Osakidetza

Baliabide faltari aurre hartu ez izana kritikatu dute osasun langileen ordezkariek

Sagarduiri «irtenbideak» eskatu dizkio sendagileen sindikatuak. Erizainak beste lan batzuk egiteko prest daude, betiere baliabidez hornituta

Bilboko Indautxu auzoko osasun etxea, artxiboko irudian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Harrabotsa sortu dute Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak mediku eskasiaz eta haren ondorioz esandakoek. Osasun langileen ordezkariek sailburuaren aurka egin dute: nabarmendu dute lehen arretako langile falta ez dela azkenaldian sortutako arazoa, eta hari aurre hartzen ez asmatu izana deitoratu dute.

Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseilua da kritikak mahai gainean jarri dituenetako bat. Haien hitzetan, urteak daramatzate lehen arretako familia medikuen eta pediatren faltaz ohartarazten. Eta uste dute arazo hori ez dela irakaskuntza planifikazioaren ondorio, «egoera baten aurrean osasun arduradunen aurreikuspen falta luze eta sistematikoarena» baizik.

Kritiko SME Euskadiko Sendagileen Sindikatua ere. «Haserrea» adierazi du ohar batean, Osasun Sailak «medikuen aurkako kanpaina» bat abiatu duela iritzita: «Prestigioa kendu nahi diete sendagile eta profesionalei». Gotzone Sagardui sailburuak iragarritako zerbitzuen berrantolaketa ere kritikatu du sindikatuak oharrean, «inora ez garamatzan neurri aringarrien sorta bat» delakoan. Horren ordez, Sagarduiri eskatu diote «irtenbideak bila ditzala, Oinarrizko Arreta eta kalitatezko Osasun Sistema publikoa bermatze aldera».

Erizainak, ikasita

Sendagile falta zuzenean sumatzen dute erizainek ere. Pilar Lekuonak, Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko presidenteak, esan du «sorpresa ikaragarria» izan dela Sagarduiren iragarpena; izan ere, haren hitzetan, hamabost bat urte badira arazoaz jabetu zirela: «Nahiz eta abisatu, inork ez du ezer egin». Sailburuak, besteak beste, jakinarazi du erizainen esku egongo direla orain arte medikuen ardura ziren egiteko batzuk. Lekuona arazoari aurre egiteko laguntzeko prest agertu da, baina dituzten gabeziak kontuan hartzeko eskatu du: «Guri esaten badigute zein den estrategia, formatuta gaude erabat, baina baliabiderik gabe eta marko juridikorik gabe, ezin dugu aurrera egin: jakin beharko dugu zer eskatzen zaigun, zer egin behar dugun eta noraino, ze ez gara medikuak».

Lekuonaren ildo bertsuan mintzatu da SATSE erizaintzako sindikatua. «Premiazko neurriak» galdegin dizkio Osasun Sailari, azken urtebetean «unean uneko arazoa» zirudiena «ohiko» bihurtu dela iritzita: «Sindikatuak urteak daramatza ohartarazten ez dagoela profesionalik lehen mailako arretan». Hori dela eta, sektoreari «prestigioa» eman eta «higadura gelditzeko» xedez, «erizainen kopurua handitzea eta horiei ardura handiagoa ematea» proposatu dute, «betiere segurtasun juridikoa eta behar bezalako aitorpena bermatuz».

Efekeze Euskadiko familiako eta komunitateko erizaintzaren zientzia elkartearen izenean, Gloria Santosek azaldu du denboradela lehen arretan medikuak falta direla, baina orain «krisia» larritu egin dela. «Ikusten ari gara lehen arretara etorri nahi ez izatearen ondorioak». Konponbidea planteatzeko garaia dela irizten dio. Hori horrela, nabarmendu du erizainek «rol garrantzitsua» izan dezaketela.

Sindikatu jeneralistek ere erantzun diete sailburuaren hitzei. ELAk Osakidetza «eraistearen alde» apustu egin izana egotzi dio, eta iragarri du gaur sindikatuek eta eragileek bilera bat egingo dutela, auzia aztertze aldera; LABek, berriz, eskatu dio «lehen arreta eraisteko estrategia» bertan behera uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.