Ez prezioen gorakadak puztutako kostuak estaltzeko, ez luzera begirako inbertsioak egiteko. Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideei emandako diru laguntzek ez diete ematen ez baterako, ez besterako, Hekimen elkarteak ohartarazi duenez. Igor Astibia (Leitza, Nafarroa, 1975) elkarteko koordinatzaileak nabarmendu duenez, euskarazko komunikabideen sistema egonkortzea eta gaurkotzea bada helburu, baliabideak handitu behar dira: «Dagoena dagoenetan mantentzearekin ez dugu ezer egiten».
Ikusi gehiago:Hekimenek Jaurlaritzari eskatu dio euskarazko komunikabideei «nabarmen» handitzeko baliabideak
COVID-19ari aurre egiteko laguntzak banatu ditu Jaurlaritzak bigarrenez, baina euskarazko hainbat hedabide hortik kanpo geratu dira. Zein irizpide erabiltzen du Jaurlaritzak laguntza horiek emateko?
Iaz inolako deialdirik argitaratu gabe banatu zituzten, eta paperekoei eta irratiei bakarrik eman zizkien. Aurten, papera, irratiak, telebista eta digitala kontuan hartu dituzte, baina hein batean soilik, zeren ez baitituzte digital guztiak kontuan hartu, eta deialdi bidez egin dute; hor egon da aldaketa handiena. Irizpide batzuk jarri dituzte laguntza horiek banatzeko. Kontua da berriro ere hainbat kanpoan utzi dituztela: ustez egunerokotasuna jasotzen ez duten hedabideak, espezializatuak eta tokiko batzuk.
2022-2024 aldirako adostutako laguntzak ere kritikatu dituzue. Euskarazko hedabideei egonkortasuna emateko asko falta dela diozue. Zergatik?
Hainbat urtetako negoziazio prozesu baten ondoren, 2019an, deialdi eredu berri bat atera zen, eta sekulako pausoa eman zen: diru poltsa modu esanguratsuan handitu zuten, eta baldintzak ere goitik behera aldatu ziren. Kontuan hartu ziren gaur egun hedabide bat argitaratzeko kostu estandarrak. Arazoa da 2019an egindako kostu estandarren ikerketa hori zaharkitua geratu dela. Azken urteetan sekulako garestitzea egon da: argindarrean, paperean, erregaietan... 2019an, laguntza ez zen iritsi %35eko estaldurara, eta orain urrunago gaude. Azken hiru urteotan negoziatzen ibili gara, 2019ko deialdi hori hobetu nahian, eta %5eko handitzea lortu dugu. Baina hori ere motz geratu da.
Diru funtsa finkoa izateak kalte egin die hedabide batzuei?
Hiru urte hauetan egin ditugun eskarietako bat da berriro poltsa era esanguratsuan handitu behar dela, edo, gutxienez, kontuan hartu behar dituela hedabide bakoitzak aurkezten dituen ekoizpen handitzeak edo deialdira aurkezten diren egitasmo berriak. Izan ere, hedabide batzuek beraien ekoizpena bikoiztu edo hirukoiztu dute, hedabide berri batzuk aurkeztu dira, baina, diru poltsa berbera denez, gehiagoren artean banatu behar da. Orduan, bi aldiz murrizten da, zenbaiten kasuan. Bere garaian aurreikusi genituen horrelako paradoxak, eta gertatu dira.
Zer dakar horrek?
Berri ona behar lukeena, euskarazko hedabide berri bat sortzea edo deialdira aurkeztea, arazotzat jotzen da. Gainera, administrazioak erabiltzen dituen diru kopuruak ikusita, ez litzateke diru asko behar salto bat egiteko, egoera aldatzeko, kostu estandarren estaldura bermatzeko eta proiektu berriei dagokien babesa emateko.
Zertan aldatu behar litzateke diru laguntzen sistema?
