Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, udalerrien indize demografikoak eguneratu zituen iaz. Datu berrien argitara, inoiz baino ageriago gelditu da Pirinioetako despopulazioaren arazoa. Fenomenoaren oinarrian dauden faktoreak aztertu ditu Imanol Esnaolak (Lezo, Gipuzkoa, 1971).
Boladan dago Pirinioetako despopulazioari buruz hitz egitea, baina ez da auzi berria, ezta?
Ez. Nafarroako industrializazio prozesua kostaldekoa baino berantiarragoa izan zen. Herrialdea 1936ko gerraren osteko urteetan industrializatu zen erabat. Orduan hasi zen Iruñerriko gune urbanoa gorpuzten eta beste eskualde batzuetatik jendea erakartzen. Orain nabari dira XX. mendeko hazkunde demografikoaren eta Iruñerrian ardaztutako metropolizazioaren ondorioak, herrietan bakarrik geratu zirenak zahartzen ari diren heinean. Hori da faktoreetako bat, baina badira beste batzuk ere: Europak, adibidez, nekazaritza politika bateratuaren aldeko lehen urratsak egin zituen 1956an, eta horrek bete-betean eragin zion Nafarroari.
Nola?
Mendialdeak ez duenez aukera handirik ematen nekazaritza industrialerako, ez zen sartu politika horietan. Nafarroako eremu lauek, berriz, aukera eta baliabide onak ematen dituzte nekazaritza intentsiborako, eta Europako Batasunak hori sustatu zuen, mendialdea kanpoan utzita. 1986an, Nekazaritzaren Liburu Berdea egin zen, eta aitortu zuten nekazaritza politika bateratuak ez zuela balio izan landa guneetan biztanleria errotzeko. Oso baieztapen garrantzitsua da, oraintxe bertan, berriro, nekazaritza politika bateratua berrikusten ari direlako. Nekazaritza industrializatuak lan esku gutxiago behar du, baita eremu zabalak ere. Eta landaguneetako herriak gutxi batzuen bizileku bihurtzen dira. Horrek nora garamatza? Benetan behar al dugu halako politika bat?
Beraz, zer behar dute Pirinioek?
Pluraltasuna, batez ere. Funtsezkoa da aniztasunari eustea: soziologikoari, ekoizpenekoari, soziokulturalari... Biztanleetan ere adin eta belaunaldi ezberdinak behar dira, askotariko formakuntza duen jendea... Feminizazio defizit handi bat ere badago, eta hori ere aintzat hartu beharko litzateke. Mendialdeko komunitate horiek lortzen badute aniztasun osasuntsu hori gordetzea, hortik etor daitezke bizitza proiektu berriak. Aldiz, aurreko lau hamarkadetako bidea urratzen segituz gero, kontrako efektua lortuko dugu: aniztasun ekonomiko eta soziokulturala galdu, lizentziadunak, lanbideak, gay eta lesbianak, abokatuak... denak joango dira. Horrekin oso zaila da komunitate iraunkorrak artikulatzea.
Azken hamarkadetan egindako politikak kritikatu dituzu. Zer egin da gaizki, zehazki?
Ipar Euskal Herrian badira zenbait gune urbano lurralde eremu osoa artikulatzen dutenak: Baigorri, Donibane Lohizune, Maule, Atharratze... Horrek aukera ematen du lurraldean zerbitzuak eta bizimoduak egituratzeko. Nafarroa Garaiko Pirinioan, berriz, basamortua: distantzia izugarriak, lurraldea egituratuko duten udalerri gutxi, eta azpiegiturarik ez. Nafarroan, azken hamarkadetako politikaren arabera —nazioarteko joera jakin bati erantzuten ziona—, beharrezkoa da baliabideak eta gaitasunak hiriburuan metatzea, aukera berriak sortzeko. Hori da urbanizazioaren ideia. Izugarria da Iruñe inguruan izan den kontzentrazioa. Inon baino gehiago eraiki da; inon baino inbertsio handiagoak egin dira; enpresa berritzaileak han daude, baita enplegu aukera gehienak ere, gazteentzat, batez ere. Iruñerriaren inguruan eginikoa da, hain zuzen, lurraldea geografikoki, ekonomikoki eta soziokulturalki desorekatzeko egin zitekeen aukerarik eraginkorrena. Politika hori bereziki nabarmena izan zen 2000. urtetik aurrera, UPNren gobernuekin.
Erribera lehenesteko joera bat suma daiteke politika horietan?
Mendialdeko nekazaritza oso gutxietsia izan da, oro har, Europako Batasunean eta Mendebaldean. Elikagaigintzaren inguruan sortu den ideologia bati erantzuten dio. Badu azalpen bat horrek: begiratzen bada non aplikatzen diren politika publikoak eta non dauden diru laguntzak maximizatzeko aukerak, bistan da Erriberak aukera hori ematen duela. Eta horri guztiari gehitu behar zaio ikuspegi elektoralista ere. Nafarroa urteetan gobernatu dutenen boto eremua, historikoki, Erribera izan da. Hor badago lurraldearen gaineko kategorizazio kritiko bat. Eta, beraz, kategorizatzen badugu lurralde bat hustera kondenatua izan balitz bezala, horrela jokatuko dugu.
Zer proposatzen du Gaindegiak joera hori gainditzeko?
Bi auziri erreparatuz begiratzen diogu etorkizunari. Batetik, lurralde oreka: Euskal Herriak lurralde oreka sustatu behar du era aktiboan. Bilatu behar dira lurraldea hustea eragozten duten bitartekoak. Gure lurraldea ezin dugu desorekatzen utzi. Ezaguna dugu Espainiako Estatuaren adibidea, eta badakigu zer datorren bide horretatik. Eta, bestalde, ezinbestekoa da tokiko iraunkortasunaren euskal eredua garatzea. Tokian-tokian dauden komunitate lokalak iraunkorrak izan daitezen, gure kasuistikara egokituko den eredu bat behar dugu.
Eta, Pirinioei begira, zein da eredu hori?
Aplika daitekeena Nafarroako Pirinioetan, Ipar Euskal Herrian, Gipuzkoako mendialdean edo Arabakoan. Tokian-tokian bizitzari eusten diogun bitartean, ez gara soilik egiten ari eredu iraunkorrago bat naturari begira, komunitateei begira ere ari gara. Horrek esan nahi du zaintzea demografia, jarduera ekonomikoak tokian toki nahikoak izatea, bizitza soziokulturala... Hortaz, tokiko iraunkortasun hori landu, garatu, bermatu beharko genuke, etorkizunean komunitate horietan egon dadin bizitza proiektuak asegarri egiteko modu bat.
Adostasun maila handia eskatzen du horrek.
Gaindegiak bi gako horietan egiten du lan: ikuspegi geografiko espaziala eta ikuspegi sozioekonomikoa. Argi dugu tokian-tokian egin behar denak adostasun handia eskatzen duela. Nork bereari eustera ohituak gaude, baina ez dago lurralde desorekari eta herrien ahultzeari erantzuterik tokian-tokian adostasun zabalak sortzen ez badira. Adostasun soziopolitikoak, erronka horien aurrean erantzun bateratuak sortzeko. Tokiko instituzioek ere izan behar dute harrera baikorra eta kooperazioa gainerako administrazio eta erakundeen aldetik. Hemen, beharrezkoa da herri hitzarmen bat gai honetan. Hamarkada batzuetako lana da. Lurraldeak eskatzen duen inbertsio eta ahaleginak luzera ikusten dira, eta, beraz, bide horretan jarri behar dugu.
Nafarroako Pirinioak. Imanol Esnaola. Gaindegiaren koordinatzailea
«Baliabideak Iruñerrian pilatzeak ekarri du lurraldearen desoreka»
Gaindegia behategiko zuzendariak lurraldeen arteko oreka aldarrikatu du. Pirinioen kasuan, ezinbestekotzat jo du urbanizazio eredu zaharrak alboratu eta eskualde bakoitzeko pluraltasuna bermatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu