Etxegabeak

Baliabide gehiago behar dituzte

Etxegabeei laguntzeko plataforma bat da Beste Bi; 22 eragilek osatzen dute, eta hamabost urte bete berri ditu. Premiazkotzat jo dute etxegabeei erraztasunak ematea diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko, errolda lortzeko, eta etxebizitza bat eskuratzeko. Beste bi etxegabe hil dira Bilbon aste honetan.

Bilbon aste honetan bi etxegabe hil direla salatzeko ostegunean egin zuten protesta. MONIKA DEL VALLE, FOKU
Natalia Salazar Orbe.
2022ko maiatzaren 6a
15:31
Entzun

Ez da erraza etxegabe bat kaletik ateratzea. Gutxik lortzen dute prozesua burutzea. Hala azaldu du Borja Agirrek; Zubietxe elkarteko kidea da, eta uste du baliabide gehiago jarri behar direla. Haren elkarteak eta etxerik gabeko pertsonen alde lanean diharduten beste 21 eragilek osatu zuten Beste Bi plataforma duela hamabost urte, ordura arte ikusezinak ziren etxegabeak ikusarazteko eta haiei laguntzeko. “Bazterketa sozial larria bizi dute; oso egoera berezia da, oso bitxia. Jendea ezer gabe bizi da, eta horra heltzeko pasatu dituzten krisiek arrasto sakonak uzten dituzte eurengan”, esan du Agirrek.

Egoera korapilatsuak izaten dituztela gaineratu du. “Hori gertatzen zaie bizitzako arlo guztietan: ekonomikoan zein sozialean; harremanak apurtzen dituzte, familiarekin ere urruntasuna egoten da sarri, eta gizartean parte hartzeko moduak ere hautsita egoten dira”. Beraz, “oso zaurgarriak” dira. “Nahiz eta etxe bat edo baliabide batzuk lortu, erraztasuna dute beren bizitza minutu gutxi batzuetan pikutara bidaltzeko; beren ingurua halakoa delako”. Hala, kaletik aterata ere, beharrezkotzat jo dituzte prozesuan laguntzeko baliabideak.

Egoeron aurrean, duela hamabost urte bazterkeriaren aurka borrokatzeko pertsona eta gizarte eragile batzuk elkartzen hasi ziren Beste Bi plataforman, uste zutelako posible zela bestelako Bilbo eta Bizkaia bat sortzea. Jabetu ziren etxegabeak hiltzen zirenean, edo eraso egiten zietenean ere, heriotzok edo erasook oharkabean pasatzen zirela gizartean. Eta etxegabeak eta haien egoera ikusarazteko lanean hasi ziren. Baita XXI. mendean pertsonak kalean hiltzen jarraitzea “astakeria” dela erakusteko ere. Heriotzak ez dira eten, ordea. Asteon beste etxegabe bi hil dira Bilbon; bata, Zabalgarbi hondakinen tratamendurako plantan aurkitu dute; bestea, Casilda Iturrizar parkean. Plataformak datorren eguaztenean egingo die omenaldia, 11:30ean, Bilboko Areatzako estalpeetan.

Urteurrenaren harira, gaur egungo egoeraren erradiografia egin du taldeak. Baina “datu zehatzik jasotzea ezinezkoa” dela dio Agirrek. Hori ere bada haien ikusezintasunaren seinale. Gainera, azaldu du udalerri batzuetan bi urtean behin egin ohi diren zenbaketek erakusten dituzten kopuruak ere zorrotz aztertu behar direla. Etxegabeen ohiko azken zenbaketa 2018an egin zuten, eta kale gorrian 267 lagun aurkitu zituzten Bizkaian. Hala ere, aterpetxeetan eta eskaintzen diren bestelako baliabideetan zeudenak zenbatuta, 1.362ra arte hazi zen kopurua.

2020ko maiatzaren 4tik 10era ere jo zuten etxegabeen erradiografia egitera. Dena den, konfinamendu garaia izanik, kale gorrian egoten direnetako asko “pandemiarako egokitu ziren egoitza anitzetako batera bideratu zituzten”. Etxerik ez zuten 1.468 pertsona antzeman zituzten 2020ko hartan Bizkaian.

