Iazko uztailetik aurtengo ekainera bitarte, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordeak beste 93 biktima aitortu ditu. Horietatik zortzi Poliziak edo talde parapolizialek hil zituzten; tartean, Gurutze Iantzi, Roke Mendez eta Karlos Saldise. Batzordeak bere lanaren berri ematen duen laugarren aldia da —urtean behin ematen du—, eta hau izan da aitortza gehien egin duen epea. Hala, 2020ko ekainetik 238 biktima aitortu dituzte. Halere, batzordekideek laguntza eskatu dute, adierazi baitute batzordea «geldirik» dagoela ekainetik, ez dutelako auzitegi medikurik.
Balorazio Batzordeko kideek Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordean aurkeztu dute txostena, eta hau da azken urtean baieztatutako aitortzen tipologia: torturaren edo tratu txarren 75 biktima aitortu dituzte; Poliziak edo talde parapolizialek balaz zauritutako bederatzi, eta horiek lesio larriak eragindako hiru; Poliziak istiluetan edo manifestazioetan zauritutako sei; talde parapolizialen atentatuek larri zauritutako bi; eta bahiketa saiakera bat pairatu zuen beste bat. 93tik 20 baino ez dira frankismo garaiko gertaerak; gainerakoak gerokoak dira.
Ikusi gehiago
Heriotzei dagokienez, bost dira Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak tiroz hildakoak —tartean adingabe bat dago—. Horien artean dago Roke Mendez. Hura 1974ko maiatzaren 20an Hondarribiko Asturiaga hondartzan egindako segada batean hil zuten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, Jose Luis Mondragonekin batera —haren familiak ere egina du eskaera—. Hain zuzen, Hondarribiko Udalak abuztuan entregatu zien bi lagunen senideei «exekuzio bat» izan zela zioen txostena, eta Mendezen familiak BERRIAri adierazi zion Jaurlaritzak ere aitortza egin ziela.
Horiez gain, Poliziaren zaintzapean hildako bi lagunen kasuak ere jaso dituzte, baita torturek eragindako kalteen ondorioz hildako beste baten kasua ere. Poliziaren zaintzapean hil zirenetako bat da Gurutze Iantzi. Haren kasua nabarmendu dute batzordeko kideek legebiltzarrean, izenik zehaztu ez badute ere. Iantzi Urnietan (Gipuzkoa) atxilotu zuten, 1993ko irailaren 23an. Guardia Zibilak Donostiako kuartelera eraman zuek lehenik, eta hurrengo goizean, Madrilgo Tres Cantosko komandantziara. Batzordearen arabera, «egitatezko presuntzio sendoak» daude adierazteko inkomunikazio aldian «tortura, zigor eta tratu krudel, anker edo iraingarriak» eman zizkiotela.
Karlos Saldise Korta Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kideari ere egin diote aitortza. Hura «eskuin muturrari lotutako talde terrorista» batek hil zuen, 1980ko urtarrilaren 15ean, Lezon (Gipuzkoa). Hilketa hura bi taldek hartu zuten beren gain: BVE Batallon Vasco Españolek, Egin egunkarian, eta GAE Grupos Armados Españolesek, El Diario Vasco-n.
Txostenean, aitortza egiten zaie talde parapolizialek zauritutako lau biktimari: OAMASek balaz zauritutako bati, GALek berdin zauritutako beste bati, eta BVEk auto azpian jarritako bonba batekin zauritutako biri. Era berean, bahiketa saiakera bat ere jaso dute.
Poliziak istilu edo manifestazioetan zauritutako beste bosti ere egin diete aitortza: horietako bat tiroz zauritu zuten, beste bat ke poto batekin jota, eta hiru gomazko pilotekin —tartean adingabe bat—. Ke potoarekin begia galdu zuena Peio Mindegia da, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak adierazi duenez. Era berean, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren «eraso larrien» biktima bana ere aitortu dituzte.
Txostenean jasotako tortura moten artean daude, kolpeak, ariketa fisikoa egitera behartzea, «burua ur zikinez betetako bidoi batean sartzea», elektrodoak jartzea...
Torturari dagokionez, 74 lagunen lekukotasunak jaso ditu batzordeak, eta zehaztu du horietako hogeitan behin baino gehiagotan atxilotu eta torturatu zituztela. Hala, 95 dira txostenean jasotako tortura kasuak.
Arlo horri genero ikuspegitik erreparatu dio Balorazio Batzordeak, emakumeek sexu indarkeria pairatzeko arrisku espezifikoa baitute, eta jasotako kasuetan hala baieztatu baita: «Haien gorputzei buruzko iruzkin laidogarriak eta irainak, eta hilekoa izan eta behar zituzten produktuak edo higiene baldintza egokiak ez izatea, besteak beste. Askotan, biluztera behartzen zituzten, eta ukituak, hitz erdiak eta egoera larriagoak jasan zituzten, hala nola askotariko objektuak sartuz egindako bortxaketak, zailtasunez kontatuta batzorde honek entzun eta jaso dituenak».
Tortura motak ere zehazten ditu txostenak: besteak beste, kolpeak, ariketa fisikoa egitera behartzea, «burua ur zikinez betetako bidoi batean sartzea», biluztea, zigarroak itzaltzea esku ahurretan, elektrodoak jartzea... Gainera, azaldu dute torturatuetako asko «atxiloketa arbitrarioen» eta «babesgabetasunaren» biktima ere izan zirela, eta epaileen, auzitegi medikuen eta ofiziozko abokatuen «jarrera ez-bermatzaile» baten biktima ere bai.
Biktimek Balorazio Batzordeari egindako eskaeren artean nagusietako bat «egia» aitortzea da, Jon Mirena Landa batzordeko kideak azaldu duenez. Besteak beste, dokumentuan zehaztu dituzte «gertatutakoa onartzea eta tortura ez ukatzea», aitorpen instituzional baten bidez. Kontrara, egia ukatzeak birbiktimizazioa dakarrela adierazi dute: «Eta ez da sendatuko biktimek, haien familiek eta hurbilekoek jasandako sufrimendua».
417 espediente zain
Batzordeak baiezko 35 ebazpenen berri eman zuen 2021ean; beste 46 baieztatu zituen 2022an, 66 iaz, eta 93 gaur. Halere, jakinarazi dute oraindik ere 417 espediente dituela ebatzi gabe. Hala, txostenean zehaztu dute egungo lan erritmoari eutsiz gero beste lau urte beharko lituzketela horiek aztertu eta ebazteko.
Izan ere, Juana Balmaseda batzordeko presidenteak adierazi du sarri tramitazioak «luzeegiak» direla, eta badirela euren espedienteak argitu zain bi urte daramatzaten biktimak. Horrek, Balmasedaren esanetan, «sufrimendua eta injustizia areagotu» besterik ez du egiten. Azaldu du arazoa aurreko legealditik datorrela, eta arrazoietako bat auzi medikuen falta dela.
Landak ere indar egin du afera horretan. «Arazo larri-larri bat dugu auzitegi medikuekin», zehaztu du, esanez gaur egun ez dagoela lan hori egingo duen talderik, eta, ondorioz, geldirik dagoela batzordea. Halere, arazoa sakonagoa dela esan du, «jasanezina», lan baldintza egokirik ez dutelako lanerako: «Errealitate gordin hori mahai gainean jartzen dugu».
Balmasedak Eusko Legebiltzarraren «inplikazio handiagoa» eskatu du; Landak, txostena gizarteratzeko neurriak hartzeko.
Hortik harago, Landak gehitu du zailtasunak dituztela Ferrolgo artxibo militarrean dokumentuak eskuratzeko eta EAEko auzitegi eta epaitegietan espediente judizialak lortzeko. Gehitu du hori konpontzea «premiazkoa» dela baldin eta batzordeak ondo funtzionatzea bada xedea.
Batzordeko kideek gomendioak ere egin dituzte agerraldian. Balmasedak adierazi du ontzat jotzen dituztela biktimak aitortzeko egin diren ekitaldiak, baina urrats gehiago eskatu ditu horiek «maila gorenekoak» izan daitezen, halakoa delako biktimek merezi duten aitortza. Era berean, legebiltzarraren «inplikazio handiagoa» eskatu dute, besteak beste, batzorde txostengile bat eratu dezan gaiaren inguruko politikak «modu proaktiboan» garatzeko, eta 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 legea eguneratzeko. Izan ere, uste dute kalte ordainen sistema egokitu behar dela, 1999tik aurrerako kasuak ere lantzeko bidea ireki behar dela, eta aitortza eskaerak egiteko epe berri bat ireki.
Bide beretik, Landak batzordearen txostena gizarteratzeko neurriak eskatu ditu. Batetik, «Euskadin eta estatuan» haren berri emanda; bestetik, gaia jorratzeko nazioarteko mintegi bat prestatuta. «Ez du balio behin azaltzeak: ez da iristen», kritikatu du Landak.