Patxi Colorado. Etxegabetua izateko arriskuan den pentsioduna

«Bankuak banku dira; jendearen elkartasuna da nire itxaropena»

Datozen asteetan bi etxegabetze egin nahi dituzte Galdakaon, eta, hori salatzeko, gaur elkarretaratzea egingo dute herrian. Coloradorena da kasuetako bat; dioenez, alokairu sozial bat lortu ahal izatea baino ez du eskatzen.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Galdakao
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, datozen egunetan bi etxegabetze egin nahi dituzte Bizkaiko herri horretan. Batetik, emakume bat eta haren hiru seme-alabak kalean geratzeko arriskuan daude; bigarren kasua Patxi Coloradorena da, 67 urteko marinel erretiratu batena, zeina, lanik gabe gelditu zenean, hipotekari aurre egin ezinik lotu zen.

Kezkaturik eta urduri dago Colorado, geroak zer ekarriko dion ez dakiela. Pilatutako zorra erreklamatzen dio Kutxabankek, eta auzitara jo du bankuak, haren gurasoena izandako etxetik kanporatzeko asmoz. Etxebizitza Sindikatuak adierazi duenez, egunotan saiatu dira Kutxabankekin harremanetan jartzen negoziatu ahal izateko, baina ez dute erantzunik jaso. Gaur elkarretaratzea egingo dute Galdakaoko (Bizkaia) Santi Brouard plazan, 19:00etan.

Zein da gaur egun zure egoera?

Ni marinela naiz. Erretiratuta nago, baina orain pentsioa eten egin dut eta lanera itzuli naiz, itsasora, pentsioa igotzea lortu nahi dudalako.

Dena hasi zenean, nik kontratu finkoa nuen, gurasoen etxea erosteko moduan nengoen, eta bankuan kreditu bat eskatu nuen. Baina, gero, egun batetik bestera, itsasontziak saldu zituzten, eta urtebete eta erdiz lanik gabe egon nintzen.

Eta orduan hasi ziren hipoteka ordaintzeko arazoak?

Bai. Itsasontziak atzerrikoak ziren, eta, beraz, marinel immigranteentzako Espainiako lan ituna aplikatzen zidaten. Gutxienekoa kotizatzen nuen, eta, langabezia sarirako eskubidea nuen arren, oso babes gutxi neukan.

Langabezian geratu nintzenean, bankuarekin negoziatzen saiatu nintzen, baina ez zuten onartu: ni lan egiteko moduan nengoela esaten zidaten. Zorra handituz joan zen, eta etxea bahitzeko lehenengo ohartarazpena iritsi zitzaidan. Orduan ere negoziatzen saiatu nintzen, baina uko egin zioten berriro ere.

Horrek guztiak ondoriorik ekarri al dizu?

Prozesu hau psikologikoki oso gogorra izan da. Urte txarrak izan dira. Ez dut ahalmen ekonomikorik izan abokatu bat kontratatzeko, eta ofiziozko bat eman zidaten, baina hark ez zituen gauzak ondo egin, eta orain hemen gaude, etxegabetzerako eguna noiz ezarriko duten zain.

Zer eskatzen duzu?

Nik ez dut nahi inork etxea doan ematerik. Gustura hartuko nuke, jakina, baina ez da hori nik eskatzen dudana. Hura nire gurasoen etxea izan zen, nik 67 urte ditut jada, eta eskatzen dudan bakarra da alokairu sozial bat, eta nik alokairu hori ordaintzeko konpromisoa eta betebeharra hartzea. Hori baino ez.

Azkenean arazoa konpontzea espero al duzu?

Bankuak banku dira, eta badakigu nola jokatu ohi duten. Haiengan konfiantzarik banu, ez nintzateke egongo nagoen bezain urduri eta larri. Nire konfiantza beste bat da, laguntzen ari zaidan jendeak ematen didana. Jendearen elkartasuna da nire itxaropena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.