Baldintzapeko askatzeen alde berriro

Ion Parot, Unai Parot, Frederic Haranburu eta Jakes Esnal aske uzteko eskatuko du Bagoaz-ek ekainaren 16an, martxa batean

Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Ion Parot, Unai Parot, Frederic Haranburu eta Jakes Esnal euskal presoak baldintzapean aske uzteko eskatzeko beste mobilizazio bat iragarri du Bagoaz-ek: ekainaren 16an manifestazio bat eginen dute; «segur aski» Baionan, Emili Martin kolektiboko bozeramaileak adierazi duenez. Hil honen 14an Egun bat gehiagorik ez lelopean eginen diren elkarretaratzeen osagarria izan nahi du ekaineko mobilizazioak. «29. urtea beteko dute presondegian. Aski da, ezin dute egun bat gehiago pasatu. Haien askatzea eta baldintzapeko beste askatzeak eskatzeko antolatzen ditugu mobilizazioak».

Apirilekoa sei herritan iraganen da. Jarritako baldintzak errespetatzea eskatu diete antolatzaileek parte hartzaileei. Martinek salatu du orain arte Frantziako Estatuan preso dituzten hiru euskal herritarrek —Ion Parot, Haranburu eta Esnalek— egindako baldintzapeko askatze eskaera guztiak ezeztatuak izateaz gain, horretarako epeak «biziki luzeak» izan direla. Adibidetzat ere jarri du Ibon Fernandez Iradi aske uzteko egindako eskaera: «Hiru urte iraun du prozedurak, helegitea tarteko; hiru urte ezezkoa jasotzeko».

Bagoaz-ek injustiziatzat jo du Paroti, Haranbururi eta Esnali ematen dieten tratua, eta nabarmendu du baldintzapean aske egoteko baldintza guztiak betetzen dituztela hirurek: «Euskal gizarteak ez du ulertzen eta ez ditu onartzen Frantziako Justiziaren diren mekanismoak». Gogoan izan dute Ion Paroti duela hilabete batzuk ezeztatu zioten bosgarren askatze eskaera. «Prokuradoreak argudio faltsuekin helegitea jarri, eta Parisko Dei Auzitegiak arrazoia eman zion».

Norbanakoen eskubideak urratuko ez dituen justizia bat aldarrikatu dute. «Genevako konbenioak dio kondena luzeak dituzten presoek haien etxetik 400 kilometrora egon behar dutela bederen. Beraz, Frantziak legeak ez ditu errespetatzen».

Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek eta Frantziako Justizia Ministerioak lan esparru bat osatu dutenetik, Parisek —otsailean eta martxoan— zazpi euskal preso hurbildu ditu Lannemezango eta Mont-de-Marsango espetxeetara. Bagoaz-ek jakinarazi du euskal ordezkaritzak larunbat honetan balorazio bat plazaratuko duela. «Arreta handiz segituko dugu», adierazi du Martin eledunak.

Sarerentzako dirua, ontzat

EAEko Auzitegi Nagusiak, berriz, ontzat jo du Arabako Foru Aldundiak 2016an Sareri emandako diru laguntza. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak helegitea jarri zuen Sareri 10.772 euroko laguntza emateko erabakiaren kontra, eta Gasteizko epaitegi batek aintzat hartu zuen helegite hori, baina orain Auzitegi Nagusiak atzera bota du, eta ebatzi Sarek ez duela dirua itzuli behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.