Balizko eredu aldaketa, «agenda azeleratu» batean

Manuel Arias Maldonado eta Ramon Gonzalez «demokraziaren krisia» hizpide hartuta aritu dira Sabino Arana fundazioaren egoitzan.

Silvan, Arias eta Gonzalez, gaur goizeko mahai inguruan, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Silvan, Arias eta Gonzalez, gaur goizeko mahai inguruan, Bilbon. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
Bilbo
2024ko maiatzaren 22a
17:10
Entzun

«Nora goaz?». Edo hobe esanda, norantz doaz egungo demokrazia liberalak? Galdera horri erantzuteko asmoz, Sabino Arana fundazioaren egoitzan eztabaidan aritu dira Manuel Arias Maldonado Politika Zientziako katedraduna eta Ramon Gonzalez kazetari eta analista politikoa. Biek ere egungo errealitatearen diagnostiko bat egitea izan dute xede, balizko eredu aldaketa bati eta hartan populismoak eta polarizazioak duten rolari so. 

Silvan & Miracle aholkularitzako zuzendari Eva Silvan arduratu da galderak mahai gainean jartzeaz, eta galdera garrantzitsu batekin ekin dio saioari: «Zenbateraino dago demokrazia krisian?». Maldonadoren esanetan, «demokraziaren krisiaz» hitz egitean, berez «krisi sentsazioaz» hitz egin behar da: «Eragile politikoek demokrazia krisian dagoen ideian indar egiten badute, azkenean denok pentsatuko dugu egoera kezkagarria dela». Eta sentsazio hori «dekadentzia zantzuei» erantzuteko erabil daitekeela uste duen arren, ez zaio komenigarria iruditzen: «Ez dut uste desiragarria denik demokraziaren arrisku existentzial baten mehatxupean egotea».

Gonzalezek, berriz, 2008ko finantza krisian kokatu du egungo krisi pertzepzio horren hasiera. Azaldu du garai hartan «ezinegona» adierazteko formula berriak azaleratu zirela, ezkerretik zein eskuinetik. «Demokrazia kristau eta sozialdemokrazia eredu ezberdinen arteko alternantzian oinarritutako sistema politikoa hautsi dela esan nahi dute». Hala, adierazi du gaur egun trantsizio prozesu bat dagoela martxan, beste sistema eredu baterantz. «Ez dakit oso ondo norantz», esan du, baina gehitu du bide horretan jarrera «erradikalagoek» eta polarizazioak euren espazioa hartu dutela: «Jada ez da alternantzia politiko bat, politikoki bizirik irauteko borroka bat baizik».

Baten eta bestearen esanak hartu, eta beste pizgarri batzuk batu dizkio Silvanek eztabaidari. Batetik, «bitartekotza krisia» eta digitalizazioa; bestetik, politika arloan emozioek hartu duten lekua: «Nola batzen dira emozioak eta arrazionaltasuna politikan?».

Ariasen hitzetan, ezin da esan iraganeko politika arrazionalagoa zenik, baina uste du egungo diskurtso politikoetan nabaria dela «hiztegi emozionalago» bat, batez ere «kontsentsu zaharrak muturretatik hausteko xedea» duten alderdien partetik. Eta horri beste elementu bat batu dio: «Espazio publikoaren berrantolaketa». Hau da, sare sozialek eta, ondorioz, «iritzi merkatuaren liberalizazioak» eta bitartekaritza faltak izan duten eragina.

Komunikazioa

Elementu horiek aintzat hartuta, Gonzalezek azaldu du eztabaida politikoek komunikazio arlora egin dutela bira: «Egunero ari gara denaz eztabaidatzen, politika egiten ari garen sentsazioarekin. Baina, berez, kirol taldeen jarraitzaileen antzekoak gara». Eta horrek, haren esanetan, kontuak emateko betebeharra arindu die politikariei: «Zerbait gaizki ateratzen bada, aurkariari bota diezaiokegu errua».

Arias antzera mintzatu da, esanez alderdiek jada «hipermobilizatua» dagoen oinarria mugitu ohi dutela, eta polarizazioa sustatu. Dena helburu batekin: «Hauteskundeak irabaztea. Eta hauteskunde etengabean gaudenez, helburu hori ez da desagertzen». Esan du horrek, era berean, zaildu egiten duela politika publikoen inguruko debate publikoak egitea, eta, hala, nekezagoa dela gainerakoen atxikimendua lortzea: «Nola ez zara mesfidatia izango aktore komunikatibo bilakatu diren politikariekin, ez badira inoiz ausartuko egia esatera eurek konpondu behar dituzten arazo sozialen gainean».

Eta gauza bera gertatzen da hedabideetan ere. Hain zuzen, Gonzalezek gogoratu du 2008ko krisiarekin batera iritsi zirela sare sozialen goraldia eta telefono adimendunak. Eta horiekin batera, prentsaren krisia: «Inork ez zekien zertaz biziko zen hamar urte barru». Hala, kazetariak azaldu du ordutik polarizazioa «negozio eredu» bilakatuz joan dela: «Informazio politiko serioa ere gehiago irakurtzen da polarizatuagoa badago, titulu probokatzaileak baditu». Eta, gero, baita telebistan ere: «Bat-batean, prime time-an debate politikoak daude». Horrek, Gonzalezen esanetan, «tertulia» bilakatu du politika.

Horiek entzunda, Silvanek bi mahaikideei galdetu die modurik ba ote den «agenda azeleratu» horrek eztabaida politiko sakonagoak izateko ezartzen dituen zailtasunei aurre egiteko, besteak beste herritarren atxikimendua berreskuratzeko bidean. Gonzalezek azaldu du berak gogoa duela «politika txikira» joateko: «Globalizazioaz eztabaidatzen badugu, ez gara ados jarriko. Langabezia laguntzaz eztabaidatzen badugu, behartuta gaude ados jartzera, eta badakigu horren inguruan nola eztabaidatu». Ariasek, baina, ez du erraz ikusten alderdiak eta hedabideak konbentzitzea: «Botereagatiko borrokak dena kutsatzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.