Pandemiako ahalegina

Agirrek azaldu du pandemian “ahalegin berezia” egin dela kalean inor ez egoteko. “Ahalegin hori bereziki Bilbon egin da, eta horrek eragin du Bilboko zenbakiek gora egitea”. Gorakada horren arrazoiei buruz galdetuta, erantzun du “baliabide gehiago” jarri dituztela martxan hiriburuan. “Horrek eragin du jende gehiago etortzea”. Horrez gain, kalean zenbat jende zegoen sakonago ikertzean, pertsona gehiago aurkitu dituztela ere argitu du.

Kalean bizi den jendea asko mugitzen dela ekarri du gogora: “Sarri, errolda da haien arazo nagusia. Ez daukate non bizi, ez daukate erroldarik. Beraz, berdin zaie leku batean edo bestean bizi. Herritartasuna galtzen dute, erroldarik ez dutelako”. Egoera horren ondorioz, etxegabeak baliabideak eskaintzen dituzten leku eta herrietara mugitzen dira. Horregatik, Beste Bik, Bilboko Udalaren antzera, eskaera zuzena egin izan du sarri, “baliabideak lurralde guztian banatzeko”.

Hamabost urteotako ibilbidean martxan jarritako baliabiderik lagungarriena diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) finkatu izana da, Agirreren ustez. “Oso garrantzitsua da gure inguruan bazterketa saihesteko”. Hala ere, kexatu egin da laguntza horiek “oso mugatuak” direlako. “Laguntza horiek jasotzeko hiru urteko errolda izan behar duzu. Kalean dagoen jendearentzat hori da arazo nagusia. Epe hori betetzea zaila da; atzerritarra bazara batez ere”.

Gogora ekarri du DSBE horri esker lortzen dutela herritarrek “diru sarrera propioa izatea eta etxebizitza bat edo, gutxienez, gela bat alokatzeko erraztasunak. Horrekin lortzen duzu pertsonak egonkortzea eta arazo larrienak, gutxienez, saihestea”.

Horren harira, kaletik ateratzeko baliabiderik garrantzitsuena “etxebizitza” dela azpimarratu du Beste Bi plataformako kideak. “Hori baino lehen erroldatzeko erraztasunak, noski”. Dena den, bestelako babesa ere behar dutela ekarri du gogora: “Kalean bizi den jendearen arazoa ez da bakarrik pobrezia, ez da bakarrik arazo ekonomiko bat. Beste zama batzuk ere izan ohi dituzte; esate baterako, buruko gaitzak, adikzioak edo bestelako arazoren bat. Eta horiei aurre egin behar zaie”.

Bi baliabide mota

Beraz, bi baliabide mota planteatu ditu: “Batetik, kale gorrian daudenentzako baliabide zuzenak: ohe bat aterpetxe batean edota jantokiak, besteak beste. Bestetik, pertsona horrek aurrera pauso bat eman nahi duenean dagoen egoeratik ateratzeko laguntza behar du. Prozesuaren une horretan garrantzitsuenak ez dira baliabide fisikoak, baizik eta laguntza, denbora eta pazientzia eskainiko dien norbait. Baita eurekin prozesu bat abiatzea ere”.

Eskaera horri lotuta, osasun mentaleko arazoak artatzeko baliabide gehiago aldarrikatu ditu plataformak. “Psikiatra batzuk joaten dira aterpetxeetara. Zerbitzu hori badago Bizkaian, baina oso zerbitzu txikia da”.

Beste Bi plataformako kideak azpimarratu du etxegabeek aterpetxe bat baino zerbait gehiago behar dutela bizimodua garatzeko, eta sabai batek ez duela bermatzen etxe bat izatea. “Etxe bat da seguru sentituko zaren leku bat; leku fisiko batekin eta inguruan dagoen jendearekin lotura sorrarazten dizuna. Etxe bat aterpe bat baino gehiago da”.

Lan horretan guztian, erakunde publikoei “koordinazio” gehiago eskatu die, “Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek sarri euren artean ez baitute adosten zer egin, nola egin, nora joan edota nork daukan erantzukizuna”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.