Atxiloketa

Baltasar Garzonek kartzelara bidali ditu Asier Imaz eta Gorka Diaz Batasuneko kideak

Diaz gaur goizean bere kabuz agertu da Auzitegi Nazionalera, epaileak atxilotzeko agindua emana zuela-eta. Imaz Mahai Nazionaleko kideak gaur deklaratu du Madrilen; astelehenen atzeman zuen Espainiako Poliziak. Bi kasuek Batasunaren kontrako azken operazioarekin zerikusia dute, eta Garzonek urriaren 4tik alderdi horretako 19 lagun sartu ditu espetxean.

2007ko urriaren 18a
19:01
Entzun
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Batasuneko beste bi kide bidali ditu kartzelara gaur: Asier Imaz eta Gorka Diaz. Biekin, Batasuneko 19 kide sartu ditu espetxean urriaren 4an alderdi horren kontrako operazioa egiteko agindu zuenetik; ETAko kide izatea leporatzen die. Epaileak esan du neurri gehiago har ditzakeela Batasuneko buruzagien azken adierazpenak direla-eta.

Diaz gaur atxilotu dute, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bere kabuz joan da hara, Garzonek hura atxilotzeko agindua emana zuela-eta hilaren 4an Batasunaren kontrako operazioa egitea agindu zuenetik. Herenegun, esaterako, Diazen etxea miatu zuen Espainiako Poliziak, Bilbon, baina bera ez zegoen han. Ordu laurdenez egon da epailearen bulegoan, eta ez ditu fiskalaren eta bien galderak erantzun. Kartzelara bidali du Garzonek.

Imaz Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea, berriz, gaur eraman dute Espainiako Auzitegi Nazionalera, Garzonen aurrera. Hura ere hamabost minutuz egon da epailearen bulegoan, eta ez ditu fiskalaren eta bien galderak erantzun. Garzonek Soto del Realen (Espainia) kartzelatzeko agindua eman du, Kepa Landa abokatuak senitartekoei eguerdian jakinarazi dienez, Goierriko Hitza-ren webak dioenez. Epaileak dio EHAKren soldata jasotzen zuela Imazek.

Honen deklarazioa 09:30ean zen hastekoa gaur, baina atzeratu egin da, trafiko arazoengatik abokatuek ezin izan dutelako iritsi. Imaz polizia kotxe batean eraman dute, burua makurrarazita. Senitartekoei ez diete utzi kanpoan argazkiak ateratzen, eta identifikatu egin dituzte poliziek. Kartzelatze aginduaren ostean, emazteari eta aitari Imaz ikusten utzi diete, beiraz banatutako lokutorio batean. Zortzi minutu inguruan hitz egin dute. Senitartekoek adierazi dutenez, "lasai" aurkitu dute.



Astelehenean atxilotu zuen Espainiako Poliziak Imaz, Beasainen (Gipuzkoa), Batasunaren kontra abiatutako operazioaren barruan. Urriaren 4an Batasuneko 23 kide atxilotu zituen Poliziak Seguran, bilera batean parte hartu ostean. Haietako 17 espetxeratzeko agindua eman zuen (Imanol Iparragirre, Mikel Zubimendi, Jon Garai, Juan Kruz Aldasoro, Anjel Mari Elkano, Rufi Etxeberria, Hasier Arraiz, Ibon Arbulu, Aner Petralanda, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro, Arantza Santesteban, Maite Fernandez de Labastida, Maite Diaz de Heredia, Joana Regueiro eta Ana Lizarralde). Aurrez Arnaldo Otegi eta Joseba Alvarez buruzagiak ere kartzelan sartu zituzten. 21 denera, beraz.

Imaz atxilotu ostean Beasaingo Arrano elkartea eta taberna miatzera eraman zuten, eta elkartea zigilatu egin zuten Auzitegi Nazionalaren aginduz. Garzonek dio Imazen "lantokia" delako agindu zuela elkartea ikuskatzea eta ondoren zigilatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.