Osasuna

Baliabide eskas buruko nahasmenduen ugaritzeari aurre egiteko

‘Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka’ izenburupean, solasaldi bat antolatu du Agifes elkarteak. Kasuek gora egin dutela adierazi dute, baina ez dagoela baliabide nahikorik horiek artatzeko.

Nekane Azuabarrena, Mikel Sarmiento, Eider Zuaitz Iztueta eta Jaione Mujika Agifesek Donostian egindako solasaldian. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 18a
11:24
Entzun

«Benetan uste dugu buruko gaixotasun larri bat hilean behin terapia eginez sendatuko dugula?», galdetu zuen atzo Jaione Mujikak, Agifes Buru Osasuneko Arazoren bat Dutenen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak Donostian antolatutako solasaldi batean. Depresioa du diagnostikatua, eta haren alabak, berriz, elikadura nahasmendu bat. Bere bizitzako momentu jakin batzuetan elkarteak «bizia salbatu» diola aitortu zuen, baita alabari ere. Alabaren gaixotasunaren eta errealitatearen berri eman zuen Mujikak, Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka izenburupean egindako mintzaldian.

Mikel Sarmientok, berriz, bizipen propioak izan zituen hizpide, eta ondoan izan zituen Nekane Azuabarrena psikologoa eta Eider Zuaitz Iztueta psikiatra. Horiez gain, bertan izan ziren Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Txaro Rodrigo Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zuzendari nagusia, eta Mariaje Idoeta Donostiako Udaleko zinegotzia.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoeraren argazkia egin zuten lehenbiziko: 15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetatik batek antsietate edo depresio sintomak ditu. Gainera, 2015 eta 2020 bitarte, 29 urte baino gutxiago zituzten 76 pertsonak egin zuten beren buruaz bertze.

Egoera hori ikusita, modu batera edo bertzera, lau hizlariek argi utzi zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskasak direla buru osasunaren arlora bideratutako baliabideak. Iztuetak, erraterako, Andoaingo (Gipuzkoa) osasun etxean egiten du lan, psikiatrian. Kontsultan ikusitakoa kontuan hartuta, adierazi zuen gero eta nerabe gehiagok dituztela buruko nahasmenduak, eta ez dutela baliabide material eta pertsonal nahikorik haiek artatzeko: «Eskari handia dago, baina denbora gutxi». Izan ere, hilabetean behin terapia saio bat izatea ez da nahikoa, haren erranetan; nerabeek «zerbait gehiago behar dute, beste baliabide mota batzuk».

Sarmientok berak baieztatu zuen bertatik bertara bizi zuela baliabide eskasia hori: «Norberaren neurrira egindako informazioa falta da; beharrezkoa da bakoitzaren beharretara eta testuingurura egokitzea». Izan ere, aitortu zuen Agifesek anitz lagundu diola, eta egun tutoretzapeko etxe batean dagoela, baina, hala ere, «entzute aktibo» baten falta sumatu zuela. «Buruko gaitzei aurre egiteko lanketa norberarena da, baina kanpoko laguntza beharrezkoa da, bestela pentsamendu intrusiboek pozoitu egiten baitzaituzte», borobildu zuen.

Mujika ere iritzi berekoa da, buru osasuneko arloan «langile kualifikatu» gehiago behar direla azpimarratu baitzuen. Adibide bat jarri zuen: alaba larrialdietara eraman zuten senarrak eta biek, eta, bi psikiatrekin solastatu eta gero, gaztea etxera igorriko zutela erran zieten gurasoei —alabak berak ospitalean gelditu nahi ez zuela argudiatuta—. Mujikari eta haren senarrari, baina, ez zitzaien gustatu erabaki hura, eta alaba ospitaleratu zezaten jarrera «biolentoa» hartu behar izan zutela aitortu zuen. Handik bi egunera, bertze psikiatra batek artatu zuen gaztea, eta haren egoera «oso larria» zela erran zien: gutxienez hiru hilabetez egon beharko zuen ospitaleratuta akutuen unitatean.

Unitate espezializaturik gabe

Egun, gazteak sei hilabete daramatza Bartzelonako ospitale espezializatu batean. «Espainian autonomia erkidego bakarra dago elikadura nahasmendurako unitate bat ez duena, eta hori gurea da; baliabide gehiago behar dira», adierazi zuen. Bartzelonara lekualdatu behar izateak «familia puskatzen» duela aitortu zuen, eta osasun sistema publikoan jarri zuen arreta: «Ez dut ulertzen Osakidetza hain ona bada bertan unitate bereizirik ez egotea».

Falta diren baliabideak ez ezik, jada existitzen diren horien gabeziak ere kritikatu zituen Mujikak. Izan ere, Donostiako erietxe publikoan ospitaleratuta egon zen, eta bertan zituzten baldintzak «penagarriak» zirela erran zuen: «Arratoiak zeuden patioan, pazienteen gelak oso txikiak ziren, eta partekatu egin behar genituen; neguan ez genuen guztientzako ile lehorgailurik. Zaila da gizarteko estigmak desagerraraztea, han barruan estigmatizatuta gaude eta».

Gainera, gogoratu zuenez, pazienteek 24 orduz zainduta egoteari uzten diote bertatik ateratzean, eta bakarrik geratzen dira: «Kalera ateratzen dira, baina kalea oso handia da». Hala, pertsona horiek beren kasa bakarrik ez uzteko eguneko ospitaleak behar direla erran zuen. Iztuetak ere baliabide horren beharra azpimarratu zuen: «Gipuzkoan ez dago eguneko ospitalerik, eta anbulatorioak iristen ez garenean egitura bat behar da gaixoek bertara jo dezaten».

Hezkuntza

Sisteman dauden zuloak ikusita, Azuabarrenak erran zuen profesionalen arteko sare lanik ez egotea dela arazoa: «Ez gara programa integral bat ematen ari, eta hor dago arazoa». Eguneko ospitalearen beharra azpimarratzeaz gain, hezkuntza arloko profesionalei nahiz gurasoei erremintak eman behar zaizkiela adierazi zuen, denen artean sare bat osatuz gero arazoari errazago eginen zaiolako aurre.

Irakasleei dagokienez, «oso galduta» daudela erran zuen. Izan ere, Azuabarrena ikastetxeetan ibiltzen da, buruko gaitzei buruzko prebentzio saioak egiten. «Bisitatzen dudan gela bakoitzean alarma batek jotzen du», aitortu zuen. Adierazi zuen irakasleak ez daudela prest egoera horiei aurre egiteko, «ardura handiegia» dutela.

Gurasoek ere galdera anitz dituztela erantsi zuten mintzaldian, eta bi profesionalek argi zuten zaila dela «aliantza bat sortzea» seme-alaba nerabeekin. Hala ere, hitz egitea funtsezkoa dela gogoratu zuen Azuabarrenak: «Gure seme-alabekin hitz egin behar dugu; agian ez digute kontatuko zer gertatzen zaien, baina entzun egiten dute. Jakin behar dute alboan norbait dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.