Miguel Angel Llamas 'Pitu'. 'Ateak Ireki'-ko kidea

«Baliabideak jarri beharko dira herri mugimendua sarean entzunarazteko»

Bazuten susmoa 'Ateak Ireki'-koek euren kontra jo zezakeela Auzitegi Nazionalak. «Ahots disidentea» dira, eta «merke» ateratzen dela salatu dute: «Hiru orriko auto bat nahikoa da».

Hodei Iruretagoiena
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Lehen ere badaki Miguel Angel Llamas Pitu-k (1980, Iruñea) zer den komunikabide batean aritu, eta hura ixtea. Aurrera nola egin, horretan du burua orain ere.

Zer da Ateak Ireki? Zein filosofiarekin egin du lan?

Euskal Herrian, eta bereziki, Nafarroan, gauza asko gertatu dira azkenaldian. Egoera oso kaxkarra da. Sekulako mobilizazioak daude sozioekonomia arloan, gatazkaren konponbidearen alorrean, eta oro har, gizartean. Herri mugimendua berpiztu da, eta Ateak Ireki-ren asmoa zen horri guztiari bide ematea sarean. Herri mugimenduak arazoak ditu askotan ohiko komunikabideetan aldarrikapenak zabaltzeko, eta Ateak Ireki izan da tresna bat aldarrikapen eta salaketa horiek zabaltzeko. Bozgorailua izan da. Ikus-entzunezkoen bidez, sare sozialetan... Jendeak erabiltzen dituen tresnekin saiatu gara jendearengana iristen. Neurri handi batean lortu dugula uste dugu.

Zer esan nahi zuen Nafarroan jendearentzat horrelako proiektu batek?

Itxierari eman zaion erantzunak erakutsi digu garrantzitsua zela askorentzat. Egia da zenbaitek ez zuela ezagutzen, baina ikusi dute espainiarrek beste komunikabide bat itxi dutela Euskal Herrian. Eta horrek jendea asaldatzen du. Ez soilik hemen. Mundu osotik jaso dugu elkartasuna.

Gertakari askoren lekuko izan zarete. Zein dituzu gogoan, bereziki?

Ez genuen inor ordezkatu nahi. Euskal Herrian baditugu oso indartsuak diren komunikabideak, BERRIA, Gara edo Info7 bezalakoak, irrati libreak... Iruñerrian eta Nafarroan inork betetzen ez zuen lekua bete nahi genuen: sarean, interneten, ikus-entzunezkoekin. Preso bat espetxetik ateratzen zenean, gutxi batzuek ematen zuten horren berri, eta guk irudiak ematen genituen. Greba orokorretan, aukera genuen auzolanean leku askotara iritsi eta beste askok eman ezin zutena emateko: irudiak, poliziaren bortizkeria... Gero, egon dira auzi batzuk oso garrantzitsuak; adibidez, ustelkeriarena. Nork eraman ditu sosak? trilogian murgilduta geunden. Los trileros forales egin genuen, eta gero Kutxa hutsa, CANen ingurukoa. Arrakastatsua izan zen. Ikurrinarena, Iruñeko herri harresiaren inguruan Info7-rekin elkarlanean egindakoa... Berria dagoen unean eta lekuan egotea, eta zuzenean ematea. Hori izan da gure nortasun ikurra.

Oihartzun handia lortu duzue azkenean. Nolakoa izan da garapena?

Gainontzeko euskal herrialdeetatik eta nazioartetik ere jarraitzen gintuzten. Ikusten genuen audientzia gora zihoala, eta ideologikoki ere oso anitza zela. Batzuetan harritu egiten ginen. Behin Yolanda Barcina ere harrapatu genuen Ateak Ireki-ri begira.

Espero zenuten halakorik?

Batetik, espero genuen errepresioaren jopuntuan egotea, ahots disidente bat garelako, eta ez garelako komunikabide handi bat. Hau da, BERRIA edo Gara izan litezke disidenteak estatuarentzat, baina haiei eraso egitea, beste kontu bat da. Oso erraza da gurekin bukatzea. Ikusi dugu: hiru orriko auto batekin komunikabide bat itxi daiteke, gure oinarri zabaletik harago inolako polemikarik sortu gabe. RSF Mugarik Gabeko Kazetariek ez du deus esango, Nafarroako parlamentuak ez du deus esango. Nahikoa merke ateratzen zaie gurekin halakoak egitea. Bestetik, ikusi genuenean Herrira-ri ongietorriak antolatzea leporatzen ziotela, gogoratu ginen hilabete batzuk lehenago BurlataHerria webgunea itxi zutela, ongi etorri baten bideo bat argitaratzeagatik. Hori «terrorismoa goratzea» zela esan zuten. Bideo horiek gureak ziren. Ongi etorri bat zen, komunikabide bezala grabatua eta publiko egina. Esan zutenean ez dakit zenbat webgune itxi behar zituztela, bagenekien gurea egon zitekeela tartean. Eta hala izan da.

Judizialki, zein aukera daude orain?

Auto honek adierazpen askatasuna urratzen du, demokraziaren aurkakoa da. Komunikabide bat ixtea inolako azalpenik eman gabe ez da bidezkoa. Badakigu zein tenoretan gauden (Estrasburgoko epaia, eta hori guztia), eta noren aurka ari garen. Badakigu salbuespenezko auzitegi bat dela Auzitegi Nazionala, eta behin baino gehiagotan egin dituela horrelakoak eta okerragoak. Bide judizialari ez diogu sinesgarritasunik ematen, ez dugu konfiantza handirik. Autoa oraindik ez da irmoa, eta ondorioak pairatzen ari gara. Zer nolako konfiantza izan dezakegu Espainiako Justizian? Guk landu nahi duguna da elkartasunaren bidea. Elkartasun guztia antolatu, eraso berri honi erantzun bat eman. Jendeak ikusten badu beste proiektu bat martxan jarri behar dela, horretara bideratu behar dugu elkartasuna.

Nola egin aurrera, orduan?

Asko eskertu behar ditugu jaso ditugun mezu guztiak. Pilak kargatzeko balio digu. Aurrera egiteko, beharrezkoa izango da horrelako keinuak ez izatea soilik hitzak eta mezuak. Herri honetan ongi ezagutzen dugu zer den auzolana, badakigu zer den herri proiektuak aurrera ateratzea. Ziurrenik, datozen egunetan mobilizazio bat egingo da kalean, sarean agertutako elkartasun hori guztia kalean erakusteko. Ateak Ireki-ren itxiera gauzatzen bada, jarri beharko dira baliabideak herri mugimenduaren ahotsa sarean entzunarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.