ATENTATUA GETXON

Balza: «Irekita dagoen edozein prozesu dinamitatzea da ETAren helburua»

Alderdi gehienek gaitzespen mezuak zabaldu zituzten atzo; ETAri indarkeria uzteko eskatu zioten

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Eusko jaurlaritzak, Nafarroako gobernuak eta alderdi politiko gehienek atzo Getxon izaniko atentatua gaitzetsi zuten. ETAri indarkeria alde batera uzteko eskatu zioten, halaber:

-Eusko Jaurlaritza: Herrizaingo sailburu Javier Balzaren hitzetan, «irekita dagoen edozein prozesu dinamitatzea da ETAren helburua. ETAk ez du lortuko proiektu politikoak bonben bidez lurperatzea». Batasunari, Arnaldo Otegiri eta ETAri zuzendu zitzaien Balza: «Nahikoa da gutun eta estiloez, ekintzak dira behar direnak». Atentatua «indiskriminatua» izan zela eta ETAk «biktima pertsonalak eragiteko borondate garbia» zuela esan zuen Balzak. Eusko Jaurlaritzako eledun Miren Azkaratek, bere aldetik, esan zuen ez dakiela ETA «kalte materialak eragiteaz gain, biktimak bilatzen dabilen, baina arriskua bere gain hartzen duela argi dago. ETAk gaur argi erakutsi du ez zaiola axola herri honetan sufrimendua eta etsipena eragitea».

-EAJ: BBBko lehendakari Iñigo Urkulluk atzoko atentatua gaitzetsi zuen. «Ez da ETAri indarkeria uzteko eskatzeko unea, indarkeriak tokirik izan gabe, Batasunak herri honetako arazoak konpontzeko borondatea agertzekoa baizik. Konpromisoaren unea da eta hori da guztiok Batasunaren ahotik entzun nahi duguna».

-PSOE: PSE-EEko Legebiltzarreko bozeramaile Rodolfo Aresen ustez, «ETAri alde guztietatik aurre egiten segi beharra dago. Sozialistak bide horretan «gogor ariko gara». Diego Lopez Garrido PSOEko buruaren ustez, «legezko tresna ororekin borrokatu behar da terrorismoa».

-EA: EAko komunikazio idazkari Onintza Lasak atzoko atentatua gaitzetsi eta «jendearen ongizatearen alde lanean zen zauritutako ertzainari elkartasuna» agertu zion. «Halako bitartekoak erabiltzen dituztenek jakin behar dute oztopo bat direla herri honek hainbeste behar duen bake prozesurako».

-eb-berdeak: EB-Berdeen eledun Mikel Aranak atentatua gaitzetsi eta «ETA eta Batasunaren barruan elkarren aurkako bi sektore» daudela esan zuen: «Indarkeria bukatu dela uste duen gehiengoa eta inarkeria erantzun bakarra dela uste duen gutxiengoa». Batasunari atentatua gaitzesteko eskatu zion Aranak.

-aralar: Aralarrek «txartzat» jo zuen atzoko atentatua eta halako ekintzek «bakea eraikitzeko beharrezkoa den elkarrizketa oztopatu besterik ez dutela egiten» iritzi zion. Atentatuak abertzaleentzat eta, «bereziki, ezker abertzalearentzat kaltegarriak» direla adierazi zuen Aralarrek.

-pp: PPko EAEko lehendakari Maria San Gilek atentatua gaitzetsi eta «esku batekin Ibarretxe Plana bozkatu zutenek, bestearekin bonba bat jarri» dutela adierazi zuen atzo. «ETAk dakien hizkuntza bakarra pairatu du berriro ere euskal gizarteak».

-nafarroako gobernua: Alberto Catalan Nafarroako gobernuko eledunaren ustez, atzoko atentatuarekin «errealitate gordinera itzuli gara. ETAk mina, mehatxuak eta atentatuak besterik ez daki egiten. Batasunatik, abertzaletasunetik, edozein lekutatik entzun dugun beste edozein gauza gezur hutsa da».

-ela: ELAk atentatua gaitzetsi eta zauritutako ertzainari elkartasuna adieraztearekin batera, ETAri armak uzteko eskatu zion. Halaber, «elkarrizketaren bidetik, alderdi guztiei konponbide demokratiko bat eraikitzeko» deia egin zien sindikatuak.

-confebask: EAEko patronalak, Confebaskek, atentatua gaitzetsi eta zauritutako ertzainari zein Getxoko bizilagunei elkartasuna agertu zien. «Mehatxuen gainetik, Euskadik garapenean aurrera egiteko gure ekarpena egiten segiko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.