkada bat baino gehiago daramagu kanpaina honekin, eta bankuari galdetzen badiozu, erantzuna izango da haiek ez dutela informazio hori. Esaten dizute informazio sekretua dela, isilpekoa, ezin dutela partekatu. Baina ez da egia. Izan ere, baliteke maiztasun handiz agertzea arma enpresak haien bezeroen artean.

Bankuek ikusi dute bezero batzuek galdetu egiten dutela, eta, orduan, bezeroari esaten diote ez arduratzeko, bere inbertsio propioak ez direla bideratzen enpresa horietara, baina gainontzekoa haien kontua dela.

De la Banca Armada a la Banca Etica (Banka Armatutik Banka Etikora) liburua ere koordinatu duzu. Banku etikoen kontzeptua ez da berria. Sustraitu al da gizartean?

Ia-ia edozein herritarren eskura dagoen errealitate bat da, eta bolumen nahiko handia du.

Nagusiki, zertan bereizten dira banku tradizional bat eta banku etiko bat?

Banku etikoak bere bezeroak hautatzeko irizpide bat dauka; dirua inbertitu nahi den proiektuaren izaeraren araberakoa da irizpidea, batez ere. Irizpide positibo batzuk daude mailegu bat edo kreditu bat emateko orduan. Horiek dira ea hezkuntza proiektu bat den, edo ingurumenarekin lotura duen, edo konpromiso soziala duen, besteak beste. Beste aldetik, irizpide negatiboak ere badaude. Ez da onartzen dirua ematea, proiektua baldin bada, esaterako, armak egiteko, lan esplotazioa sustatzeko... Hau da, etikarik, moralik, gabeko ekonomia sortzen dutenak. Kapitalismoa bere onetik aterata egotearen erantzulea da banku tradizionala. Banku etikoak ekonomia egiteko beste modu baten alde apustu egiten du. Biltzen gaituen zibilizazio krisiari aurre egiteko etorkizunerako alternatiba litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.