Errefuxiatuen krisia. Balkanetako gerraren irakaspenak

Balkanetako negu minak eragindako elkartasuna

Gerra egoeretatik ihesi etorritako andre, gizon eta umeei lehen ere egin zaie harrera Euskal Herrian. 1992an, Balkanetako gerratik alde eginda etorritakoak hartu ziren.

Harreran hartutako hainbat errefuxiatu euskal ordezkariekin, Bosniako eta Euskal Herriko ikurrak erakusten; Gernikako arbola parean daude, 1995ean. XOUSE SIMAL.
arantxa iraola
2015eko irailaren 20a
00:00
Entzun
Plastikozko poltsatxo batekin». Halaxe oroitzen dituBegoña Erañak (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1947) herrira 1992ko abenduan Balkanetako gerratik ihesi harrera jasotzera heldu zitzaizkien familia zenbait: bagaje gehiagorik gabe. Ondo gogoan du neguari aurrea hartzeko borrokan ibili zirela, ia etsiak jota: «Balkanetako inguru hartan negua oso gogorra izaten dela bagenekien, eta harreran hartzeko jendea lehenbailehen etortzea nahi genuen: negua baino lehen». Herrian haiei abaroa emateko proposamena herritik bertatik sortu zela esplikatu du, eta parte hartze handia izan zutela San Viator komentuko fraideek. Eusko Jaurlaritzak harrera egin ahal izateko «gutxieneko baldintza batzuk» jarri zizkiela adierazi du, eta horretan oinarrituz proiektu bat aurkeztu zutela. Behin hori onartuta, ordea, egitasmoaren gidaritza beti «herritarren» esku egon zela nabarmendu du: «Jendea konprometitu zen oso ondo. Ez Eskoriatzan bakarrik, eskualde osoan halaxe izan zen». Hemeretzi lagun joan ziren Eskoriatzara: sei familia. Hasieran denak batera egon ziren harrera hartuta, San Viator komentuan. «Aurrerago, herrian bertan etxe batzuk topatu genituen familia haientzat». Balkanetako egoera baretu ahala, zenbait sendik itzulerako bidea hartu zuten; bi geratu egin ziren.

Gorazde, Mostar, Sarajevo. Gerrak irentsitako hiriak ziren urte haietan, eta andre eta gizon haien kontakizunen bidez izan zuten Eskoriatzako herritarrek Bosnia eta Herzegovinako kartografia mingarriko kontuen berri: lehenbiziko pertsonan. «Behin batek esan zidan bizilagunak zera esan ziola: 'Joan gaur, bihar lepoa moztuko dizut-eta'». Haien mina nekez ahantz daitekeela esan du Erañak, eta presente du egun gatazketatik ihesi ari direnena ere: «Pentsatzen dut inork ere ez duela irten nahi bere herritik besterik gabe». Laguntza emateko egitasmoak tentuz aztertu behar direla pentsatzen du, ordea: «Laguntza ematea ondo dago, baina beti jakin behar da zer dagoen atzean».

Gasteizko Udalean psikologo lanetan ziharduen ordurako Ana Vallejo Iriartek (Gasteiz, 1962), eta parte hartu zuen erakundeak Balkanetako lekualdatuak hartzeko abiatu zuen planean. «Gasteizko kasuan, proiektua, politikoki, udalak zuzendutakoa izan zen; diru sail bat ere bideratu zuen», azaldu du. Alboan, hiriko hainbat elkartek eta norbanakok parte hartu zutela adierazi du. «Baita CEAR Euskadik ere». Data zehatza oroitarazi du: «1992ko abenduaren 7an iritsi ziren».

Bost andrazko ziren, hamalau haurrekin. «Lau etxebizitza alokatu zituen udalak haientzat; lau etxebizitzatan sartu ziren andrazko bi senitartekoak zirelako, eta batera jartzea erabaki zelako». Familia bakoitzari jagole bat jarri zioten: laguntzaile antzeko bat. «Era horretan, udalean ere kontaktu zuzena izan genuen harreran hartutako sendiekin». Boluntarioak izan ziren jagole jardun zuten pertsonak. Gasteizko beste herritar askoren partetik ere elkartasun keinuak izan zirela oroitarazi du Vallejo Iriartek: «Merkatariek-eta parte hartu zuten. Izan ere, beharrak baziren: etorritakoek etxeak goitik behera atondu behar izan zituzten, eta jantziak ere behar zituzten».

Gasteizko jagoleak

Hasieran udalak harreran hartutakoei oinarrizko gastuei aurre egiteko diru laguntza ematen ziela esplikatu du. «Aurrerago, ordea, oinarrizko gizarte zerbitzuen sarean sartu ziren, Gasteizko gainerako herritarren gisa berean». 1995an, Jaurlaritzak harreran parte hartutako pertsonei itzultzen laguntzeko programa bat abiatu zuen; bi sendi joan egin ziren orduan. «Gainerakoak hemen dira». Ofizioak bultzatuta, bereziki erreparatu zien Vallejo Iriartek etorritakoen gomuta ilunek eragindako zauri emozionalei: «Erasanda zeuden. Izan ere, egoera zailetan zetozen: bakarrik zeuden andreak ziren, alargunak, edo senarra gerran zutenak. Usu ez zuten haien berririk». Txikienei ere horrek guztiak aztarna laga ziela argi du. «Baziren umeak gertatzen ari zenaz jabetzeko adina zutenak; oso zaurgarriak ziren». Alde horretatik, familia bakoitzari jagole bat jartzea lagungarria izan zela esan du: «Lan handia egin zuten». Hartara, hobeto neurtu ahal izan zituzten sendi bakoitzarekin egin beharreko urratsak: «Izan ere, haiek autonomo izaten joatea lortu nahigenuen, baina beren egoera emozionala aintzat hartuta, betiere».

Gipuzkoan, Ordizia izan zen Balkanetatik ihesi zetozen pertsonak hartu zituen beste herri bat. Otorduak prestatzen zituen haientzat Juli Hartok (Caceres, Espainia, 1952). Izan ere, ordurako herrian erabiltzen ez zen enpresa bateko —Apellaniz deitzen zen— bulegoak bizileku gisara atondu, eta han egin zieten harrera. «Ez dut zehazki kopurua gogoan; hogei bat izango ziren», azaldu du. «Egoerak hobera egin ahala, itzuliz joan ziren, eta hemen geratu ziren bi familia».

Iltzatuta geratu zaizkion oroitzapenetan iheskor gogoratzen ditu errefuxiatuak gehienetan: «Jangelara jaitsi, jan, eta berehala joaten ziren; nik oso beldurtuta ikusten nituen, oso triste. Jakina, hizkuntza ere traba handia zen; ez zen samurra izaten komunikazioa». Ondo gogoan du haiek ekarri zuten premia gorria ere: «Denetik eman behar izan zitzaien. Deus ere ez zuten».

Ekarri zuten ondare preziatuena, askorentzat, etxetik ihes egitean hartu zituzten argazkiak zirela oroitu du Begoña Erañak. Usu ikusi zituen erretratu haiei so: «Etxekoen argazkiak ziren, umeei erakusteko: 'hau da zure amona', esateko, eta horrelakoak».

Mundakan, 28 egun lanean

Bizkaian, Mundaka izan zen errefuxiatuak hartu zituzten herrietako bat. Iñaki Urrutia izan zen harrera egiteko eratu zen batzordeko kideetako bat. «Beste hainbaten artean». Txikiteo egun batean otu zitzaiela oroitu du: «Udaleko bigarren alkatearekin nengoen, Kepa Ormaetxearekin: 'Zergatik ez?', pentsatu genuen». Udalaren laguntza izan bazuten ere, proiektuaren gidariak herritarrak zirela argi du. «Ez genuen tartean politikarik sartzea nahi».

21 laguni egin zieten harrera. Horretarako, Elizarena zen eraikin bat apailatu zuten. «28 egun izan genituen dena konpondu eta altzariak jartzeko», oroitu du. Ondo moldatu ziren: «Herrian emandako laguntza izan zen izugarria, eta enpresetara ere jo genuen». Hainbat gai «sobera» ere izan zituztela gogoratu du, eta udalari eman behar izan zizkiotela, premian ziren beste batzuei emateko. «Aurrerago, lana topatzen hasi ginen etorri zirenentzat». Apurka-apurka, lan aukerei lotuta, sakabanatzen hasi ziren. Inguruan dabiltzanekin oraino harremana badutela esan du: gozoa, gehienetan. «Izan ere, elkarbizitza mundiala izan zen».

Badira oraindik harreman haien ondorioz sortutako erlazio trinkoak, eta gozoak. Mari Jose Ansalas Ozkarizek (Etxalar, Nafarroa, 1959), esaterako, ez zuen hasieran parte hartu Ordizian errefuxiatuei harrera egiteko eratu zen taldean. «Bi ume txiki nituen orduan», oroitu du. Aurrerago,harremana hasi zuen Balkanetatik etorritako andreetako birekin: lanera bidean zihoazela ikusten zituen ume txikiekin —Ordiziako Udalak hainbat lan aukera eman zizkien lehen hilabeteetan—, eta haurrak eskolarako ordua bitartean zaintzeko proposamena egin zien. Halaxe hasi zuten harremana. Badirauena. «Egun handitu dira ume haiek; ni haientzat naiz amatxi».

Harremana sendotu, eta Bosnia eta Herzegovinara joateko modua ere izan du hainbatetan, betiere laguntza emateko ahaleginetan. «Lehenengoan, SOS Balkanesek antolatutako bidaia batean joan ginen». Gerra amaitu berria zen. Ezin ditu ahantzi han ikusitakoak: «Ezagutzen duzu gerra eremu bat? Ba zera da: dena puskatuta, umeak bakarrik kalean, eta jendea erotuta». Ez du dudarik, ezagutu duen jendeak utzi dio aztarna onena: «Jende oso ona da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.