Etxebizitzen salneurria garestitzen ari da Euskal Herri osoan, baina, bereziki, Iparraldean. Hala ondorioztatu du Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiak, azterketa baten bidez. Kostaldeko hirietan eta herri handietan daude Euskal Herriko etxebizitzarik garestienak, erosteko zein alokatzeko: Baiona-Angelu-Miarritze inguruan (Lapurdi), Donostian eta Getxon (Bizkaia).
Fenomeno interesgarri bat ikusi du Gaindegiak: COVID-19ak eragindako izurriak hoztu egin du etxebizitza merkatua Hegoaldean, baina ez Ipar Euskal Herrian. Ikerlarien arabera, 2013tik ari zen puzten etxebizitzaren salerosketa, eta pandemiak joera hori eten egin du Hegoaldean. 2020an, aurreko urtean baino %11,5 etxebizitza gutxiago (3.257) salerosi ziren. Iparraldean, ordea, %44,8 igo da salerosketa epe berean.
Horren arrazoia ez dago argi, baina gogoratu behar da Lapurdiko kostaldea ihesleku izan dela Parisko biztanle askorentzat, esaterako, konfinamendu garaietan. Horregatik, ez da harritzekoa salerosketa kostaldean, Aturrin, Lapurdiko hegoaldean eta Errobi aldean igo izana gehien.
Gaindegiak kalkulatu du Euskal Herriko 25.000 biztanletik gorako udalerrietako metro koadroak zenbat balio duen. Garestiena Miarritzekoa da (6.489). Ondoren doaz Angelu (4.800), Donostia (3.737), Baiona (3.383), Getxo (2.994), Leioa (2.611) eta Bilbo (2.510). Aldiz, Maule-Lextarre (1.233) eta Iruñea (1.848) dira hiriburu merkeenak.
Alokairuari dagokionez, Miarritze eta Donostia dira garestienak. Miarritzen 15,5 euro ordaintzen da metro koadroa hilean, batez beste; Donostian, 14,6. Arabako Errioxan, Aiaraldean (Araba) eta Arratian (Bizkaia) daude alokairu merkeenak. Edonola ere, bizitoki gutxi daude alokairuan Euskal Herrian: erabilera iraunkorra duten etxebizitzen %15,2 alokairukoak dira; Europako Batasuneko batez bestekoak, ordea, kopuru hori bikoizten du.
Gazteak gurasoenean
Gazteen emantzipazioaren inguruko datuak ere eman ditu Gaindegiak. Ondorioztatu duenez, izurriaren aurkako neurriek are gehiago apaldu dute emantzipazioa Hego Euskal Herrian, 3,4 puntu: hamar gaztetik sei gurasoen etxean bizi dira orain. Iparraldean, berriz, 20 eta 34 urte artekoen hiru laurdenak gurasoen etxetik kanpo bizi dira.
BAMen, Donostian eta Getxon daude etxebizitzarik garestienak
Gaindegiak emandako datuen arabera, Iparraldean %44,8 igo da etxe salmenta. Izurriak gazteen emantzipazioa apaldu du Hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu