«Osasun publikoaren alde egitea». Hori da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburu nagusia, Gotzone Sagardui sailburuak atzo adierazi duenez. Jaurlaritzaren aurrekontu osoan, Osasun Saila etengabe hazten ari da: aurten, %5,3 igo da. Sagarduiren erranetan, pertsonak dira inbertsio horien helburua, sailak gastatzen dituen hamar eurotatik zortzi gastu sozialerako baitira. Hala, azken hilabeteotan herritarren kezka iturri nagusia izan den afera ekarri zuen gogora: itxaron zerrendak. Murriztu nahi dituzte, Osakidetzaren «baliabide propioekin», gainera.
Eusko Legebiltzarrean mintzatu zen Sagardui, 2024ko aurrekontuak aurkezteko saioan. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu zion nola planteatzen duten itxaron zerrendak murriztea Osakidetzako baliabideak bakarrik erabilita,eta sailburuaren erantzunaren zain egon gabe, aurreratu zuen beren ustez «deribazioak indartuz» eginen duela hori osasun sistemak. Izan ere, Sagarduik berak aitortu izan du arlo publikotik pribatura bideratu dituztela pazienteak, itxaron zerrendak arintzeko. Erran izan du beharbada azkenaldian gora egin dutela deribazioek, baina Osakidetzak betidanik erabili duela «erreminta» hori. Zenbait profesional kontratatzeko zailtasunak daudela ere nabarmendu izan du.
Ildo horretatik, Osakidetzaren pribatizazioa izan zen atzoko saioko gai nagusietako bat. Sagarduik argi erran du: «Osakidetzan ez dago pribatizazioaren arrastorik». Oposizioko alderdiek, baina, kontrakoa erran zuten. Datuetan ikus daiteke, adibidez, hein handi batean pribatizatuta dagoen osasun arloko garraioaren aurrekontua %18 igoko dela. Sagarduiren arabera, gasolinaren prezioak eta garraio zerbitzu horren eskariak gora egin dutelako igoko da aurrekontu hori. 2022an 1.300 esku hartze egon ziren eguneko, eta 2023an, 200 kasu gehiago eguneko.
Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen iritziz, ordea, «ez da beharrezkoa» diru publikoaren zati bat arlo pribatura eramatea. Anbulantzien arloan gertatzen dena nabarmendu zuen, esterako: «Gure ustez, zerbitzu publiko bat izan behar lukeen hori pribatizatuta dago».
Sagarduik adierazi zuenez, gainera, lehen arretako hamalau osasun etxetan berrikuntzak eginen dituzte. Horrez gain, gogoratu zuen 31.011 egiturazko lanpostu dituela Osakidetzak, eta iaz 2.467 lanpostu gehitu zirela; horietatik 358, lehen arretan. Arlo horretan lan egiten duten mediku eta pediatrek egun bakoitzeko artatu behar duten paziente kopuruak zein izan beharko lukeen zehaztu du Osasun Sailak. Uberak azpimarratu zuenez, kopuruak bai, baina horiek betetzeko planteamendurik ez dute aurkeztu.
Internet bidez lehen arretan
Lehen arretarekin lotuta, Internet bidez eskaintzen diren zerbitzuak indartuko ditu Osasun Sailak. «Herritarrak Osakidetzatik urruntzen ditu horrek, batez ere zaurgarrienak», kritikatu zuenUberak. Sagarduik, baina, Internet bidezko artaren defentsa egin zuen: «Teleasistentzia ez da arriskutsua herritarrentzat, eta ez ditu urrunduko».
Enplegu eskaintza publikoen azkeneko deialdiak ere hizpide izan zituen Sagarduik atzoko aurkezpenean. Adierazi zuen 2018-2019ko aldiko eskaintza azkeneko fasean dagoela, eta 3.535 lanpostu egonkortuko dituela. Esan zuen, halaber, hainbat berrezarpen deialditako probak amaitzear daudela, eta horiek 7.642 lanpostu biltzen dituztela.
Horiek guztiak amaitzen direnean, 11.000 lanpostu baino gehiago egonkortuko dira Osakidetzan, eta Osasun Sailaren arabera, bitartekotasun tasa %8ren azpitik geldituko da, Europako legediak eskatzen duen eran.
Bildarratzen aurkezpena
Jaurlaritzak ia 3.673 milioi euro jarriko ditu hezkuntzarako, 2024rako aurrekontuetan agertzen denez: aurreko urtean baino %5,5 gehiago. Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Eusko Legebiltzarrean atzo egindako aurkezpenean azaldu zuenez,handitze hori Eusko Jaurlaritzak «hezkuntzarekin duen konpromisoaren eta ahaleginaren» isla da. Langileei dagokien atala izango da 2024ko aurrekontuetan handiena, 1.742 milioi eurokoa izango baita. Horrekin, sindikatuekin hitzartutako akordioak bete nahi ditu Hezkuntza Sailak. «Irakasleen egonkortasuna» ere helburutzat ezarri du Bildarratzek, eta, esan zuenez, abian jarritako lan eskaintza publikoekin egiturazko lanpostuen behin-behinekotasuna %5etik beherakoa izatea nahi dute.
Unibertsitateaz kanpoko beketarako, garraiorako eta eskola jantokietarako 126,3 milioi euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak. Haurreskolak partzuergoak 77 milioi euroko diru saila izango du, aurreko urtean baino %16,6 handiagoa, zerbitzu horren «doakotasuna» lortzeko xedez izango dela aurreratu zuen Bildarratzek.
«Baliabide propioekin» egingo die Osakidetzak aurre itxaron zerrendei
Aurrekontuen berri eman du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. EH Bilduren susmoa da «deribazioak» indartzera egingo duela. Hezkuntzako aurrekontuen igoera nabarmendu du Bildarratzek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu