Baliteke baliorik gabe geratzea hainbat funtzionario kontratatzeko Jaurlaritzak zituen eskumenak

Espainiako Gobernuak 2022ko aurrekontuetan hitzartu zuen tokiko administrazioko zenbait funtzionario hautatzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak hartzea. PPk helegitea jarri zuen. Jaurlaritzaren ustez, epaiak ez du auzitan jartzen eskumena.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala. JAVIER LIZON / EFE
Espainiako Auzitegi Konstituzionala. JAVIER LIZON / EFE
2024ko apirilaren 25a
16:20
Entzun

Litekeena da baliorik gabe geratzea tokiko administrazioko zenbait funtzionario hautatzeko Eusko Jaurlaritzari esleitutako eskumen bat, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman berri duen epai baten ondorioz. Espainiako Gobernuaren 2022ko Aurrekontuen Legean onartutako legezko manu bat baliogabetu du Konstituzionalak. Hark eskumena ematen zion Eusko Jaurlaritzari «gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioak» kontratatzeko. Besteak beste, udaletako idazkariak, kontu hartzaileak eta diruzainak daude hor. PPko 50 diputatuk Konstituzioaren kontrakotzat jo zuten hura, eta helegitea jarri zuten. Konstituzionalak PPren alde ebatzi du. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ordea, ez dio eragiten eskumenari, «epaia ez delako muinean sartu».

Eneko Etxeberria EHUko zuzenbide irakasleak azaldu duenez, udaletan kargu inportantea dira idazkariak eta kontu hartzaileak. Idazkarien funtzioa, besteak beste, legea betetzen dela bermatzea izaten da; kontu hartzaileena, diruaren kudeaketa zuzena dela ziurtatzea. Lanpostu horiek finkatzeko, baina, Espainiako Gobernuak kudeatutako «azterketa gogor» bat gainditu behar izaten zen. Azterketa horiek Eusko Jaurlaritzak egin ahal izatea adostu zuten, ordea, eta geroztik Jaurlaritza arduratzen da horretaz.

Baina PPk jarritako helegiteak bidea egin du. Eta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio ezin dutela aurrekontuen lege baten bidez erabaki tokiko administrazioari lotutako gai baten inguruan, Konstituzioaren 66.2 eta 134.2 artikuluak urratzen baititu hala. Ohar bidez adierazi duenez, «funtzio publikoari dagokion arau bat da, loturarik ez duena gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioen ordainsariekin». Etxeberriaren esanetan, «ekintza administratiboek ez badute legea betetzen, erabaki horiek baliogabeak dira». Horrenbestez, baliteke atzerako eragina izatea Konstituzionalaren erabakiak, eta Jaurlaritzak finkatutako lanpostuak atzera botatzea. Dena den, epaiak zer dioen ikusi beharko dela zehaztu du, kasuz kasu zer erabakitzen duen jakiteko.

2002ko Aurrekontu Legearen akordioan hitzartu zuten lege bat egokitzea: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena. Hitzartu zutenez, lege horretan sartzen diren eta «gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionario» guztiak erkidegoaren arauen arabera hautatuko lirateke. Besteak beste, Jaurlaritzaren gain geratuko lirateke hautatze prozesuak: dauden hutsuneak betetzeko lan eskaintza publikoa onartzea, hutsik dauden lanpostuak betetzeko deialdiak egitea, behar diren funtzionarioak izendatzeko gaitasuna, eta lantokiaren lehen esleipena egiteko gaitasuna.

Eskumenak, bere horretan

Eusko Jaurlaritzaren arabera, baina, Konstituzionalak aipatzen duena 2022ko aurrekontuetan hitzartutako manu bat da. Konstituzionalaren ohar horren bidez, funtzio publikoarekin lotutako gai horrek «ez du loturarik gaikuntza nazionala duten toki administrazioko funtzionarioen ordainsari araubideekin, eta ez du eragin ekonomiko zuzenik diru sarreretan edo gastuetan». Horrenbestez, Jaurlaritzaren arabera, aurrekontu lege baten «eduki posiblea urratzen du». Beraz, uste du ez duela inolako eraginik gaur egun indarrean dauden hautaketa prozesuetan. Toki erakundeetarako langileak hautatu eta hornitzeari dagokionez, idazkaritzarako, diru zaintzarako eta kontu hartzailetzarako postuak hautatzen segituko dutela zehaztu du.

Nekane Kortajarena EH Bilduko eledunak ez du ondorio bera atera. X sare sozialetan salatu du epaia: «Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriro erakutsi du gure autogobernua eta subiranotasuna mugatzen dituela. Eta agerian uzten du beharrezkoa dela estatus politiko berri bat izatea, Estatuarekin berdintasunean bizitzeko gaitasuna emango diguna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.