«Baliabideak» eskatu dituzte buruko eritasunetarako

Fedeafes federazioaren ikerketa baten arabera, gero eta haur, nerabe eta gazte gehiagok dute buruko eritasunen bat, eta gero eta kasu larriagoak daude

Maria Jose Cano eta Aimar Rubio, buru osasunaren inguruko txostena aurkezten, atzo. FEDEAFES.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Buru osasuneko arazoren bat duten haur, nerabe eta gazteen profila gero eta gazteagoa da, eta arazoak gero eta larriagoak dira. Hala ondorioztatu du Fedeafes buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen federazioak atera berri duen txostenean; atzo aurkeztu zuten, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Metodologia kualitatiboa izan du oinarri azterketak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako buruko osasun arazoak dituzten haurren (0-9 urte), nerabeen (10-18 urte) eta gazteen (19-30) beharrak aztertu dituzte, baina baita horien familiartekoenak ere. Baliabideak eskatu dituzte haur eta nerabe horientzat, eta senideentzat, «buru osasuneko arazoen intzidentzia gero eta handiagoa delako».

Aimar Rubio Ede Fundazioko ikertzailea proiektuaren parte izan da. Baieztatu duenez, ikerketan ageri diren datuak «oso kezkagarriak» dira. Suizidioaz hizketan hasi zen Rubio: Esan zuen nerabeen ospitaleratze psikiatrikoak % 50 ugaritu direla haur eta gazteen ospitaleratze unitate batzuetan, 2020ko lehen bost hilabeteak 2019ko aldi berarekin alderatuz gero, eta elikadura portaerarekin loturiko nahasmenduengatiko ospitaleratzeak hirukoiztu egin direla konfinamenduaren ondorioz.

Rubiok esplikatu zuenez, haurren buru osasunaren arloan «garrantzi handiena» duen arazoetako bat garapenaren nahasmendu orokortua da. Gaur egun, portaeraren nahasmenduak «hazten» ari dira. Gainera, garapen fasean diagnostikatzen diren arazo asko kroniko bihurtzen dira, eta arreta defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dira gehien diagnostikatzen direnak: adin txikikoen «%5 inguruk» garatzen dituzte azken bi horiek. Horrez gain, ondorioztatu dute nahasmendu emozionalen artean antsietatea, depresioa eta fobia soziala garatzeko arriskua areagotu egin dela.

Halaber, azpimarratu zuten gaztaroa iristen denean jokabide nahasmenduak nabarmentzen direla, eta hori dela baliabide gehien behar duen patologietako bat, autismoak edo «eskizofreniak baino gehiago». Depresioa, desorekak, elikadura portaeraren nahasmenduak eta bestelako buru gaixotasunak ere areagotu egin dira. Gainera, Rubiok baieztatu zuen jokabide arazoak gizon nerabeek eta gazteek izaten dituztela «maizago»; depresioak eta psikosiak, berriz, emakume nerabeek eta gazteek sufritzen dituzte gehien. Rubioren arabera, pandemiak gehien «kolpatu» dituen gizarteko sektoreak izan dira. Aipatutako arazoak okertzeaz gain, pandemiak pantailen erabilera gehiegi «areagotzea» eta bakartze soziala ekarri die askori. Esan duenez, zenbait gazteri itxialdian buru osasuneko arazoak arindu zitzaizkien, halere, eta eskolara itzultzean berriro ere okerrera egin dute.

Baliabide falta

Behin arazoak mahaigaineratuta, Maria Jose Cano Fedeafeseko zuzendariak hartu zuen hitza. Hark nabarmendu zuen «hobekuntzak» egin behar direla, besteak beste, osasunean, hezkuntzan, aisialdian, etxebizitzan, enpleguan eta justizian. Funtsean, adierazi zuen buruko gaixotasunak pairatzen dituzten haurren, nerabeen eta gazteen beharrezko arreta «hobetu» behar dela.

Canok eskatu zuen buruko gaixotasunak dituzten haur, gazte eta nerabeen familiak ere kontuan hartzeko. Izan ere, ikerketan ondorioztatu dute gaixoen senideei ere «laguntza» eskaini behar zaiela.

Gizarteko sektoreen arteko koordinazioa hobetzeko eskatu zuten Fedeafeseko kideek, buruko gaixotasunak dituztenak laguntzeko. Hala ere, Canok argi utzi zuen «baliabideak falta» direla buruko eritasunen bat dutenei laguntzeko. Baliabideak eskatu zituzten, honenbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.