Ikasturtea hasteko hamar egunen faltan, ikastetxeetako zuzendaritzak antolaketa lanetan ari dira. Heize euskal eskola publikoaren zuzendaritza elkarteen federazioko presidentea da Iñigo Salaberria (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976). Uste du baliabide gehiago beharko direla, baina garrantzitsuagoa dela horiek zertarako erabiliko dituzten.
Zer datorkizu burura irailaren 7a aipatutakoan?
Egun hori prozesu oso baten hasiera izango da. Nik garrantzia ez nioke egunari edo hasierari berari emango, baizik eta momentu horretatik aurrera eraikiko dugun prozesuari.
Ikasleak hartzeko prest al daude ikastetxeak?
Prest, gogotsu eta beharrez. Irakasleon jardunak zentzu osoa hartzen du ikasleekin bildutakoan. Guztiok bat gatoz aurrez aurrekoa behar dela.
Beraz, aurrez aurreko hezkuntza beharrezkoa da?
Zalantzarik gabe. Ez da soilik edukien transferentzia; beste hamaika kontu garrantzitsu eta konpetentzia lantzen dira aurrez aurreko horretan: enpatia, kooperazioa, lagunen arteko harremanak, euskararen erabilera, errespetua... Baina prozesu hori zor zaion errespetu guztiarekin jorratu behar da, eta errespetu hori momentu honetan irudikatzen da ikasleek eta irakasleek behar dituzten eta eskain diezazkiekegun babes eta segurtasun neurri handienekin.
Nahiko baliabide ba al dituzue?
Baliabide gehiago beti ongi etorriak dira. Aurreikusten dugunarengatik eta inguruan ikusi dugunarengatik, beharrak handituko direla erraz uler daiteke: espazioak, denbora eta jarduna moldatu behar ditugu; metodologiak eraldatu; eta kalitate handieneko arreta eskaintzen jarraitu. Ondoriozta dezakegu horrek baliabide gehiago eskatuko dituela. Denok badakigu zer egoera ekonomikotan gauden, eta uste dut gure etorkizunak merezi duela inbertsio eta esfortzu hori, baina zuhurtziaz jokatuta, betiere, beharrezkoak diren esparru horietan.
Hezkuntza Sailak bi dokumentu egin ditu publiko jarraibide orokorrekin, baina ikastetxe bakoitzaren esku utzi du kontingentzia plana egitea. Babestuta sentitu al zarete?
Ekainean dokumentu batzuk genituen mahai gainean, aurreikuspen batzuk egin eta egoera batzuk planteatzen zituztenak. Orain, egoera garatu egin da, eta erabaki horiek gauzatu egin behar ditugu. Egia da gizartean erantzukizun partekatua dagoela, baina guztiok ez daukagu erantzukizun berdina.
Jaurlaritzak ez du jendaurrean adierazi nola jokatu behar den positiboak daudenean ikasgeletan. Baduzue horren berri?
Ez, baina oso hurbiletik jarraitzen ari gatzaizkie beste herrialdeetako errealitateei: askotarikoak dira, eta arazo beraren aurrean desberdin jokatzen ari dira.
Hezkuntza Sailak nahikoa hitz egin al du hezkuntza komunitatearekin?
Esan dezakegu bi momentu egon direla. Hauteskundeen aurretik, aurreko ikasturteko hiruhilekoan, harreman oso estuak egon dira. Uste dut horrek bide bat ireki duela, konfiantza bide emankor bat, oparoa izan daitekeena eta lagundu diguna guztioi itsasontzi hau portu onera iristen. Orain, itsasontzi honek portutik atera behar du, eta itsaso berri batzuk zeharkatu.
Hau da, hauteskundeen ondoren ez zarete hainbeste elkartu.
Jaitsi egin da harremana, baina ardatz orokorrak jarrita zeuden. Egoeraren aldakortasunak ardatz horiek pixka bat moldaraziko dizkigu, eta pentsatzen dut aurki horren berri izango dugula.
Ratioak jaistea da hezkuntza alorreko eskaeretako bat. Egungo egoeran, zenbatekoak izan behar lukete?
Ikastetxeek aniztasun handia dute espazioen eta ikasle eta irakasle kopuruaren aldetik. Orduan, zaila da guztientzako errezeta magiko bakarra izatea. Baina, datuek diotenagatik, eta beste herrialdeetan hartzen ari diren erabakiak kontuan hartuta, ratioen jaitsierak badu eragina ondoren gerta daitezkeen kutsadura prozesuetan.
Eta irakasle gehiago kontratatzeko beharrik ba al dago?
Hezkuntza eredu berri baten aurrean gaude, eta horretarako etorriko diren baliabide guztiak ongi etorriak izango dira, baina garrantzitsuena da zertarako erabiliko ditugun.
Eta zertarako erabili behar dira?
Badago erronka bat oso garrantzitsua: euskararen irautea. Horretarako, bigarren elementu bat dago: metodologia berriak nola landu, sustatu eta integratu, eta nola berritu gure jarduna.
Azken egunetako datuak ikusita, nolakoa izango da itzulera? Segurua izango da ikasgeletara itzultzea?
Ez dakigu hemendik bi astera zer bilakaera izango duen gaixotasunak. Zuhurtziaz jokatzen badugu gure eguneroko jardunean, itzulera ziurragoa izango da; gure jokabidea axolagabea baldin bada, itzulera hori ez da hain ziurra izango, eta horrek beste arazo batzuk sortuko ditu.
Uste duzu pandemiak erakutsi duela hezkuntza presentzialak zer garrantzia duen?
Baietz espero dut. Uste dut hezkuntzaz ez dela inoiz ere hainbeste hitz egin herri honetan eta estatu honetan. Ez litzaidake gustatuko hori soilik izatea kontziliaziorako ezinbesteko esparrua delako.
Koronabirusa. Iñigo Salaberria. Heizeko presidentea
«Baliabide gehiago beti dira ongi etorriak»
Salaberriak ezinbestekotzat du hezkuntza aurrez aurrekoa izatea. Uste du 2020-2021eko ikasturtean euskararen erabileran eta metodologia berrietan jarri behar dutela arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu