Balmasedako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Live festibalak eta Basoa fundazioak osatutako Basoa Bizi proiektuari esker, 2022an kiskali ziren 500 hektareetik 16,17 leheneratzea lortu dute —kiskalitako eremuaren %3,2—, 11.000 zuhaitz landatuz. Bizkaiko Foru Aldundiak azaldutakoaren arabera, proiektu horrez gain, administrazio publikoak eta herritarrek egindako lanari esker Balmasedako udalerriko (Bizkaia) 159 hektarea birlandatu dira. 2022ko suteak gogorren jo zuen udalerria da, erre ziren 500 hektareetatik 348 hangoak baitziren. Landaketek aurrera jarraitzen dutela ere esan dute, eta kalkulatu dute datorren urtean birlandatuta egongo dela erretako azalera guztia.
Basoa Bizi proiektua ez da, baina, birlandaketarako proiektu bat soilik izan, sentsibilizazio kanpainak ere egin baitituzte. Besteak beste, dibulgaziorako jardunaldiak egin dituzte, eta herritarren eta ikasleen parte hartzea bultzatu dute landaketetan.
11.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Basoa Bizi proiektuak esku hartutako hamasei hektareetan. Haritz kanduduna izan da espezie nagusia, 2.350 landare, eta gaztainondo asko ere landatu dituzte, 1.833. Eremuaren zati batean, hektarea bat pasatxo, 1.444 konifero landatu dituzte. Horiez gain, hainbat espezie laguntzailetako zuhaitzak landatu dituzte: sagarrondoak, lizarrak, astigarrak, arteak...
XXI. mendeko suterik latzena
Bostehun hektarea inguru erre ziren 2022ko urrian Balmasedan izandako sutean. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du azken 30 urteetan lurraldean izan den sute gogorrena izan dela; hainbat zerbitzutako hirurehun langile baino gehiago mugitu zituzten, suhiltzaileak eta basozainak adibidez. Bi urte baino gehiago pasatu dira, eta oraindik lan asko dago egiteko bertan; horrek agerian uzten du sute horrek izan zuen tamaina. Hala ere, foru aldundiak azaldu bezala, leheneratze lanek gaur egungo erritmoari eutsiz gero, 2025. urtea amaitu baino lehen erretako azalera guztia birlandatuta egongo da.