Baliabide material eta humanoak izanen dituzte Euskal Hirigune Elkargoko talde politikoek

Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat kolaboratzaile bana izateko diru partida ematea onartu du elkargoko batzarrak

jarraia227983.jpeg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 13a
11:41
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak talde politikoei baliabide material eta humanoak ematearen alde bozkatu du. Bil Gaiten eta Elkarrekin Herriarentzat taldeek 85.000 euroko diru partida izanen dute, kolaboratzaile bana enplegatzeko. Halaber, funtzionamendu gastuei buru egiteko baliabideak izanen dituzte: Bil Gaiten taldeak 19.800 urtean eta Elkarrekin Herriarentzat taldeak 27.600 urtean. Eztabaida eragin du proposamenak: Jean Rene Etxegarairen hurbilekoek zalantzan jarri dute talde politikoen jarduna, baina instituzioaren izaera eta funtzionamendua izan dira erdigunean.

Abenduan osatu ziren ofizialki talde politikoak elkargoan. Bil Gaiten taldeak EH Bairen inguruko hautetsi gehienak batzen ditu, baina denek ez zuten bat egin ekinaldiarekin. Ondoan, «ildo ezberdinetako hautetsiak biltzen dituen» etiketa politikorik gabeko «talde askotariko» gisa aurkeztu du bere burua Elkarrekin Herriarentzat taldeak.

Bi taldeek behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez direla aurkezten Etxegarairen politikaren oposizio gisa. Hala ere, kritika zorrotzak plazaratu izan dituzte orain arte indarrean den funtzionamenduari buruz, baita zenbait erabakiri buruz ere, hala nola, finantza eta fiskalitate arlokoak.

Nicole Etxamendi Itsasuko (Lapurdi) axuantak eta Peio Etxeleku Kanboko (Lapurdi) hautetsi eta Errobi lurralde eremuko erreferenteak hartu dute hitza talde bakoitzaren izenean. «Eztabaida ez da talde politikoen alde edo kontra bozkatzea, talde horiei funtzionatzeko baliabideak ematea baizik», esplikatu du Etxamendik. Taldearen helburua hautetsien elkarlana bultzatzea dela erran du. «Proposamen elkarle izan nahi dugu, bilkurak aitzin gaiaik hobeki landu, eta denentzako egokiak izanen diren erabakiak lantzen parte hartu». Elkargoa indartsuago eta sendoago eginen du horrek Etxamendiren hitzetan.

Hautetsiek elkargo batzarrei begira izaten duten lan zama aipatu du. «Zuetako bakoitzak badaki zer den». Zehaztu du ere aipatzen diren 85.000 euroak «maximo» bat direla, «engaiatzen gara xumeak izatera». Ez dute diru guzi hori erabiltzeko asmorik. Azken asteetan Etxegaraiekin eta zerbitzuekin izandako harremana eskertu du Etxamendik. Bat egin du mezuarekin Etxelekuk ere. «Baliabide horiek zinez beharrezkoak dira gure taldeek lan egiteko aukera izan dezaten».

Berdintasun printzipioa

Martine Bisauta lehendakariordeak hartu du hitza, talde politikoen eratzeari buruz duen desadostasuna azaltzeko. «Badu gastu bat elkargoarentzat, lurraldearentzat iniziatibak ordaintzeko zailtasunak ditugun garai honetan. Hori ote da lehentasuna?». Elkargoko exekutiboari finantzei buruz egin izan zaizkien kritikekin parekatu du. «Dirua nolanahizka gastatzea leporatzen diguten berdinak dira taldeentzat dirua eskatzen dutenak». «Taldeak sortzea legala da, baina legitimoa ote da?», galdetu du. «Haatik baliabideak aukera bat dira». Talde politikoak «presio taldeak» direla erran du, gibelean alderdi politikoak dituztenak.

«Berdintasun printzipioaren» inguruan aritu da ondotik. Anne-Marie Nadaud hautetsiak aipatu du, taldeei baliabideak emateak hautetsiei baldintza berdinetan lan egitea ahalbidetuko diela erranez. Argumentuaren kontra egin dute Joseba Erremundegik eta Colette Capdeviellek: «Hautetsi batzuek baliabideak izateak, eta beste batzuek ez izateak desberdintasuna sortuko du». Arnaud Fontainek ebatzi du: «Bistan den berdintasun printzipioa atxikitzen duela. Gutako edonork badu aukera talde politiko gisa eratzeko».

Elkargoaren izaeraz ere aritu dira: sufragio unibertsalik ez denez hautetsiak herrietako ordezkariak direla oroitarazi du Sauveur Bachok, eta «dudakor» agertu da talde politikoen osatzeari buruz. Funtzionamendu «arazo bat» dagoela erran du, «ez genuen ikusia». 158 herrirekin intsituzio bat demokratikoki funtzionaraztea «zaila» dela erran du. Estatus bereziko lurralde elkargo izan nahi zuen hirigune elkargoaren arazoa. «Erdibidean gaude», Capdeviellen hitzetan. «Egiturazko defizit demokratikoa» dagoela erran du, eta ororen buru sufragio unibertsala izatera iritsi beharko direla erran du Mixel Estebanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.