«Haurrak eta nerabeak objektu eskubideduntzat hartzen dira kontuan sarri; ez, ordea, subjektu eskubideduntzat». Reyes Goikoetxea abokatua da, dibortzioetan eta banaketa prozeduretan espezializatua. Azaldu duenez, ezinbestekoa da jakitea haurrek zer iritzi duten haiengan eragina izango duten gaiei buruz; besteak beste, gurasoen banaketan. Izan ere, Izar Arregi psikologoaren arabera, banaketa guztientzat da gogorra, baina haurrak izaten dira «ahulenak». Eta bide judizialean are gehiago islatzen da hori. Gurasoak banatzeko egindako ebazpenean, seme-alaben ongizatea bermatzea da lehentasuna.
Hain justu, Espainiako Familia Abokatuen Elkarteak salaketa bat aurkeztu du aurten NBE Nazio Batuen Erakundeko Haurren Eskubideen Batzordean, eta adierazi Espainian, gurasoak banantzekotan direnean, umeei ez dietela bermatzen entzunak izateko eskubidea. Haurren Eskubideei Buruzko Nazioarteko Konbentzioaren arabera, haurrek eskubidea dute euren iritzia aske emateko haiengan «eragina duten gai guztien gainean, betiere haurrak gai badira iritzi hori aske emateko».
Era berean, adingabeak babesteko legeak dio Hego Euskal Herrian 12 urtetik gorako guztiek dutela eskubidea entzunak izateko, baita 12 urte eduki gabe ere heldutasun nahikoa dutenek ere. Ipar Euskal Herrian, berriz, legeak ez du adin jakinik aipatzen; heldutasuna hartzen dute kontuan. Salaketa aurkeztu duten abokatuek hori bera eskatu dute: banaketetan haurrei entzun diezaietela.
Bikote batek banatzeko akordiorik lortzen ez duenean, auzitara jotzen du. «Arazoa ez da banaketa, baizik eta banaketa gatazkatsua izatea; epaiketa badago, prozesua gatazkatsua den seinale», zehaztu du Arregik; besteak beste, banaketa prozesu baten parte diren seme-alabekin egiten du lan berak. Goikoetxeak, berriz, esan du lanean «bide guztietatik» saiatzen direla akordioa lortzen epaitegira ez iristeko, prozedura judizial hori «oso gogorra» izan ohi delako seme-alabentzat.
Epaitegiak toki arrotza direla azaldu du abokatuak. «Alde batetik, haurrek korridore grisetan egon behar dute». Bestetik, epaiketa gelan deklaratu behar dute, ez baitago «erabilera anitzeko gelarik» horretarako. Fiskala eta epailea egoten dira han, euren toga eta jantziak soinean. Salaketa jarri duen abokatuen elkartearen arabera, horrek «beldurtu» egiten ditu adingabeak, eta «hertsatuta» sentitzen dira. «Trauma askoz handiagoa izango da, eta ez dute aske hitz egingo», zehaztu dute.
«[Norekin egon nahi duten] galdetzen dietenean, agian betiko etxean geratu nahi dute, guraso batekin, baina ez dute nahi beste gurasoa gaizki sentitzerik, eta horrek eragiten du zaintza partekatua nahi dutela esatea»
IZAR ARREGIPsikologoa
Askotan, gainera, gurasoek deklaratzen duten momentu eta toki berean deklaratu behar dute seme-alabek, eta horrek tentsioa areagotzen du. Arregik ohartarazi du haurrak eta gazteak «estu» egoten direla halakoetan. «Antsietatea, alergiak gorputz guztian… Oso gaizki egoten dira». Epaiketaren aurretik, gurasoren batekin egon izan ohi dira, edo beste senide batekin. «Guraso bakoitza bere aldetik ikusten dute, bakoitza bere abokatuarekin, oso haserre», Goikoetxeak esan duenez. «Tentsioa oso handia da, eta, beraz, askotan semeak edo alabak ez daki zer esan», gehitu du Arregik.
Iritzia «presiopean»
Epaiketa aretoan, galdera zuzenak egiten dizkiete haurrei: besteak beste, zer gurasorekin nahiago duten egon. «Horrek leialtasun arazo ikaragarria sortzen die», nabarmendu du Goikoetxeak. Eta Arregik zehaztu du: «Hori galdetzen dietenean, agian betiko etxean geratu nahi dute, guraso batekin; baina, noski, ez dute nahi beste gurasoa gaizki sentitzerik, eta horrek eragiten du zaintza partekatua nahi dutela esatea». Iritzi hori «presiopean» ematen dutela azpimarratu du Arregik. «Haurrari entzun egin behar zaio, baina ez hori bakarrik: haren tokian jarri behar dugu, eta aztertu nola dagoen». Izan ere, iritzia alda lezake.
