Ballonti saltoki gunea, gazteen bozgorailu bihurtua

Gazteriaren aurkako erasoak salatzeko, ekintza ikusgarria egin dute Portugaleten gazte independentistek

Euskal gazteriaren aldeko pankarta bat, Ballonti merkataritza gunean. BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bi atxilotu eta zortzi identifikatu utzi zituen Bizkaiko ezkerraldeko gazte independentistek ostegunean egindako ekintzak. Baina helburua lortu zuten: ozen zabaldu zuten euskal gazteriaren aldeko mezua Portugaleteko Ballonti merkataritza gunean.

Bi neska merkataritza guneko zubi batetik zintzilikatu ziren. Erdian, Erasoen gainetik... euskal gazteria aurrera! zioen pankarta erraldoi bat jarri zuten beste gazte batzuek. Inguruetan, protestaren zergatia azaltzeko eskuorriak banatzen ziharduen talde batek. Beste igarobide batean, independentzia zioen elastiko erraldoi bat ipini zuten; dena, oihu artean.

Merkataritza guneko zaintzaileak joan ziren lehenik gazteak geldiaraztera, ertzainak ondoren. Zortzi gazte identifikatu, eta larrialdietako igarobide ilun batera eraman zituzten ertzainek, bortitz. Mehatxatu, bultzatu, miatu eta neska adingabe bat jo ere egin zutela salatu dute gazteek. 40 minutuz izan zituzten han, paretaren kontra zutik. «Desordenak eragitea» egotzi diete.

Zintzilikatuta zeuden bi neskak jaistea kosta egin zitzaien ertzainei. Lortu zutenean Muskizko polizia etxera eraman zituzten. 01:30ean askatu zituzten, baina desobeditzea eta desordenak eragitea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.