Hizkuntza eskubideak jomugan

Baliorik gabe utzi dute Berriozarko kontratu batean jasotako euskara eskakizuna

Kiroldegiko taberna kudeatzeko kontratuaren bi atal baliogabetu dituzte; besteak beste, euskaraz aritzeko B2 maila zen eskakizunetako bat.

Euskaraz bizitzearen aldeko manifestazio bat Iruñean, artxiboko irudi batean. OIARTSO LOS ARCOS / FOKU
jon olano
2021eko uztailaren 22a
11:56
Entzun

Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Berrikilan sozietate publikoaren administrazio kontseiluak iazko ekainaren 11n hartutako erabaki bat, Berriozarko kiroldegiko taberna kudeatzeko kontratuan ezarritako klausula batzuengatik. Zehazki, bi atal baliogabetu ditu auzitegiak: batetik, eskakizunetako bat zen kontratua esleitzen diotenak zera bermatu behar zuela: bezeroekiko arretan egongo diren langileek euskaraz komunikatzeko gaitasuna izatea, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren araberako B2 maila egiaztatuta. Horrez gain, tabernaren kudeatzaileak euskarazko komunikabideen presentzia «bermatu» behar zuen (telebista, irratia, prentsa idatzia edo musika).

Navarra Sumaren Berriozarko udal taldeak helegitea jarri zuen, eta koalizio horrek eman du auzitegiaren erabakiaren berri. Jakinarazi duenez, auzitegiak ebatzi du «hizkuntzaren araberako diskriminazioa» dagoela kontratuan. Areago, auzitegiaren arabera, «euskarazko gaitasun linguistikoari buruzko preskripzioak eta baldintzak ordenamendu juridikoaren aurkakoak dira; izan ere, ez Europako, ez [Espainiako] Estatuko ezta foru arauek ere ez dute aurreikusten baldintza diferenteak ezartzea ekonomian edo berrikuntzarekin lotutako arloetan, ingurumenean, gizarte arloetan».

Hedabideen presentziari dagokionez, auzitegiak dio baldintza hori ezartzea «diskriminatzailea» dela kontratu berak ez badu zehazten gaztelaniazko hedabideak edukitzeko derrigortasuna ere.

Navarra Sumak nabarmendu du auzitegiek arrazoia eman diotela koalizioari, «urteak» daramatzalako «EH Bilduren hizkuntza politika sektarioa salatzen». Horregatik, eskatu du beste kontratazio prozesu bat abiatzeko, «berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatuko dituena». Gainera, Raul Maiza alkateari galdegin dio barkamena eska diezaiela deialdian parte hartu ez zutenei. Era berean, PSN, Ezkerra eta Ahal Dugu-ri ere dei egin die, «beharrezkoa den gehiengoa osatu dezaketelako EH Bilduren politika baztertzaileak amaitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.