«Umea beldurtuta dagoenean, iritzi bat ematen du, baina agian handik astebetera, lasaitzen denean, beste iritzi bat ematen du», azaldu du psikologoak. Hortaz, baliteke hasieran umeak zaintza partekatua nahi duela esatea, baina handik aste batzuetara beste iritzi bat izatea. Prozesu terapeutikoaren barnean, iritzi aldaketa hori aurrerapauso bat da psikologoentzat, ukatze defentsa apaldu eta iritzi propioa osatzen ari baita. Abokatuentzat, berriz, kontraesan bat da, Arregiren hitzetan: «Abokatuak datuak eta datuak behar ditu denbora guztian. Askotan, datuak baino garrantzitsuagoa da aztertzea zergatik eman duten iritzi hori».
Kasu batzuetan, ordea, seme-alabek «komeni» ez zaien guraso batekin egon nahi dute; esaterako, drogen kontsumo arazoak edo buru osasuneko arazoak dituen gurasoarekin. «Umeak guraso horrekin egon nahi duela esan duenez, zaintza partekatua adosten dute. Guraso horrekin egotea egokitzen zaionean, baina, ez da gai haurra zaintzeko, eta ebazpena igorria dute jada». Haurren iritzia kontuan hartzeaz gain, kontuan hartu behar da adin horretan zer komeni zaien, Arregik nabarmendu duenez.
Organo juridikoek edo fiskalek eskatzen dutenean, seme-alabak epaitegiko lantalde psikosozialarekin egoten dira, epaitegian deklaratu aurretik. Bertan, psikologo batek elkarrizketa egiten die. Arregik aditzera eman duenez, posible da elkarrizketa horren ostean bi aldeetako abokatuak ados jartzea eta epaiketarik behar ez izatea.
«Ebazpenetan, erabaki guztiak eta seme-alabentzat izango dituzten ondorioak aztertu behar dira»
REYES GOIKOETXEAAbokatua
Psikologoaren ustez, ezinbestekoa da epaiketa egin aurretik sistema publikoek lantalde psikosozialaren parte hartzea bermatzea. «Bertako psikologoak inpartzialagoak eta objektiboagoak dira; finean, kontsulta pribatura jotzen dutenean, gurasoetako batek nahi izan duelako jotzen dute». Lantalde psikosozialarekin «pare bat saio» egitea litzateke egokiena, eta gero deklaratzea.
Seme-alaben ongizatea lehenetsi behar da, Goikoetxeak argi utzi duenez: «Ebazpenetan, erabaki guztiak eta seme-alabentzat izango dituzten ondorioak aztertu behar dira». Baina Arregik adierazi du abokatu bakoitzak defendatzen duen gurasoaren eskubideak jartzen dituela lehen lerroan. «Gurasoen eskubideen gainetik, umeen eskubideak jarri behar dira, eta ez dago abokaturik eskubide horiei begira. Psikologoa dago eskubide horiei begira, baina epaiketan ezin du ezer esan, testigu gisa ez bada. Eta testigu gisa baldin badoa, iritzia baino ezin dezake eman». Psikologoen eta abokatuen elkarlan handiagoa galdegin du Arregik; hau da, psikologoek gehiago ezagutu beharko lukete sistema judiziala eta abokatuen jarduna, eta alderantziz.
Gurasoak ondo aztertu
Prozesua ahalik eta hobea izateko, hainbat gomendio eman ditu Arregik. Hasteko: «Egokiena haurrak psikologoarengana joatea litzateke, nahitaez». Bestalde, uste du gurasoak ondo aztertu behar direla zaintza zeini eman zehaztu aurretik. Azaldu du gurasoren batek menpekotasun bat baldin badu, edo buru osasuneko arazoren bat, osatu arte beste gurasoak zaindu beharko lukeela, nahiz eta zaintza partekatua adostu.
«Sententzia ez dadila izan behin betikoa». Ebazpena malgua izan dadila exijitu du psikologoak, harremanak aldatu egiten baitira, «onerako zein txarrerako». Jarraipen hori egiteko, bitartekari zerbitzuaren lana goraipatu du. Urtero bitartekariarekin bilduz, prozesua ahalik eta gutxien judizializatuko dute, eta segida egingo diote zaintza partekatuari eta haurren ongizateari.
Tratu txarrak dauden kasuei dagokienez, aldarrikapen argia egin du Arregik: «Tratu txarrak daudenean, zaintza ezin da partekatua izan; halakoetan, ezin da esan aitek eskubideak dituztela». Gertatu daiteke epaiketa batean tratu txarrak izan direla aitortzea baina banaketa adosteko epaiketan zaintza partekatua onartzea. «Aurreko epaiketa ez dute kontuan hartzen, agian zigorra betea duelako. Halakoetan, baina, ebazpena ezin da zaintza partekatua izan».
Anai-arrebetan ere egin du azpimarra: «Familia sistema bat da, azpisistema diferenteak dituena; besteak beste, anai-arreben azpisistema». Banaketetan, bikote harremana apurtzen da, baina gainontzeko azpisistemek berdin jarraitzen dute. «Gurasoak guraso izango dira beti, eta anai-arrebak beti izango dira anai-arrebak; beraz, gurasoak banatzen dira, baina seme-alabak ez». Halakoetan, elkarren «indargune» izan ohi dira anai-arrebak, eta asko laguntzen diote elkarri. «Azpisistema hori indartzeko aukera izan daiteke».