Baldintzarik ez Aberri Egun bateraturako

Independentistak Sareak aurten ez du inolako ekitaldirik antolatuko, bere ahaleginak ez duelako «behar adinako erantzunik» izan

Independentistak Sareak iazko apirilaren 1ean Iruñean antolatutako Aberri Eguneko mobilizazioa. VILLAR LOPEZ / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Aurtengo Aberri Eguna «bateratua» izateko ahalegina egin du Independentistak Sareak, baina, azaldu duenez, indar politiko abertzaleen lehentasun elektoralekin topo egin du, eta ez du lortu emaitzarik. «Inertziaz» ez jarraitzea erabaki, eta aurten ez du Aberri Egunik antolatuko, ezta orduan bestelako ekinbiderik ere, Bilbon prentsaurreko batean Maite Aristegi eta Txutxi Ariznabarreta bozeramaileek jakinarazi dutenez. 2010eko otsailaren 27an sortu zuten Independentistak Sarea, eta, geroztik, bederatzi Aberri Egun antolatu ditu, segidan. Espero du 2019koa «parentesi bat» izatea eta datorren urtean egitea berriro; eta bateratua, gainera.

Aberri Eguna apirilaren 21ean izango da aurten. Handik ia hiru astera hasiko da Hego Euskal Herriko udal eta foru hauteskundeen kanpaina —bozak, maiatzaren 26an—, eta sareak uste du ez dela garairik aproposena izango berak ezer deitzeko. Iazko urriaren 14an egin zuen Aberri Eguneko proposamena, Euskal Herriko erdigune geografikora mendi martxa bat egitean. Irañetako (Nafarroa) bordako ekitaldian, Euskal Herriaren etorkizuna «erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua» antolatzea proposatu zuen. Esan du ahalegindu dela, baina «kudeaketak ez du izan behar adinako erantzunik» eta, beraz, ez duela ikusi «baldintzarik» ideia aurrera ateratzeko.

«Joko zelai politikoan alderdien logikak» agintzen duela adierazi dute Aristegik eta Ariznabarretak. Gainera, apirilean hauteskundeak ber-bertan izango direla, sareko kideek diote kanpainaurrean «bete-betean sartuta» egongo direla alderdiak. «Hauteskunde garaiaren erdian ez dago gure mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe. Are gehiago, gure planteamendu bateratzailea aurrera begira erre besterik ez litzateke egingo maila handi baten». Independentistak Sareak ez du, beraz, deus deituko aurtengo Aberri Egunerako, «luzamendu antzuetan ibiltzea»delakoan. «Badakigu erabaki honen ondorioa alderdi politiko bakoitzak bere Aberri Eguna antolatzea izango dela. Aberri Eguna alderdien eguna bi-hurtuko dela berriro».

Indar abertzaleei dagokienez, EAJk eta Geroa Baik inoiz ez dute bat egin sarearekin deialdiarekin, eta EAJk Bilbon egin ohi du urteroko ekitaldia —Geroa Baik ez du ezer deitzen—. Aldiz, EH Bilduk eta EH Baik erakutsi izan diote babesa, eta bietako zuzendaritzako kideak joan izan dira manifestaziora.

«Urteotako inertziak apurtu», eta gizartean eta eragile politiko eta sozialen artean «hausnarketa sakona» eragiteko balio behar du Aberri Egunari buruz hartu duten erabakiak, sarekoen esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.