Poltsa mugatua denez, euskarazko hedabideak elkarrekin lehian jartzen gaituzte. Iritsi beharko litzateke egun bat zeinetan paradigma hori gaindituko dugun. Bakoitzak jaso behar luke berea, ondokoari begira egon gabe.
Irismenak utzi zion irizpide nagusi izateari, baina arazoak ez dira amaitu.
Aurreko sistema horrek kalte egiten zion irismen mugatua zuenari, eta alderantziz beharko luke. Hori gainditzea lortu zen. Gaurko sistemak batez ere ekoizpena hartzen du kontuan.
Hala ere, berriz itzuli da irizpide bera laguntza berrietan.
Bai. COVID laguntzetan, atzera ere irismenean jarri dute arreta, eta erdal hedabideen unibertso potentziala euskarazkoenarekin parekatu dute. Ezin da konparatu, ordea. Kalkulatuko balute gure irismena gure audientzia potentzialaren arabera, sekulako ehunekoak edukiko genituzke; are gehiago, eskualde batzuetan tokiko hedabide batzuek Vocento taldekoek baino irismen handiagoa izango lukete. Baina ez dute horrela egiten: CIESen datuekin egiten dute, eta, nolabait, erdal hedabideen audientzia potentziala kontuan hartuz.
Hurrengo deialdietara begira, zertan egingo du indar Hekimenek?
2019an aurrerapauso handi bat egon zen, baina ikusten dugu 2025ean beste pauso bat eman beharko dela [2024an iraungiko da egungo deialdia]. Eta, tartean, 2022-2024 deialdi hau hobetzeko aukerak ere ikusten ditugu. Saiatuko gara datorren urtean ere berriro aurrekontuetan-eta eragiten, esandakoa bete dadin. 2019an akordio bat lortu genuen, eta akordio hori bete gabe dago oraindik. Orduan, guk jarraituko dugu akordio hori bete dadin lanean, eta azken helburua berma dadin: euskarazko hedabideen egonkortasuna bermatzea.
Begirada harago jartzeko ere eskatu duzue, eta kontuan hartzeko komunikazioaren mundua aldatzen ari dela.
Kontziente gara komunikazioaren mundua eraldaketa prozesu sakon batean murgilduta dagoela. Mundu mailako joera bat da, eta guri ere eragiten digu. Ez da nahikoa gaur egungo komunikabideen egonkortasuna bermatzea; guk behar duguna da bultzada bat berritzeko, hobetzeko eta hartzaile gehiagorengana iristeko. Horregatik, gure aldarria da euskarazko komunikabideak egonkortzeko baliabide gehiago behar dela, baina baliabide gehiago behar da berrikuntza prozesuak eta proiektu berriak garatzeko ere.
Funts gehiago sortzea eskatzen du horrek?
Egungo deialdia hobetu behar dugu, baina deialdi berri eta esanguratsuak behar ditugu, hedabideak modernizatzeko eta besteekin berdintasunean lehiatu ahal izateko. Bestela, atzean geratuko gara. Gure hartzaileei ahalik eta egitasmo eta produktu erakargarrienak eskaini behar dizkiegu. Autogintzak edo industriak beren birmoldaketa prozesuan laguntza publikoa jasotzen duten moduan, komunikazioaren munduak ere jaso behar du. Eta, bereziki, euskarazko komunikazioaren munduak, baldin eta hemendik hamarkada batera euskarazko komunikabide sistema sendo bat eduki nahi badugu. Uste dut Jaurlaritzak dagokion garrantzia eman behar liokeela horri.
Igor Astibia. Hekimeneko koordinatzailea
«Baliabide gehiago behar dira berrikuntza prozesuak eta proiektu berriak garatzeko»
Diru laguntzak nabarmen handitu ezean euskarazko hedabideak elkarrekin lehian aritzera behartzen dituztela ohartarazi du Astibiak. Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio sektorea egonkortzea dela helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu