«Gaixotasun mentala duten pertsonek zerbait behar badute, zerbitzuen malgutasun handia da». Esaldi horrekin eman zuen Maria Jose Canok, Fedeafeseko kudeatzaileak, EAEko gizarte eta osasun baliabideen eskaintzaren analisia ikerlanaren giltzetako bat. Fedeafesek, buruko gaixotasunen bat duten pertsonen eta senideen elkarteen EAEko federazioak, malgutasun hori baliatzea proposatu du: eguneko zentroetan, zerbitzuetan plazak gordetzerakoan... Halaber, arreta jarri du adingabeei bideratutako baliabideetan: Fedeafesen ustez, indartu egin beharko lirateke, egun dauden beharrak asetzeko.
Ikerlanaren aurkezpenean izan ziren Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. Analisiak hamaika lan ildo proposatzen ditu, baina Canok bost hauek nabarmendu ditu:
HAURRAK ETA GAZTEAK
Buruko eritasunak dituzten adingabeak artatzeko eta gaixotasun horiek prebenitzeko neurriak handitu beharko liratekeela nabarmendu du federazioak. Horretarako, «alkoholaren eta drogen» alorrean esku hartze goiztiarra behar da. Halaber, adingabeen justizia zerbitzutik heldutako gazteekin ere prebentzio programak hastea proposatu du.
Zenbait zerbitzutan eskaria gora doala jaso du ikerlanak; eskaintza, ordea, ez da hazi. Unitate terapeutiko hezigarriak jarri ditu adibide gisa. Halaber, eskatu du eguneko ospitale gehiago zabaltzeko; gaur egun, Araban baino ez dago zerbitzu hori. Azkenik, gaixo dauden adingabeen familiei ere laguntza emateko programen beharra aipatu du.
EMAKUMEAK
Canok azaldu du buruko gaitza duten emakumeek parte hartze txikiagoa dutela gizartean, gizonekin aldean. Hala ondorioztatu zuen Fedeafesek beste ikerketa batean, eta, geroztik, familiekin egin du lan, senideen gehiegizko babesaren ondorioz andreek ez diezaioten utzi gizarte zerbitzuetara jotzeari. Genero ikuspegia txertatzearen premiaz mintzatu da, baita profesionalekin aritzean ere: «Ikusi dugu emakumeak gutxiagotan bideratzen dituztela zerbitzuetara: lana, aisialdia... Hutsune adierazgarria dago».
Bestetik, ikerlanean jaso dute egokia dela bikotekiderik gabeko amekin lan egitea, taldeka; garrantzitsutzat dute jaiotza inguruko psikiatriako unitateak sustatzea, ama berriak babesteko.
ADINEKOAK
Canok «funtsezkotzat» jo du buruko gaitzak dituzten adineko pertsonak zahartze aktiboko politiketan sartzea. Hori, betiere, pertsona horien ezaugarriak kontuan hartuta egin beharko litzateke. «Ezin dituzte zahar etxeetara eraman besterik gabe; ibilbide bat izan behar dute, eta arreta berezia». Buruko gaitzak dituzten edadetuen zahartzeak etorkizunean premia berriak sortuko dituela ondorioztatu du, gaur egun adineko gurasoekin bizi diren erien egoera kasu. «Komunitate ikuspegia» aintzat hartzearen alde egin dute, pertsona horiek beren etxean jarrai dezaten.
DIAGNOSTIKATU GABE DAUDEN ERIAK
Gizarte zerbitzuak baliatzeko, oro har, derrigorrezko baldintza bat bete behar da: mediku baten diagnostikoa izatea. Hori «hutsune handienetako bat» dela uste du Fedeafesek, arretari dagokionez: «asko» dira buruko gaitzen bat izan arren medikura ez doazen 18 urtetik gorako gazteak. Horien kasuan, gizarte zerbitzuetako eskakizunak «malgutu» beharko liratekeela adierazi du, eta gazteekin harremanak «finkatzeko» baliabideak sortu. Horrez gain, administrazioei «ekimena» izateko eskatu die Canok: «kalera» ateratzea. Bilbon abiarazitako kaleko psikiatria zerbitzua jarri du adibide gisa.
LANDA EREMUAN, DESOREKA
Lurralde desorekak buruko gaitzen arretan eragiten duela ondorioztatu du Fedeafesek. Desoreka hori bereziki nabaria da Arabako landa eremuan; Bizkaian ere arazoak antzeman dituzte Enkarterrin, Urduñan eta Orozkon, eta Gipuzkoan, Debagoienan. Eremu horietan «laguntza tratamendurako zerbitzu azkarrak» jartzea proposatu dute, lurraldeen artean «malgutasun» handiagoa egoteko. Horrekin batera, eremu horietako garraiobideak hobetzea proposatu dute.
Baliabide gehiago eskatu dituzte buruko gaitzak dituzten umeentzat
Fedeafesek etorkizuneko lehentasunen artean jarri du landa eremuan buruko eritasunen arreta hobetzea. Zerbitzuetan genero ikuspegia txertatzeko eskatu du, baita «malguago» izateko ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu