Hezkuntza. Biktimen lekukotasunak

«Bandoak» hausteko modua

Alde guztietako biktimek euren bizipenak eskoletan zuzenean azaltzeak dakartzan onurei buruz aritu da Xabier Etxeberria katedraduna; oraindik ausartu ez direnei urratsa egiteko gomendatu die.

Gorka Ruiz koordinatzailea eta Xabier Etxebarria, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Biktimek ikastetxeetan zuzenean parte hartzea alde guztientzat ona dela argi du Xabier Etxeberria Mauleonek. Ez du zalantzarik. Ariketaren emankortasunaz mintzo da. «Bakegintzari, memoriari, etorkizunari eta adiskidetzeari» egiten dion ekarpen emankorrari buruz. Emaitzak uste baino hobeak direla dio; pentsaezina dela lortzen dena. Oraindik esperientzia horretan murgiltzen ausartu ez direnei, beraz, hasteko deia egin die.

Deustuko Unibertsitatean katedraduna da Etxeberria, eta bertako Etika Aplikaturako Zentroko kide. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzak biktimak eskoletara eramateko sustatu zuten proiektuan, heziketa eta aholkulari lanetan dihardu. Biktimintegia jardunaldietako lehen txostena aurkeztean kontatu du orain arteko esperientzia, Biktimen presentziaren balorea euskal hezkuntzan izena eman dion txostena azaltzean.

Indarkeriak eragindako biktimen gordintasuna zuzenean ezagutzean, identitateen nolakotasunak garrantzia galtzen duela dio irakasleak. Indarkeriaren alderik gogorrena ezagutu, eta biktimak ikusten direla bere sakontasunean. Areago, hainbesteko indarra hartzen du biktima izaerak, alde bateko zein besteko biktimak «berdindu» egiten direla une jakin batean. «Denak dira biktimak».

Arrazoi politikoek eragindako biktima guztiak hartzen ditu aintzat: «ETArenak, ETAren aurkakoek eragindakoak eta estatu indarkeriarenak». Eskoletara jatorri desberdinetako biktimak elkarrekin joateak, gainera, fruitua biderkatu egiten duela ikusi du. «Egoera berean daude biktimak, guztiak doaz biktima gisa, eta senidetu egiten dira». Harreman estuak lortzen dituzte haien artean, eta hurko gisa aritzen dira bata bestearekin.

«Gureak eta besteak»

Adiskidetzea sustatzeko modutzat du proiektua. «Aurrez aurre dauden bandoen» gisa aritzeko joera hautsi egiten dela dio. «Gureak eta besteak» banaketa ezerezean geratzen dela. Eta, irakaslearen esanetan, biktimekiko egin daitezkeen erabilera politikoak ere desegin egiten dira. Dagoeneko denak dira indarkeriak eragindako sufrimendu gogorraren biktima injustuak. Maila berean dauden kideak dira, bakoitzak bere mina elkarren ondoan partekatu dutenean.

Urteetan gainditu ezina izan den zurrunbiloa hautsi egiten da, beraz. Bai biktimen euren artean, bai horiek nola ari diren zuzenean ikusten ari direnengan. Areago: hizlari bakoitza nork eragindako biktima den amaiera arte argitu ez den kasuetan, kolpea areagotu egin dela azaldu du katedradunak. Jasan dutena soilik ikusten dutela, bestelako aurreiritziak alboratuta, eta noren erasoa jaso zuten esatean harridura handiak sortu izan direla.

«Presentzia fisikoak» eragiten du hori guzti hori, Etxeberriaren esanetan. Eta, egin diren probak positiboak izan dira, zalantzarik gabe. Hala ere, oraindik badaude beldurrak, inertziak eta aurreiritziak. Irakasleenak eta gurasoenak. Proposamena eskoletara eraman denetik mesfidantzak izan dira nagusi, eta, irakasleak kontatu duenez, «autojustifikazioak» jasotzen dituzte eskoletatik ezezkoak emateko. «Zatitu egiten duela eta kontrako eragina eragingo zuela esaten zen hasieratik; zenbaitek indarkeria amaitu arte itxaron behar zela zioten».

Baina gaia «zaila» izan arren heldu egin behar zaiola seguru dago. Areago, ezin du ulertu nolatan ez den gaia ikastetxeetan landu oraintsu arte: «Biktima aurrean duzunean ikusten duzu benetan, eta ez da ulergarria horrek hezkuntzan lekurik ez izatea. Biktimei buruz haiek gabe hitz egiteak ere ez zuen zentzurik; paternalismo gogor batekin jokatzea litzateke».

Hark pertsonalki aspalditik zuen asmoa 2005era arte gauzatu ez izana okerra izan zela deritzo. Orduan «polemikaz» inguratuta sortu bazen ere, bai gazteak elkarbizitzarako hezteko, bai biktimen aitortzarako, bai memorian oinarritutako bakegintzan aurrera egiteko bidea dela uste du: «Memoria gabe, iraganetik ikasi gabe begiratuko zaio etorkizunari».

Irakatsi ezin dena ikusarazten

«Irakastea ezinezkoa dena» erakusten du biktimen lekukotasunak lehen eskutik jasotzeak, Javier Vitoria teologo eta EDE Fundazioko presidentearen esanetan. Biktimak «absentzien lekukoak» direla dio, eta irakasten zaila dena ikusarazten dutela. «Biktimak ez du frogatzen; erakutsi egiten du». Teologoaren ustez, «modu kutsakorrean» ikasten da biktimei entzunda; «mimetikoki».

Transmisiorako gaitasun handia duela azaldu du, beraz. Eta balio handi bat gordetzen duela: «Entzundako esperientzia horiek pentsatzera bultzatzen dute. Ez dute esaten nola pentsatu edo zer egin behar duzun, baina pentsatzera zaramatza; herri honetan akatsak ez errepikatzeko zer egin behar dugun pentsatzera».

Beraz, biktimen lekukotasunak entzun eta barneratuta, «gertatutakoa berriz gertatzen bada» gizartea hezita izatea lor daitekeela uste du; «inor ez dadila lakratuta geratu».

Bakeola zentroak antolatu du Biktimintegia, eta Gorka Ruiz koordinatzaileak azaldu du metodologia. Parte hartzea sustatu nahian, adituen hitzaldi teorikoez eta esperientzia mahaiez gain, hausnarketak eta gomendioak proposatzeko aukera ere eman diete parte hartzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.