EAJren Euskadi Buru Batzarreko bigarren bilera egin dute arratsalde honetan, eta burukideen artean ardurak banatzeko baliatu dute. Aurreko astean, Maitane Ipiñazar izendatu zuten EBBko idazkari, eta gaur gainerako sailak noren esku izanen diren ere jakinarazi dute. «Euskadiren eta euskal hiritarren mesedetan onena emateko helburua» dutela adierazi du EAJk ohar batean.
Ikusi gehiago
EBBko idazkari gisa, Ipiñazarren gain izanen dira barne koordinazioa eta komunikazioa, eta azterketak, analisiak, gizarte prospekzioa eta hauteskunde kanpainak. Legebiltzarkide bizkaitarra giza baliabideez ere arduratuko da. Diruzaintza arloa —ogasuna, ekonomia eta ondarea— Manu Tejadaren esku izanen dira, baita garraio eta enplegu sailak ere. Joseba Díez Antxustegi izanen da, aldiz, politika instituzionaleko arloaren arduraduna. Eusko Legebiltzarrean talde jeltzalearen bozeramailea da gaur egun, eta bere gain izanen du Gasteizko, Iruñeko, Madrilgo eta Bruselako talde parlamentarioen koordinazio lana ere. Azkenik, migrazio gaiak ere egongo dira Asparreneko (Araba) burukidearen ardurapean.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak zuzenduko ditu industriari eta trantsizio energetikoari lotutako gaiak. Antolakuntzaz, haatik, Andoni Busquet Basauriko (Bizkaia) alkate ohia arduratuko da, alderdikideen mobilizazioaz eta ekitaldien antolaketaz, zehazkiago. Hezkuntza, kultura, kirola eta etxebizitza ere haren gain izanen dira. Euskara gaiez Olano eta Busquet arituko dira, elkarlanean.
Javier Ollo Altsasuko (Nafarroa) alkate eta Nafarroako Parlamentuko diputatuak ere ardura bat baino gehiago izanen ditu, hala nola lurraldearen antolamendua, 2030erako Agenda, lehen sektorea eta ingurumenaren jasangarritasuna. Miren Martiarena jabetuko da kanpo harremanez eta berdintasun arloaz. Hala, hark kudeatuko ditu gazteak eta helduak. Azkenik, Ion Ganbra gipuzkoarra arduratuko da gizarte politiken arloaz; haren esku izanen dira osasuna, giza eskubideak eta elkarbizitza ere.
Aitor Esteban buru duela, EBB Euzkadi Buru Batzarra urrun geratu da parekidetasunetik (hamar gizon eta lau emakume), baina Estebanek, EBBko buru gisa egindako lehen hitzaldian, agindu zuen sustatu egingo zuela alderdiko emakumeak ardura postuetan aritzea. Hala, emakumeak izan ziren izendatu zituen lehen kargudunak: Ipiñazar EBBn, eta Maribel Vaquero jeltzaleen eleduna izateko Espainiako Kongresuan. Kaleratu dute Ipiñazar Estebanek babestu zuela eta haren gertukoa dela. Vaqueroren izendapena, berriz, Gipuzkoako jeltzaleei egindako keinutzat har daiteke, Xabier Arzalluzen garaitik ez baita egon Madrilen eledun gipuzkoarrik.
Andoni Ortuzarren, Estebanen beraren eta Gipuzkoako jeltzaleen artean adostu zuten EBBko kide izanen zirenen zerrenda, Ortuzarrek bigarren itzuliari uko egin aurretik, zabaldu zenez, eta, gero, batzokietan, militanteek berretsi egin zuten zerrenda hori.
Negoziazioak, «isilean»
Esteban Euskadi Irratian egon da goizean, eta estatus politikoaren inguruko elkarrizketa «lasaia eta isila» izan dadila eskatu dio EH Bilduri, akordioa lortu ahal izateko: «Behin eta berriro hedabideetan hitz egiten aritzea ez da komenigarria, prozesu hau guztia arrakastatsua izatea nahi badugu». EBBko presidenteak adierazi du presaka aritzea ez dela komeni, betiere koalizio abertzaleari erreparatuz. Arnaldo Otegik «anbizio nazionala» eskatu zion, eta buruzagi jeltzaleak azpimarratu du EAJ hasieratik aritu dela «autogobernua sortzen, indartzen eta zabaltzen».
Anbizioaorain arte nork eduki duen ere galdetu dio Estebanek Otegiri: «Orain, anbizioa? Orain zer da, zerourtea? Orain hasiko da bizitza? Orain korrika hasi behar dugu, baten batek presa daukalako?». Edonola ere, Estebanen esanetan, Madrilen «zirrikitu bat» egon den bakoitzean autogobernua «bultzatzen eta zabaltzen» aritu da EAJ, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko du.
Zirrikitu hori, oraingoan, baliteke Pedro Sanchezen gobernuak sortzea, boterean jarraitzen badu behintzat. Bada, Sanchezen gobernua sendo ikusten du Estebanek, eta luzaroan iraungo duela uste du, nahiz eta aurten aurrekonturik ez onartu.