Dena den, kasuaren inguruko datu batzuk atera dira argitara. Eta genero indarkeria dago oinarrian; aitak amari emandako tratu txarra, hain zuzen ere. Hori jakinda, lehen galdera honako hau izan zen: zenbateraino jokatu dute ongi gizarte zerbitzuek?
Maria Luisa Agirretxek, EAEko Arartekoko Emakumeen Berdintasuna eta Osotasun Fisikoa arloko koordinatzaileak, ez dio galderari zuzenean erantzun nahi izan: «Xehetasunak izan ezean, ez da erraza erakundeek emandako erantzuna egokia den edo ez neurtzea. Ez diot aldundiari ezer egotzi nahi». Hala ere, «espero» du aldundiak familien prekarietate egoera aurreikusteko gaitasuna izatea. «Kontua ez da jendeari atzetik jarraitzea; bai, ordea, jarraipena egitea». Dena dela, Agirretxeren arabera, emakumeen kontrako indarkeria edota amaren kontrako indarkeria, adingabeentzat «prekarietate elementu bat» da. «Aurretik esku hartu behar da, prebentzio moduan. Gizon bat bikotekidearekin oldarkorra izan bada, seme-alabekin ere izan daiteke».
Erakundeen bitartekoak
Kasu zehatzez aritu baino, nahiago du orokortasunaz hitz egin Agirretxek, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei erakundeek oro har ematen dieten erantzuna azaldu ahal izateko. Hitz gutxitan azaldu du, gainera: «Ez da nahikoa». Baliabideak eta tresnak ugari daude; bai Jaurlaritzak bai aldundiek edota udalek kudeatutakoak. «Baina praktikan, guri heltzen zaizkigun kexak ikusita, ez dira aski». Eraginkortasun falta nabarmentzen du Agirretxek, baina, batez ere, «koordinazio eskasa».
Ez da kontu berria hori, ordea. Arartekoak 2003an egindako Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn txosten berezian ateratako ondorio nagusia izan zen. Eta behin eta berriz ateratzen du arartekoak konklusio hori, urtero egin ohi dituen txostenetan, hain zuzen ere. Agirretxeren esanetan, «eboluzionatzeko ahalegina» egiten dute erakundeek, eta borondatea badute. Horren lekuko jarri du gaiarekiko eskumena duten instituzio guztiek 2009an sinatutako II. akordioa -aurreko ituna 2001ekoa da-. Akordio horrek ekarri zuen Tratu Txarren eta Sexu Erasoen Jarraipenerako Batzordea eratzea. Azken urratsa Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortzea izan da. «Horrek argi erakusten du erakundeak jabetzen direla koordinatzeko ahaleginek ez dutela eman fruiturik», dio EAEko Arartekoaren ordezkariak. Bulegoa Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren menpe dago, eta mota guztietako genero indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzeaz eta koordinatzeaz arduratzen da.
«Ahalegin handia egin dugu biktimari arreta eta babesa emateko, betiere gure eskuduntza eremuaren barruan», nabarmendu du, bestalde, Mariola Serranok, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako buruak. «Kasuek sisteman hainbat sarbide dutela kontuan hartuta -tokian tokiko udaletako gizarte zerbitzuak, diputazioetakoak, Ertzaintza, epaileen sententziak...-, laguntza ekonomikoa kudeatzen dugu, telefono bidezko arreta kudeatzen dugu, eta Herrizaingo Saileko politika zehazten dugu gai horretan...-».
Denek ez dute gustuko, ordea, bulego horren lana. «Zer egin du zuzendaritza horrek?», galdetzen dio bere buruari Agirretxek, ordea, Arartekotik. «Nik uste dut orain artean bezala daudela gauzak. Erakundeak hobeto koordinatzeko neurriren bat edo tresnaren bat martxan jarri badute, ez dut oraindik ezagutzen». Eta Arartekoaren ordezkariarekin bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuko ordezkari batek ere: Itziar Usabiagak, Laguntzak, Gizarteratzea eta Enplegua alorreko zuzendariak. «Orain artean ez dut sumatu zuzendaritza horrek aurrerapausorik eman duenik», dio. Areago: «Oro har, ez da balantze ona egiten». Bide batez, diputazioaren jarduna balioztatzen du: «Diputaziotik genero indarkeriaren ondorioak murrizten ditugu, dauzkagun baliabideekin. Izan ere, prebentzioarekin loturiko jarduerak aldundiaren egitekoaz gaindikoak dira; gizarte osoari loturikoak dira».
Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari egindako kritiken inguruan, erakundearen lana defendatu du Serranok: «Ez da perfekzioa. Koordinazioari dagokionez, ahalegin handia egin da, baina asko dugu egiteko. Arreta osoa bermatu nahi dugu. Baina ezinbestekoa da ibilbidea egin ahal izatea».
Sortu zutenetik kanpaina bat egin du, Ez dago aitzakiarik. Emakumea gaizki tratatzen duena erruduna da leloarekin. Genero indarkeria mota bat zuen oinarri: bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik emakumeek jasaten duten indarkeria. Kontzientzatzea helburu, hitzaldiak eman dituzte, baita hedabideetan elkarrizketak eskaini ere. Telefono bidezko 24 orduko arreta zerbitzua jarri dute martxan, laguntza psikologikoa eta informazioa eskaintzen duena. Artean, aurtengo urrian genero indarkeriaren kontra jarduteko Jaurlaritzaren lehenengo plana egin dute publiko, eta zuzendaritzak du hori gidatzeko eta horren buru izateko eginkizuna. Bide horretatik, alde guztiekin dago harremanetan.
Bestelako sentimenduak ditu, ordea, Junkalek. Indarkeria jasan du, eta orain epaitetik epaitegira dabil. «Biktimoi laguntzeko erakunde mordoa dagoela dirudi. Eta ni pilota bat bezala sentitzen naiz, eskutik eskura doan pilota». Serranok «ulertzen du» Junkalek sentipen hori izatea, baina «lanean jarraituko» dutela hitzeman du, eta erantzuna eraginkorra izan dadin.
Dena den, koordinazio falta ez da arazo bakarra. Izan ere, arreta psikologikoa eta aholkularitza juridikoa lehen momenturako baino ez daude pentsatuta. Ofiziozko abokatuen doako zerbitzua salaketa jarri aurretik edo jartzeko orduan baino ez da eskaintzen. Eta epaitegietako funtzionamendua ez da nahi bezain egokia. Agirretxe eta Usabiaga bat datoz horretan ere. «Epaileak dioena urrezko araua da», dio batak. «Epaitegietako lana geldoa da», besteak. «Genero indarkeriaren gaia gizarteak serio hartu behar du, eta hori badagoela nahikoa biktima serio hartzeko», ondorioztatzen du Usabiagak. «Ez dago nahikoa espezializaziorik, sarritan epaileen sentsibilitate pertsonalaren menpe gaude, eta denak oso modu erlatiboan funtzionatzen du. Gizartean ez zaio duen garrantzia aitortzen. Ez dakit soluziorik baduen. Ez da sumatzen».